Aurki, Belateko tunelean zulatutako bi aldeak elkartu egingo dira. Helburu hori lortzeko hondeamakinak jo eta ke aritu dira mendia zulatzen azken hilabeteetan; aldi berean, ikertzaileen hondeamakinak ere ez dira geratu. Nafarroako Parlamentuko taldeak lizitazio eta adjudikazio prozesu horretan sakon aritu dira aztarrika, ustelkeria zantzuen bila. Alferrik, ordea. Parlamentuan izan direnen testigantzak entzun eta bildutako dokumentazio guztia irakurri ostean, talde gehienek ez dute ondorioztatu ez kontratu publikoen legea urratu denik, ez komisiorik ordaindu denik, ez politikoki esku hartu denik prozedura bat manipulatzeko asmoz.
UPNren eta PPren hitz joko dialektikoei erreparatu besterik ez dago. Cristina Ibarrola UPNko presidentearen esanetan, «ezinezkoa da norbaitek esatea ez dela deliturik egon». Fede ekintza bat izanik, ezinezkoa da delituren bat egon dela adieraztea ere, baina hari ez zaio komeni hori esatea. Legealdi osoan osatu duten kontakizuna bertan behera geratuko litzateke bestela. Hori da gakoa. Ikerketa batzordean orain arte bildu den informazio eskerga aintzat harturik, ezin da ondorioztatu delitua egon denik.
Beste kontu bat da ikerketa batzordea heldu ezin den eremuetan, arlo judizialean, audioren bat edo bestelako zantzuren bat agertuko ote den. Hori da eskuinaren itxaropena eta gobernuko kideen (urruneko) beldurra. Dena den, gaur-gaurkoz ikerketa judizialean ere ez da Belateren inguruko ezer agertu. Berriki, fiskaltzak beste sei hilabete eskatu dizkio epaileari abian diren ikerketak amaitzeko, eta argudiatu du litekeena dela beste inputazio batzuk ere izatea. Zenbaitek iradoki dute adierazpen horrek zerikusia izan dezakeela Belateko tunelekin. Agian. Berriro ere fede ekintza.
Bataila politikoa
Guztiaren atzean bataila politikoa dago. UPNren legealdi honetako apustu nagusia izan da berriro ere ustelkeriaren orbanak PSN zipriztindu duela azpimarratzea. Bere proiektu politikoa gizarteratu ordez, gehiengoak lortzeko aliantzak eraikitzen saiatu beharrean, errazagoa da eskandalu politikoaren alde egitea. Orain dela 30 urte oso baliagarria izan zitzaien bidezidor hura Nafarroako Jauregira heltzeko, eta PSNren sostengua ziurtatu zuten ondorengo bi hamarkadetan.
Iraganeko kontuek ez dute zertan berriro gertatu. Nafarroako Gobernuko hiru kideek eta haien bazkide nagusiak, EH Bilduk, estrategia hori desaktibatu dute ikerketa batzordean, baina, zenbaitetan, zer gertatu den baino garrantzitsuagoa da gizarteak hori nola barneratu duen. Azken finean, baliteke adjudikazio prozesu luze eta gorabeheratsuaren xehetasunek baino garrantzi handiagoa izatea sortutako zarata guztiak. Eta epaiketa sozial horren emaitza ez dago garbi: UPNk lortu du gaia agenda politikoan jartzea, baina auziak zenbateraino desmobilizatu ditu PSNren boto emaileak? Irudipen orokorra izan da urtebete honetan Nafarroako auziak indarra galdu duela.
Orduan, zertarako balio du ikerketa batzordeak? Bataila politikoa alde batera utzita, agerian geratu da oso zaila dela Belatekoaren pareko adjudikazio bat manipulatzea, baina ez ezinezkoa. Gaur egun, kontratu publikoen foru legeak debekatu egiten du arduradun politikoek kontratazio mahaietan parte hartzea, eta, halako jokabideren bati bide emateko, beharrezkoa litzateke kontratazio mahaian parte hartu dutenen esku hartzea. Nahiz eta ez den egiaztatu halakorik gertatu denik, Belateko obren adjudikazio prozesuan izandako gorabehera eta arazoek susmoa piztu dute.
Jesus Polo kontratazio mahaiko burua izan zen ikerketa batzordean parte hartu zuen lehena. Beste 42 lagun izan dira batzordean gerora. IÑIGO URIZ / FOKU
Belateko prozesuan, desadostasun handia egon zen kontratazio mahaiko kide juridikoen eta ingeniarien artean. Batetik, ez ziren gai izan tunelaren konplexutasun teknikoa eta prozesuaren berme juridikoak uztartzeko. Bestetik, hasieratik Lorenzo Serena idazkari judizialak zalantzak plazaratu zituen ingeniariek egindako balorazio prozesuaren gainean: iradoki zuen Jesus Polo mahaiko burua azkena izan zela bozkatzen eta azterketa baliogabe geratu zela horren ondorioz, posible baitzen emaitza manipulatu izana.
Ikerketa batzordean Serena ez zen gai izan zalantza zergatik piztu zitzaion azaltzeko. Jesus Polok, berriz, irmo ukatu zuen salaketa hori, eta txartzat jo zuen bere profesionaltasuna auzitan jartzea. Are, bere aurkako eraso bat ikusi zuen hiru kide juridikoek egindako aholku guztien atzean. Egiazki, ikerketa batzordeak ez du guztiz egiaztatu lau ingeniarien emaitza ezagutu ondotik egin ote zuen Polok bere azterketa teknikoa —eta ez hirugarren postuan, hark dioen bezala—. Emaitza manipulatu izanaren susmo horrek korapilatu zuen prozesu guztia.
Horregatik, gardentasuna hobetzeko neurriak hartu behar lirateke. Legeak dio kontratazio mahaiko kideek «elkargo gisa» hartu behar dutela erabakia, baina ez du zehazten horretarako zer prozedura baliatu. Hala, batzuetan, kideak elkartu egiten dira, eta bakoitzaren balorazioaren batezbestekoa ateratzen dute elkarrekin; besteetan, kide jakin bat arduratzen da lan horretaz. Ingeniarietako batek onartu bezala, bakoitzaren «lan kantitatearen arabera» egiten da hori. Etorkizunean arazorik izan ez dadin, bermatu behar litzateke sistema bat izatea balorazio guztiak aldi berean egiteko.
Gardentasuna hobetzeko neurriak hartu behar lirateke. Legeak dio kontratazio mahaiko kideek «elkargo gisa» hartu behar dutela erabakia, baina ez du zehazten horretarako zer prozedura baliatu. Etorkizunean arazorik izan ez dadin, bermatu behar litzateke sistema bat izatea balorazio guztiak aldi berean egiteko
Beste kontu garrantzitsua enpresa elkarteen osaera da. Ikerketa batzordetik igaro ziren kontratazio mahaiko kide guztiek onartu zuten garrantzi txikia eman ziotela Acciona, Oses eta Servinabar enpresen elkartearen osaerari. Ez zuten aintzat hartu tunelen lanetan esperientziarik izan gabe nolatan izan zezakeen Servinabar bezalako enpresa txiki batek elkarte horren %15eko partaidetza. Oses enpresak onartu du Servinabar «Accionaren eskutik» sartu zela elkartean. Adjudikazio prozesuan ez zuten justifikatu behar izan zergatik eman zioten %15, legeak ez baitu gauza handirik esaten horri buruz.
Legelariek gai horri erreparatu beharko liokete. Izan ere, horrelako enpresak ustelkeriarako tresna izan daitezke. Horixe da auzi judizialaren muina: Santos Cerdan PSOEko buruzagi ohiari leporatzen zaio Servinabarren jabe dela eta hartaz baliatu dela Acciona, komisioen truke kontratu publikoak lortzeko Espainian. Nafarroan ez da egiaztatu halakorik izan denik, baina horretarako aukera orori bidea moztu beharko litzaioke etorkizunean. Gardentasuna bermatuta egon dadin, eta delituak izan direlako susmoa fede ekintza bat izan ez dadin.
