Txibitek ukatu egin du Nafarroako osasun sistema «egoera larrian» dagoenik

Txibitek ukatu egin du Nafarroako osasun sistema «egoera larrian» dagoenik

Ez da gauza bera «arazoak» egotea, eta egoera «larria» izatea. Nafarroako osasun sistemaren inguruan emandako hitzaldian, bereizketa hori egin du Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak. Haren arabera, begi bistakoa da badirela «konpondu eta hobetu» beharreko zenbait afera, baina uste du herritarrek behar duten mediku arreta jasotzen dutela «arazo larriei, lehentasunezkoei eta larrialdiei» dagokienean. 

UPNk hala eskatuta, Nafarroako osasun sistemari erreparatu diote gaur goizean Nafarroako Parlamentuan. Hain justu, Txibitek UPNri egotzi dio herritarren osasuna aitzakia gisa erabiltzea beldurra zabaltzeko eta errealitatea desitxuratzeko: «Osasun sistema egoki erantzuten ari da, eta egoki erantzuten jarraituko du, hein handi batean, kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzen duten profesionalei esker». 

Hego Euskal Herriko medikuek lanuzte sorta batera deitu dute asteon, 2026a hasi denetik laugarrenez. Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek exijitzen dute estatutu propio bat izatea, zeinak haien prestakuntza luzea, lana eta ardura aintzat hartuko dituen. Espainiako Osasun Ministerioak eta CCOO, UGT, SATSE eta CSIF sindikatuek urtarril amaieran esparru estatutu berri bat hitzartu zuten arren, osasun zerbitzu publikoetako langile guztien oinarrizko lan baldintzak zehazten dituena, medikuak kexu dira estatutu horren negoziazioan haien ordezkaritza oso apala izan zelako. 

Txibitek nabarmendu duenez, medikuen aldarrikapenak «zilegi» dira, eta «grebarako eskubidea» dute, baita lan baldintza hobeak exijitzeko ere. Osasun arloko profesional horien eskaerak dira, kasurako, 35 orduko lanaldi arruntetik kanpoko lanordu guztiak borondatezkoak izatea; lanordu horiengatik ordainsari egokiak jasotzea; eta aparteko lanordu horiek erretirorako aintzat hartzea. 

Nafarroako Osasun kontseilari Fernando Dominguezek ere hitz egin du goizeko saioan, eta adierazi du gobernuari dagokiola medikuen lanuzteen eta etenaldien ondorioei erantzutea. «Gure ardura da, halaber, manifestazio horietako aldarrikapenei kasu egitea, eta egoera batzuk hobetzeko ahalegina egitea», gehitu du. Horren harira, jakinarazi du azken asteetan zenbait alditan bildu dela Osasunbideko zuzendaritza taldearekin eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko goi kargudunekin; are, esan du Nafarroako Medikuen Sindikatuarekin ere bildu zela iragan astean. Dominguezek hizketaldi horiek guztiak «positiboak» izan direla azpimarratu du, eta ildo horretan jarraitu asmo dutela lanean.

Erronka berriak

Denboran aurrera egin ahala, gizarteko eraldaketek nahitaez eragiten diete hura sostengatzen duten azpiegiturei, hala nola osasun sistemari. Txibite horren jakitun da, eta ohartarazi du osasun sistemak «erronka itzela» duela parean; haren arabera, erronka horri aurre egiteko ezinbestekoa da osasun arloko jardunean «teknologia berritzailea eta kudeaketarako tresna berriak» txertatzea. 

Kontatu duenez, Nafarroako Osasun Departamentua horretarako prestatzen hasia da. «Kudeaketaren auziari dagokionez, aipatzekoa da asteon abian jarritako lehen arretan hitzordua eskatzeko sistema; edo osasunaren foru legearen proiektua, zeina aurrera egiten ari den». Atzotik, sakelako telefonoaren bidez hartu daitezke lehen mailako arretako hitzorduak, eta profesionalen agendak eskuragarri daude webgunean, Osasun Karpetan eta aurrez aurre. Osasunaren lege proiektua, berriz, uztail aurretik parlamentuan aurkeztea espero dute. 

Adostasuna eta kritika

PSNko ordezkariek ez ezik, Nafarroako Parlamentuko gainerako taldeetako ordezkariek ere hitz egin dute goizeko saioan. UPNko buru Javier Esparzak Txibiteri aurpegiratu dio «gezurra» esatea, argudiatuta dena ez dagoela «ondo» eta ez duela Nafarroako osasun sistemaren «egoera larria» aitortu nahi. «Ezin da auzitan jarri Nafarroako osasun sistemaren gainbehera», gehitu du. 

EH Bilduko ordezkari Laura Aznalek, berriz, nabarmendu du Nafarroako osasun sistemaren kalitateak «puntuazio altuarekin» saritzen dutela herritarrek, eta itxaron zerrendak egoera orokorraren «adierazletzat» jo daitezkeen arren, irizpide gehiago hartu behar direla aintzat. Horrez gain, esan du lanari lotutako aldarrikapenak «beti» direla «zilegi», eta beharrezkoak direla «sistema publikoa indartzeko».

Geroa Baiko ordezkari Pablo Azkonak, kontrara, ohartarazi du «eraldaketa sozial sakonak» datozela, eta osasun sistema gizartera egokitu behar dela. «Sistemak aldaketak behar ditu; eta, noski, aldaketek beti izaten dute erresistentzia».