Empar Pineda sariaren VI. aldiko sariak banatu berri ditu EHUk, gradu eta master amaierako lanetan LGTBI ikuspegia barneratzen duten lanak sustatzeko asmoz. Hiru sarietako bat Amaia Elkano del Riok irabazi du (Iruñea, 2002), lan honengatik: Euskarak bollera izateko bestelako modu bat eskaini dit: Nafar hegoaldeko bollera gazte euskaldunen hizkuntza-praktikak, sozializazioak eta sexilioak. Iruñea jaioterri eta urte luzeko bizitoki izan badu ere Miranda Argakoa (Nafarroa) dela nabarmendu du: «Asteburuero, oporraldiero, Iruñetik Miranda Argara joaten ginen, eta nire bizitza han egin dut. Asko zor diot nire herriari». Herria maite duen arren, aitortu du ez dela erraza landa eremuko herri txiki eta erdaldun batean euskalduna izatea eta bollera gisa agertzea.
Nafarroa hegoaldea, euskara eta sexu-genero disidentzia dira zure lanaren ardatzak. Zerk bultzatu zintuen gai horiek aukeratzera?
Ikasketa Feminista eta Generoko Masterra egin nuen EHUn, eta master amaierako lanaren gaia aukeratzeko abiapuntua bizipen pertsonalak izan ziren. Gertakizun batek piztu zuen dena. 2023an, mugimendu feministak Baterajotzea ospatu zuen Usurbilen. Topaketa hartan bollera kontzeptuak subjektu politiko gisa garrantzi handia hartu zuen. Gainera, han ikusi nuen feminismoaren eta euskararen artean bazela harreman sendo bat, eta horrek zer pentsatua eman zidan: Nafarroa hegoaldean euskara bazterrekoa izateak ba al zuen zerikusia feminismoaren teoria horiek guregana ez iristearekin? Intuizio horretatik abiatu nuen azterlana.
Nafarroa hegoaldean gazte bollera euskaldunak aurkitzea erraza izan al zen?
Erronka handia ematen zuen, sinetsarazi digutelako gure eremuan ez dagoela horrelakorik, baina azkenean ikusi nuen uste nuen baino gehiago daudela. Elkarrizketetan berretsi nuen haiek ere behar bat bazutela gaiaz hitz egiteko. Bestalde, atsegina izan zen ohartzea euskalduna izatea pozez ere bizi daitekeela, gure eremuan euskarari buruz hitz egiten denean beti erresistentzia eta sufrimendua azpimarratzen baitira. Gainera, prozesu polita izan zen ikustea bizipen pertsonal batetik abiatuta zerbait kolektibo bilakatzea lortu nuela.
Batxilergoa amaituta, Nafarroa hegoaldea utzi eta Bilbora joan zinen. Zergatik?
Nire gurasoak ez dira euskaldunak, eta nire ingurunea ere ez, eta Iruñeko ikastola batean ikasi nuen euskaraz. Hala ere, batxilergoan, mugimendu feministan murgiltzen hasi nintzenean, gai sozialen inguruko kezka sortu zitzaidan, eta, horrekin batera, euskararekiko atxikimendua. Orduz geroztik, balio feministekiko eta euskararekiko lotura eskutik joan dira nire bizitzan. Beraz, ikastola amaitu nuenean, euskararekin inolako loturarik ez nuela ikusita, Bilbora joatea erabaki nuen unibertsitate ikasketak egitera.
«Atsegina izan zen ohartzea Nafarroa hegoaldean euskalduna izatea pozez ere bizi daitekeela, gure eremuan euskarari buruz hitz egiten denean beti erresistentzia eta sufrimendua azpimarratzen baitira»
Euskara ez galtzeko asmoz joan ziren Bilbora, eta agerikoa da lortu zenuela. Nolako esperientzia izan zen?
Bilbora joan nintzenean, oso garbi neukan euskaraz hitz egin behar nuela, horixe baitzen nire aukera bakarra ez galtzeko. Euskal Herriko txoko askotako euskaldunekin elkartu nintzen, eta euskarak mundu berri batean murgildu ninduen, errealitate transfeminista batean. Horregatik diot beti euskarari esker naizela bollera, eta bollera izateak nire euskalduntasuna berretsi duela. Hartara, nire bizipenean oinarrituta, bollera izatea heteroarauari aurre egiteko modu bat da, eta euskal hiztuna izatea, hizkuntza hegemoniko bati aurre egiteko modua. Biak dira arau hegemonikoei aurre egiteko subjektu eta estrategia politikoak.
Sexilioa, baina, ez zen betiko izan. Zu eta elkarrizketatu zenituenak herrira itzuli zineten. Nola bizi izan duzu bollera eta euskal hiztuna izatea 900 biztanleko landa eremuko herri erdaldun eta tradizional batean?
Toki bakoitzean modu desberdin batean egoten ikasi nuen, eta konturatu nintzen ez zirela bateraezinak, eta saiatu behar nuela nire herria ulertzen eta onartzen. Batzuetan madarikatu egiten dut nire herria, hemen bollera eta euskalduna izatea oso zaila delako, baina ikusi dut ez nagoela bakarrik, eta horrek laguntzen du. Bestalde, sexilioan lortu nuen ahalduntze horrek ausardia ematen zidan bollera gisa agertzeko eta nire herrian nire lekua aldarrikatzeko.
Ba al dago Nafarroako hegoaldean transfeminismoaren aldeko mugimendurik?
Militantzia arloan beste gazte mugimendu batzuek dute hegemonia, eta gu ez gara maila berean ekintzaile gisa aitortuak izan. Baina hasi ginen ohartzen herriko gazte elkartean egiten ari ginena ere garrantzitsua zela. Adibidez, jaiak antolatzen ditugunean, gure herria eta jai eredua transfeministatzen eta euskalduntzen ari gara. Adibidez, gure herrira Maruxak talde queerra ekarri genuen, eta horrek laguntzen du ahalduntzeko espazio transfeministak sortzen, jai giroan, eszenatokiaren gainean, herriko plazetan gorputz disidenteak ikusarazten dituztelako. Igual ez dira Bizkaiko eta Gipuzkoako beste talde batzuetan egiten dituzten tamainako ekintzak, baina, gure eremuan ditugun baliabide gutxiekin, urteetako lan hori aintzat hartzeko modukoa da.
Eta euskararen aldekoa?
Euskararen alde ere denbora luzez borrokatzen aritu dira kolektibo batzuk, dena kontra izanda ere. Eta uste dut, nahiz eta egoera hobetu daitekeen, euskararen eta feminismoaren loraldi bat bizitzen ari garela gure herrietan. Bilbon ere hasi nintzen hori aldarrikatzen: euskaraz hitz egiten dut eta Miranda Argakoa naiz. Nire sentsazioa da lurralde horri buruzko iruditegia apurtzen laguntzen ari nintzela.
«Elkarrizketa guztietan ikusi nuen hizkuntzaren aldeko hautuak ere bazuela pisua jaioterritik alde egiteko erabakian. Euskalduntasuna modu askeagoan eta osoagoan adierazteko joaten ziren hiriburuetara, eta horri ‘eusilioa’ deitu nion»
Euskararen inguruko iruditegia tradizioarekin lotuta dago, baina, zure lanean, euskara transgresioarekin lotzen duzu. Bi aldeak dira egiazkoak?
Egia da euskararen inguruan egon den iruditegi nagusia landa eremuarekin lotua dagoela, gizontasun edo maskulinitate jakin bati lotuta eta heteroarauarekin lotua. Baina nik ez dut inoiz euskara horrela identifikatu. Nire ustez, euskara balio sozialekin lotua dago, praktika iraultzaile bat delako. Gainera, konturatu nintzen euskara ukatzen digutenean ez dela bakarrik hizkuntza baten ukazioa, baizik eta gizarte bidezkoago, feministago, bolleroago bat ere ukatzen ari zaizkigula. Euskal Herriko mugimendu transfeministek euskara dute komunikazio tresna, eta euskara da komunitate baten parte sentitzeko bidea. Euskararen alde borrokatzea arazo sozialen alde borrokatzea ere bada.
Eusilioa hitza asmatu duzu. Zer esan nahi du?
Sexiliotik dator. Egia esan, sexilioa ez da beti modu esplizituan aitortzen; askotan, lana edo ikasketak aitzakia hartuta uzten dugu gure herria, sexu-genero izaera modu askeagoan bizitzeko aukera izateko. Baina elkarrizketa guztietan ikusi nuen hizkuntzaren aldeko hautuak ere bazuela pisua jaioterritik alde egiteko erabakian. Euskalduntasuna modu askeagoan eta osoagoan adierazteko joaten ziren hiriburuetara, eta horri eusilioa deitu nion.
