1978ko uztailaren 8tik urtero gertatzen den moduan, gaur eguerdian German Rodriguez omendu dute Iruñean. 1978ko sanferminetan zezen plazan euskal presoen amnistiaren aldeko pankarta bat atera zuten, eta polizia armatuak tiroka sartu ziren plazan. Indarkeria ekintza hura hiri osora hedatu zen jarraian, eta istiluetako batean polizia batek tiroz hil zuen Rodriguez. Hilketa hura gogoan izate aldera, ehunka pertsona bildu dira gaur bere oroimen hilarriaren inguruan, «justizia eta ordaina» aldarrikatzeko.
12:45etarako Orreaga kalean jende mordoa zegoen. Oroimen hilarria lorez bete da, eta atzealdean inpunitatea hitza jartzen zuen pankarta bat eusten zuten Gasteizko Martxoak 3 elkarteko eta 78ko Sanferminak Gogoan elkarteko kideek, Jose Luis Canoren anaiak eta Joseba Barandiaranen anaiak. Denek biolentzia polizialaren biktimen oroimenen alde egiten dute lan. Beroa izan da nagusi ekitaldian, eta jendea itzala bilatzen saiatu da, ahal zuen moduan. Ekitaldia hasi baino lehen, txalapartak, dultzaineroek eta erraldoiek giroa arindu dute. Jarauta 69 txarangak ere abesti pare bat jo ditu.
«Sekula ez da isilik egon/ faxismoaren lobbya/ eurentzat izan dituzte beti/ botere eta zoria»
ONINTZA ENBEITABertsolaria
Omenaldia bertsolariekin hasi da. Onintza Enbeitiak hurrengo esaldiarekin ekin dio bertsoari: «Sekula ez da isilik egon/ faxismoaren lobbya/ eurentzat izan dituzte beti/ botere eta zoria». Jarraian, memoriaren garrantzia azpimarratu du, hori «gezurtatu» ezin dela azpimarratuz. «Herriaren memoriatik idatz dadin historia» aldarrikatuz amaitu du bertsoa, eta gainerako ikusleek ere ozen abestu dute esaldia.
Ander Elortegi bertsolariak German Rodriguez goraipatu du: «Gure herriko borrokan bizitza eman zuena». Hiltzaileek gaur egun oraindik duten inpunitatea salatu du, eta, Enbeitaren bertsoekin bat eginez, faxismoa gaitzetsi du, polizaren biolentzia «faxismoaren gorena» dela adieraziz.
Faltzesko txalapartariak, gaurko ekitaldian. JON URBE / FOKU
Bertsoak salaketa eta oroimenean zentratu diren bitartean, ondorengo ohorezko aurreskua omenaldiko momenturik hunkigarrienetako bat izan da. Irene Araujo aurreskulariak Germanen oroimen hilarriaren parean dantzatu du, eguerdiko eguzkiaren beroari aurre eginez eta sanferminetako arropa zuri-gorriak jantzita. Txistu eta atabalaren musika nagusitu da sanferminetako zarataren gainetik. Amaitzerakoan txalo zaparrada jaso dute dantzariek zein musikariek.
Ekitaldiaren aurkezleak «borrokan jarraitu nahi duen jende gazteari» pasatu die mikrofonoa, eta Streetwise taldeak Rodriguezen hilketari buruzko abestia kantatu du. Bukatzerakoan, «agur eta ohore, German», oihukatu dute, memoria belaunaldi berrietan presente dagoela erakutsiz.
Mende erdi inpunitatearen aurka borrokan
Aurtengo omenaldiko manifestua Martxoak 3 elkarteko Jose Luis Martinezek eta 78ko Sanferminak Gogoan taldeko Begoña Zabalak irakurri dute. Manifestuko mezu nagusia izan da bi sarraskiak «borroka bera» direla. Gogoan izan dituzte, halaber, garai bertsuan egindako beste «estatu krimenak»: Tarragonako (Herrialde Katalanak), Donostiako eta Basauriko (Bizkaia) elkartasun manifestazioetan poliziak hil zituen pertsonak, besteak beste.
Orduko Espainiako Barne ministroak, Rodolfo Martin Villak, poliziaren hilketak «akats» moduan katalogatu zituen, eta adierazpen horiek gogor salatu dituzte, «zinikotzat» joz. Bi elkarteetako bozeramaileen ustez, sarraski horietan nabarmendu ziren «aldez aurretik pentsatutako jardun poliziala, populazio zibilaren aurkako indarkeria, lotsagabekeria judiziala eta gobernuaren aldetik ikerketarik eza». «Gasteiz-Iruñea, bi estatu krimen eta borroka bera inpunitatearen kontra», azpimarratu dute.
«Urteak daramatzagu alfonbrak astintzen, krimen hauen errealitatea belaunaldi berriei transmititzen»
BEGOÑA ZABALA78ko Sanferminak Gogoan taldeko kidea
Elkarteetako bozeramaileek azaldu dute «kikildu gabe eta isiltasun ofizialaren aurka» mende erdiz borrokatu direla. «Urteak daramatzagu alfonbrak astintzen, krimen hauen errealitatea belaunaldi berriei transmititzen», esan du Begoña Zabalak, 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kideak.
Manifestuarekin amaitzeko, Palestinako genozidioari eta «Mediterraneoa bihurtzen ari den hilerriari» erreferentzia egin diote, «duintasuna eta justizia sentimendu berberak bultzatuta».
Ekitaldiari amaiera emateko, Fermin Balentzia abeslariak German Rodriuguezen kasuari buruzko Hilarria abestia kantatu du. Omenaldira bertaratu direnek ere abestu dute, eta kantua bukatzean, besoak goratuta eta ukabila itxita, zera oihukatu dute: «Herriak ez du inoiz barkatuko».
Fermin BalentziaK ‘Hilarria’ kanta abestu du gaurko ekitaldian. JON URBE / FOKU
