Itsasoaren hauskortasuna erretratatzen

Itsasoaren hauskortasuna erretratatzen

Maitasunez eta mimoz begiratzen dio Isabel Muñoz argazkilariak (Bartzelona, 1951) itsas zabalari. Hamar urte daramatza itsasoa bere argazki kameraren bidez harrapatzen eta naturaren suntsiketaz hausnartzen. Irudien, audioen eta bideoen bidez, Ura izeneko erakusketa sortu du. Lana, halere, ez du oraindik amaitutzat eman: «Uraren inguruan eta ondasun preziatu hau errespetatzearen inguruan hitz egiten jarraitu behar dugu. Erlojupeko lasterketa batean sentitzen naiz». Erakusketa Iruñeko Ziudadelako Mistoen Aretoan ikusgai dago, hilaren 24ra bitarte.

Urpean igeri egiten ikasi du Muñozek erakusketa egiteko. Hala ere, argazki saio bat egin nahi duen bakoitzean, ikastaro «txiki» bat egiten du: «Aitortu beharra dut ez naizela aditua ur azpian argazkiak egiten, baina uretatik kanpo ikasitakoa urpean erabiltzen dut. Garrantzitsuena da transmititu nahiko zenukeena kontatzera iristea». Angeluhandi batekin gerturatzen da naturara, eta «behar-beharrezkoa» du fotografiatzen duenaren «ondo-ondoan» egotea. 

Zenbait itsasotan murgildu da. Dantzariekin egindako lan batekin abiatu zuen bere proiektua. Hori dela eta, asko gogoetatzen hasi zen uretara heltzen diren plastikoen inguruan. Salatu du denetarik aurkitu daitekeela: «Ematen du anemonak agertzen direla irudi batzuetan, baina gerturatzen zarenean plastikoak direla ohartzen zara. Plastikoak arrainentzako tranpa bihurtzen dira, ezin dituzte eta paisaiatik bereizi». Zenbat eta gehiago gerturatu itsasora, orduan eta gehiago pentsatu du zer-nolako itsasoa jasoko duten gazteek, egungo belaunaldien bilobek. «Itsasoak dena eman digu, baina batzuetan ez diogu baliorik ematen musu truk jasotzen dugunari. Naturak ere erakutsi digu, lasai uzten dugunean, edozein esfortzu txiki itzultzen digula», esan du. 

Isabel Muñoz artistaren ‘Ura’ erakusketako lan bat, Iruñeko Ziudadelan. IDOIA ZABALETA / FOKU

 

Japonian lanean

Argazkietako batzuk Japonian egin ditu. Muñozek Ai Futaki ezagutu zuen han; apnea egiten du, eta ozeanoko enbaxadorea da Japoniako Ingurumen Ministerioarentzako. Muñozen argazki askotan agertzen da. Argazkilariak ez du modeloekin lan egiteko ohiturarik, baina kontent dago elkarrekin egiten ari diren lanarekin: «Itsaslamina baten gisakoa da, eta oso harreman berezia dauka arrainekin. Beste arrain bat ematen du. Maitasun hori islatu nahi dut». Ai Futaki ezagutu zuenean, Amaterasu Omikami eguzkiaren jainkosari buruzko ikerketa bat egiten ari zen Muñoz Japonian. «25 urte itxaron behar izan nituen Japonian lan bat egin ahal izateko. Garai hartan emakume izateak gehiago itxaron behar izatea eragin zuen», kontatu du.

Natura da protagonista erakusketan, baina gizakiek ere presentzia handia dute. Horren zergatia azaldu du: «Natura liluragarria da, eta modu askotara kontatu dute: idatziz, margotuz edota kantatuz. Adierazpide horietan guztietan naturak inbaditu egiten nauela sentitzen dut. Horrenbesteko edertasunak distantzia sorrarazten dit. Gizakia erdigunean jarri nahi dut, edonork senti dezan itsasoak maite duela».

Isabel Muñozen ‘Ura’ erakusketako lan bat. ISABEL MUÑOZ

Soinuekin, irudiarekin eta testurekin jolastu du Muñozek, eta oihal batzuetan inprimatutako argazki batzuen bidez algen artean igeri egiteko aukera sortu du. Horrez gain, 50 urte daramatza platinotipiaren inguruan ikertzen. Antzinako argazki prozedura bat da: «Akuarela paperean lan egiteko aukera eskaintzen dit. Grisen eskalagatik, sentsualitateagatik, paperak bezainbeste irauten duelako eta ez daudelako bi kopia berdin».

Argazkilaritzaren bidez, natura eta itsasoaren hauskortasuna erretratatzen eta natura zaintzearen inguruan sentsibilizatzen jarraitu nahi du. Ez du esperantza galtzen: «Uste dut garaiz gabiltzala, behintzat, guk jaso genuen itsasoa datozenei itzultzeko».