Steilasek uste du UPNren legeak hezkuntza pribatua «bunkerizatuko» duela, publikoaren kaltetan

Steilasek uste du UPNren legeak hezkuntza pribatua «bunkerizatuko» duela, publikoaren kaltetan

Kezka agertu du Steilas sindikatuak, Nafarroako ikasgelen auziak hartu duen norabidearekin. Apaltze demografikoa argudiotzat hartuta, zenbait ikasgela ixteko agindua eman zuen Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok apirilean, eta horrek hautsak harrotu zituen hala hezkuntza komunitatean nola parlamentuko taldeen artean. Erabaki hori aldarazteko lege proposamen bat aurkeztu zuen UPNk, eta iragan ostegunean onartu zuten Nafarroako Parlamentuan, EH Bilduren eta Geroa Bairen abstentzioari esker. Steilas kritiko azaldu zen hasieratik Gimenok proposastutako murrizketekin, baina gogor kritikatu du UPNren legea ere. Sindikatuko arduradunen iritziz, eskola pribatuak blindatzeko araua da, eta are gehiago okertuko du sare publikoaren egoera.

[articles:2158470]

«Ikastetxe pribatuen pribilegioei eutsiko zaie, gelak ez ixteko itunak luzatuko baitira, baina ikastetxe publikoetan ez dago inongo bermerik gelak ez ixteko», laburbildu du gaur Raul Lopez Ekaik, sindikatuak Iruñean egin duen agerraldian. Izan ere, Steilasek salatu du Gimenok berdin-berdin itxiko dituela sare publikoko ikasgelak, UPNren legearekin edo hura gabe, arauak itunpeko ikastetxeei soilik eraginen dielako.

Hezkuntza Departamentuak esana du ez duela sare publikoko unitaterik itxiko, baina adierazpen horiek nahasgarriak direla uste du Lopez Ekaik. «Egiazki, zera esan zuten: itxiko dituzten eta irekiko dituzten ikasgela kopuruak parekoak izanen direla, 0 balantze moduko bat. Ordutik, alderdi politikoek, patronalak, zenbait sindikatuk eta komunikabide gehienek ziurtzat jo dute ez dela gelarik itxiko sare publikoan, baina ez da egia». Zehazki, Steilasen arabera, sare publikoko bederatzi ikasgela itxiko ditu Hezkuntza Departamentuak gutxienez: «Gehienak, eskola txikietakoak eta D eredukoak». Murrizketa horiei bizkarra ematea eta soilik itunpeko ikastetxeen alde egin izana egotzi diete zenbait eragileri: «Sindikatu batzuei klase kontzientzia eta euskaltzaletasuna lausotu zaizkie, ikastetxe ultrakatolikoen eta erdaldunen alde eginiko agerraldietan».

Steilas sinetsita dago UPNren legeak hezkuntza pribatua «bunkerizatuko» duela, baina ez dituela murrizketak eragotziko sare publikoan. Kontrara, uste dute araua onartu izanak «areagotu» egin ditzakeela gabezia horiek. «Murrizketei eutsiz gero, kolokan jarriko dute eskola txikien geroa eta bideragarritasun pedagogikoa. Horrez gain, alde batera utzi dute eskola txiki horiek egindako lan eskerga, jatorri migatzaileko ikasleak euskalduntzen eta gabezia sozioekonomikoei aurre egiten», adierazi du Miren Ustarroz Steilaseko ordezkariak.

Azken egunetan EH Bilduk, Geroa Baik eta beste sindikatu batzuek esanikoen kontra, Steilasko arduradunek uste dute oinarrizko arazoa ez dela Gimeno kontseilaria. «Gimeno ez da gaitza, sintoma baizik», nabarmendu du Ustarrozek: «Egiazko arazoa da PSOEk mendean hartuak dituela indar horiek [alderdi abertzaleez ari da]. Gimeno kargugabetuko balute ere, PSNk bide beretik jarraituko luke. Gainera, azken liskarrean, PSN saiatu da frontismoa hauspotzen, D eredu publikoko eskaintza eta ikastolena kontrajarriz».

Egoerari buelta emate aldera, UPNren erremedioei kasurik ez egiteko eskatu die Steilasek EH Bilduri eta Geroa Bairi, «ultraeskuinaren eskutik ez baita mesederik etorriko eskola publikoarentzat». Horren ordez, «hezkuntza sistema osoa publifikatzea» proposatu dute Lopez Ekaik eta Ustarrozek: «Eta horretarako, ezinbestekoak dira adostasun zabalak, negoziazioak eta inbertsioa handitzea, ez murrizketak».

Gimeno: «Segregazioa areagotuko da»

UPNren legeak izanen duen eraginari buruz solastatu da Carlos Gimeno kontseilaria ere. Parlamentuko osoko bilkuran hitz egin du, Zurekin Nafarroa koalizioko Carlos Guzmanek eginiko galdera bati erantzunez. 

Zehaztasunik ez du eman Hezkuntza Departamentuko buruak, baina ziur da ostegunean onartutako arauak eragina izanen duela hurrengo ikasturteko planifikazioan, eta eragin hori ez dela onerako izanen: «Ikaspostuak berrantolatu beharko dira, eta hezkuntza segregazioa areagotuko da ziurrenik». Legea onartzeko prozesuan, gainera, EH Bilduko hiru zuzenketa gehitu zizkioten UPNren jatorrizko lege proposamenari; horren ondorioz, onartutakoa «Frankenstein lege bat» dela uste du Gimenok: «Ez du hankarik ez bururik. Anabasa izugarria da. Aholkulari juridikoekin ari gara lanean, zehazteko zer mantenduko den eta zer aldatu beharko den datorren urteko planifikazioari dagokionez».

Kontseilariaren esanetan, arau berriak eraginen dituen ondorioetako bat izanen da lanpostuen adjudikazioa atzeratuko dela: «Irakasleek ezinen dute beren ikaspostua ekainean hartu». Legeak itunpeko hezkuntza «blindatu» arren, zalantzak sare publikoan agertu direla onartu du Gimenok.