Bakarrik bizi da alargundu zenetik, baina gutxitan egoten da bakarrik: Li txakurra beti du ondoan, eta seme-alabak eta bilobak ere, hurbil. Mari Puy Lukinek (Iruñea, 1948), gainera, pintura du bidelagun. Txikitatik gustuko izan du marraztea eta margotzea; olio pinturak egiten hasi zen, eta orain akuarelak margotzen ditu. Iktus batek jo zuen duela hiru urte, eta, geroztik, ez du gorputzaren eskuineko aldea sentitzen. Bi urtez egon da pintzel bat hartu gabe, baina margotzen hasi da berriz. «Nire lanen estiloa aldatu da», zehaztu du Lukinek. Margotzeko modua egokitu behar izan du, baina lortu du pintzelari eustea. Urmargoz beteak ditu etxeko paretak.
Txikitatik aritu zara marrazten eta margotzen?
Beti gustuko izan dut marraztea eta margotzea. Baina lehen ez nuen denborarik. Gaztetan, Baztan hotelean aritu nintzen lanean, eta handik Iruñera itzuli nintzen, Nafarroako Unibertsitatera. 22 urterekin ezkondu nintzen, eta Elizondora etorri nintzen bizitzera. Lana utzi nuen, eta hiru seme-alaba izan nituen. Beti gustatu zait harat-honat ibiltzea, eta lanera itzultzea erabaki nuen. Baztan hotelean hartu ninduten berriz, eta 30 urte baino gehiago aritu nintzen han zuzendari, 60 urterekin erretiroa hartu arte.
Orduan hasi zinen berriz margotzen?
Erretiroa hartu baino lehen, 51 urterekin, bularreko minbizia izan nuen. Senarrak bultzatuta, margotzeko eskolak hartzen hasi nintzen. Elizondon Tomas Sobrinorekin aritu izan naiz, eta Iruñean, berriz, Txon Pomesekin eta Keiko Hoshinorekin, bertzeak bertze. Keikorekin bost urtez aritu naiz. Astelehenero joaten nintzen Iruñera eskolak hartzera, eta hiru orduz egoten nintzen han.
Margotzeak on egin zizun minbizia izan zenuenean?
Bai, erlaxatzen laguntzen zidalako. Orain ere, 10:00etan margotzen hasi, eta lasai-lasai aritu naiteke 13:00 arte nire pintzelekin. Orain, halere, zailagoa da, iktusaren eraginez.
«Seme-alabek nire margoak eraman zizkidaten ospitalera, ni animatzeko. Baina ezin nituen pinturak hartu»
Duela hiru urte izan zenuen. Gogorra izan da?
Hilabete eta erdi egon nintzen ospitalean. Gorputzaren eskuineko aldeari eragin dio. Mugitu dezaket, baina ez dut alde hori sentitzen. Iktusa izan eta gero, margotzeari utzi nion. Denek erraten zidaten hasi behar nuela berriz, baina nik ezin nuen.
Blokeatua zinen?
Bai, erabat blokeatua. Iktusak erabat aldatu dit egunerokoa. Bi urtez egon naiz pintzel bat hartu gabe. Eta gogorra izan da. Ospitalean nengoenean, medikuek erran zidaten ona izan zitekeela gelan nik maite nuen zerbait edukitzea, eta seme-alabek nire margoak eraman zizkidaten. Paretetan zintzilikatu zituzten, ni animatzeko. Baina ezin nuen. Ezin nituen pinturak hartu. Ez dakit zergatik, baina ezin nuen.
Azkenean, baina, lortu zenuen. Nola?
Lehen lanak Ubarmingo klinikan erakusteko egin nituen, medikuek eskatuta. Hilabete izan ziren nire lanak han zintzilik. Baina berriz utzi nion margotzeari. Senarra ordurako gaixo zegoen, eta hark ere margotzen hasi behar nuela erraten zidan, behin eta berriz. Baina ezin nuen. Gero Keiko etorri zen etxera, eta azkenean hasi nintzen. Lagunek ere anitz lagundu didate, eta azken zortzi hilabeteotan lan eta lan aritu naiz!
Mari Puy Lukin, bere akuarela bat erakusten. IDOIA ZABALETA / FOKU
Lagunekin aritzen zara margotzen?
Lagunak niregana etorri ziren erakusketa bat egin behar genuela erratera. Uste dut niregatik egin zutela, batez ere ni animatzeko. Eta laurok Elizondoko Arizkunenean erakutsi ditugu gure lanak. 25 akuarela egin nituen erakusketarako.
Eskuineko aldea ez duzu sentitzen; horrek nola eragiten dio zure margotzeko moduari?
Neure burua behartu behar dut. Ez da erraza. Ospitalean nengoenean, argiak itzaltzen zituztenean, ohetik altxatu, eta ordubete behar izaten nuen, oinez, ohearen alde batetik bertzera mugitzeko. Baina lortzen nuen. Aulki gurpilduna behar nuen etxera eraman nindutenean, baina ez nuen nahi. Errehabilitazioari esker, orain ez dut behar. Egunero aritzen naiz ordubete zintaren gainean.
«Neure burua behartu behar dut on egiten didan hori egitera: ariketak egin, etxetik atera, margotu…»
Aldatu da zure margotzeko modua?
Bai, erabat. Lehen, nire estiloa anitzez ere errealistagoa zen, eta nire zertzeladak zehatzagoak ziren. Gainera, harat eta honat ibiltzen nintzen, karrikan margotzea maite bainuen. Orain ez dut hori egiten. Orain, irudimena anitzez ere gehiago erabiltzen dut. Pentsatzen dudana margotzen dut. Batzuetan, buruan dudan irudia ez da gero margoen bidez islatzen dudan bera, baina ez du inporta, moldatzen naiz. Lehenbizi zirriborroa egin, eta irudia osatuz joaten naiz. Lagunekin nagoenean, gustura aritzen gara elkarri laguntzen. Gustuko dut hori, elkartzea, hitz egitea, elkarri laguntzea. Niretzat, idaztea ere zaila da anitzetan, baina, halere, koadroak sinatzen ditut.
Inportantea izan da zuretzat berriz margotzen hastea?
Hagitz inportantea. Alarguna naiz, baina senarrari galdetzen diot beti ea gustukoa duen margotzen ari naizena. Harekin hitz egiten dut. Margotzen ari naizenean, ez dut beti nahi dudana egitea lortzen, baina burua trebatzen dut. Zertzelada behar baino lodiagoa ateratzen zaidala? Ez du inporta!
Margotzeak laguntzen dizu bertze arlo batzuetan ere autonomoago izaten?
Bai. Finean, neure burua behartu behar dut on egiten didan hori egitera: ariketak egin, etxetik atera, margotu… Batzuetan zaila da, baina on egiten dit. Laguntza badut, eta familia ere hurbil dago beti, baina nik nire etxean egon nahi dut, nire gauzekin.
