Aldarrikapena zena erronka bihurtu du Azterketak Euskaraz mugimenduak. Brebeta eta baxoa azterketak euskaraz pasatu ahal izatea, hori dute xedetzat: «Lehen egunetik ohartu ginen hezkuntza sistema hori ez zela gure alde eta ez zela sekula gure alde izanen, borrokatzen ez baginen». Eta borrokatzea erabaki dute, desobedientziaren bidetik: aurtengo baxoan, matematikako probako erantzunak euskaraz idatzi dituzte Baionako Bernat Etxepare lizeoko zenbait ikaslek. Aldarri horixe eraman dute gaur Euskaltzaleen Martxaren lehen zutabeko pregoira ere.
Arga ibaiaren ertzean dagoen Runako parketik abiatu da euskararen ofizialtasunari eskainitako zutabea. Han irakurri dute pregoia Azterketak Euskaraz taldeko ordezkariek. Gogorarazi dute aldarria ez dela berria, eta berrogei urte daramatzatela azterketa guztiak euskaraz pasatzearen alde borrokan, hala kolegio bukaeran egin beharreko brebeta nola lizeoko ikasleek unibertsitatera sartzeko gainditu behar duten baxoa azterketa.
Baxoa euskaraz egitea aldarrikatzeko pankarta bat, Udaletxe plazan. IÑIGO URIZ / FOKU
«Berrogei urteko lana da bi azterketa sinple euskarara itzultzea? Hain konplikatua da hezkuntzaren funtzionamenduan eragin izpirik ez duen aldaketa horren burutzea? Oraino zenbat denboraz utziko ote gaitu gatazka honetan Frantses Estatuak?», galdetu dute martxa abiatu aurretik. Nabarmendu dute azterketak euskaraz egitea ez dela «haur baten kapritxoa», ikasleek duten «oinarrizko eskubide bat» baizik: «Etsamina horien helburua ez al da eskolan ikasi dugun guztiaren barneratzea?».
Azterketak Euskaraz taldekoek uste dute hezkuntzaren ardatzetako bat «ikasleen espiritu kritikoa garatzea» dela, eta gaineratu dute, hain zuzen, horixe ari direla praktikan jartzen: «Zein da istorioaren morala, injustiziak atzeman eta ez baditugu konpontzen ahal?». Baxoan matematikako proba euskaraz eginda, erronka «bururaino» eraman dute.
Hain zuzen, matematikak hizpide hartuta, gogorarazi dute «euskarazko zazpi zenbakia ez dela frantsesezkoaren berdina», eta «eskubideak errespetatuak izateko probabilitatea» ere desberdina dela hizkuntzaren arabera. «Baina hori alda daiteke», esan dute, eta Euskaltzaleen Martxa jo dute horren adibidetzat.
Euskaltzaleon Martxaren hasiera, Runako parkean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ofizialtasunaren aldeko borrokari eusteko asmoa agertu dute Azterketak Euskaraz mugimenduak: «Hizkuntza baten alde, herri baten alde, 3+4 batuketak 1 emaitza ukan arte. Euskara da bide bakarra!» oihukatuz bukatu dute hitzaldia, eta suziriaren metxa piztu dute segituan.
Sanferminetako giroa
Patxi Huarte Zaldieroa marrazkilariak diseinatutako pankartak ere ofizialtasunari egiten zion erreferentzia. Zoruan marraztutako marra baten gainetik elkarri bostekoa ematen dioten bi pertsonaia ageri ziren, eta «Euskarari mugarik ez!» irakur zitekeen oihalean. Pankarta zabalduta, festa doinuek blaitu dituzte ibaiertzeko bazterrak, txaranga batez lagundurik. Erritmo dantzagarrien artean abiatu da manifestazioa, Gaseko ukuiluetatik gora, entzierroaren ibilbidea eginez.
Izan ere, Runako zutabeak sanferminetako kalejira baten antz handiagoa izan du, ohiko manifestazio batena baino. Peñen gisara eraman dute pankarta dantzan, txarangaren doinu alaien erritmoan, eta kalean pilatutako turistek harrituta begiratzen zieten manifestariei. San Domingo aldapa, Udaletxe plaza eta Mercaderes atzean utzita, Txapitela karrikan gora iritsi dira Gazteluko plazara, «Euskara ofiziala Euskal Herria osoan» eta «Azterketak euskaraz» oihu artean.
