Sexu indarkeriaren aurkako kanpaina festaren erdigunean jarria du Iruñeko Udalak. Vanesa Egiluz Gonzalez (Iruñea, 1980) eta Miren Oderiz Insausti (Iruñea, 1977) Berdintasun teknikariak galtzak bete lan dabiltza egunotan, goizero-goizero erasoei buruzko datuak biltzen eta zabaltzen, eta Gazteluko plazako arreta gunea kudeatzen.
Sanferminen erdiak igarota, ze balorazio egiten duzue sexu indarkeria kasuei dagokienez?
MIREN ODERIZ: Aurreko urteetan baino esku hartze gutxiago erregistratu ditugu. Gazteluko plazako informazio gunera, hala ere, jendetza etorri da egunotan. Jakin-min eta interes handia nabari da: ilara luzeak ditugu egunero sexu indarkeriari buruz galdetzeko, baliabideen inguruko informazioa eskatzeko, gertatutako zerbait salatzeko… Sexu erasoengatiko salaketek behera egin dute aurten, eta atxiloketekin parekatu dira kasik [udalak emaniko datuen arabera, hamabi sexu erasoren berri izan dute, bederatzi salaketa aurkeztu dira, eta horietatik zortzi gizon atxilotu dituzte]. Gehienak eraso arinak izan dira, ukituak-eta.
Hala ere, «intentsitate handiko eraso bat» ere salatu zuen atzo mugimendu feministak, ezta?
ODERIZ: Bai, eraso saiakera bat izan zen. Hasiera batean, ukitzeengatiko salaketa baten modura erregistratu zuen Udaltzaingoak, baina gero jakin genuen erasotzailea saiatu zela sexu eraso larriago bat egiten. Horregatik sailkatu zuen mugimendu feministak intentsitate handiko eraso gisa. Zorionez, kontua ez zen harago iritsi. Edozein eraso, arina izanagatik ere, gaitzesgarria da, eta ezin gara lasaitu, baina aurtengo sanferminetako datuek marraztu duten irudia, oraingoz, baikorra da. Kontuan izanda festaren azken txanpara hurbiltzen ari garela, kautela osoz esanen dut hasiak garela arnasa apur bat hartzen.
Lan handia eskatzen du sanferminetako kanpainak?
VANESA EGILUZ: Urte osoko lan koordinatua da, Sexu Indarkeriei Aurre Egiteko Lantalde Iraunkorraren, Emakumeen Arretarako Udal Zerbitzuaren, mugimendu feministaren eta udal teknikarion artean. Sanferminak dira lan horren puntu gorena, baina, horrez gain, baditugu auzoetako jaiak, protokoloak eta bestelako kanpainak.
Urteekin, erreferentzialtasun handia lortu du Gazteluko plazako gune moreak.
EGILUZ: 2016. urtean jarri genuen lehen aldiz, eta bilakaera propioa izan du ordutik: ordutegi zabalagoa, langile espezializatu gehiago… Niretzat, mugarri handia izan zen Gazteluko plaza okupatzea eta indarkeria sexistaren aurkako erreferente bihurtzea.
Zer galdetzen du hara doan jendeak?
EGILUZ: Lehenbiziko urteetan, materiala eskatzen zuten batez ere. Pinak, txapak… 2016ko talde bortxaketaren ostean, jendeak argi erakutsi nahi zuen horren kontra zegoela. Haserrea ikusgai egin. Gaur egun, bestelako galderak eta zalantzak dituzte.
ODERIZ: Zalantzak argitu nahian etortzen dira asko: «Nora jo dezaket hau gertatzen bazait?», «zer baliabide daude?» edo «kuadrillako lagun bati zerbait gertatu zaio, baina ez du salaketarik jarri nahi… Nola lagunduko diot?». Beste batzuek, aldiz, festetan ikusi dituzten jokabide desegokien berri ematen dute, edo iradokizunak egiten dizkigute.
Zer balorazio egiten duzue orain arte eginiko bideaz?
EGILUZ: Gizartean, oro har, aurrera egin dugu, baina, gaia gure esparrura ekarrita, uste dut Iruñeko erakundeek eta mugimendu feministak ekarpen handia egin dutela. Iruñea gai honetan erreferente bada, elkarlan horri esker da. Jaietako eragile gehienek bere egin dituzte aldarrikapen feministak, eta ulertu dute eurek ere eragile aktibo izan behar dutela sexu indarkerien aurka.
lotsabako
Sanferminetako une bat?
EGILUZ: Uztailaren 6ko goiza.
ODERIZ: Edozein, aste erdian. Astroak lerrokatu eta festak goxo-goxo eramaten zaituen une hori.
Eta txoko bat?
EGILUZ: Basotxoa. Bake pixka bat festaren zurrunbiloan.
ODERIZ: Niretzat, Zaldi Zuriaren txokoa.
