Mimoz eta asmo handirik gabe sortu du Iñaki Larraioz musikariak (Larraintzar, 1986) Larra Bideak II. diskoa. Larra Bideak lanaren jarraipena da. Gogoeta indibidualetatik abiatu da, baina Ibai Gogortza gitarran, Iñigo Telletxea baxuan eta Mattin Arbelaitz baterian izan ditu bidelagun. Horrez gain, Ane Fagoagak egin ditu koroak, eta Julen Suarez tronpeta jotzen aritu da. Iñigo Astizek findu ditu hitzak. Azken urteetan, musikari lotuta egon da, baina beste kontu batzuen bidez. 2020aren bukaeran Larra Soinu Tresnak proiektua jarri zuen martxan. Lehenik soinu tresnak sortzeko eta konpontzeko tailerra sortu zuen, eta 2021etik, estudioa ere badu.
Urte batzuk daramatzazu oholtzan jo gabe. Nola sentitu zara itzuleran?
Egia esan, kostatu zait. Lehenengo kontzertuan uste baino gehiago sufritu nuen. Gainera, lehen formatu txikiagoan jotzen nuen. Gitarrekin eta bateria jole batekin joaten nintzen. Orain, berriz, talde gisa goaz.
Nolako esperientzia izan da zurea zen lan bat kolektibizatzea?
Denon artean prestatu dugu diskoa. Kantu guztiekin maketa bat egin nuen, baina kontua zen aurreko diskoan jada talde gisa aritzearen falta sumatu nuela. Lan honekin nire asmoa zen bateria jole batekin kantak lantzea eta fintzea grabatu aurretik. Zaila ikusten nuen talde oso bat sortzea, baina nahiko naturala izan da.
Zenbat dauka bigarrenak lehenengotik?
Finean, kantuak gitarra bat eskuan hartuta eta inongo helbururik gabe izan ditudan bakarrizketetatik atera dira. Hazia lehengo bera da, baina leku fisiko eta egoera desberdinetatik sortu dira.
«Musika sortzea bera baino, zurekin bidaian parte hartu nahi duen jendea topatzea da zaila»
Herrian eta zure estudioan grabatu izanak eragina izan du emaitzan?
Herrian grabatzeak bainoago, eragina izan du norekin eta nola egin dudan. Beste nonbaiten eta beste norbaitekin egin izan banu, erroa berdina izan arren, beste forma bat hartu izanen luke.
Sentitzen duzu Ultzaman sortzea zailagoa izan daitekeela? Edo hiri handietara joateko joera dagoela?
Hemen zailagoa da jendea bilatzea, ez dagoelako musika ohiturarik, edo, egotekotan, beste musika mota baterako ohitura dagoelako. Musika sortzea bera baino, zurekin bidaian parte hartu nahi duen jendea topatzea da zaila.
Analogikoan eta zuzenekoa balitz bezala grabatu duzue. Zergatik hautu hori?
Lehenengoa ere analogikoan grabatu nuen, eta, lehenengo aldia zen arren, asko gustatu zitzaidan. Niretzat garrantzitsua da dagoena jasotzen duela. Hau da, ez bazara interprete ona edo ez baduzu gitarra ongi jotzen, dagoena harrapatzen du. Badirudi gaur egun ez bada perfektua ez daukala xarmarik. Sasi-zuzenekoetan jasota geratzen da momentuan bertan zer zaren eta zer dagoen. Digitalean grabatzen duzunean beti dago edizioa. Azkenean, perfekzio maila hori duenez, azkenean nahi baino gehiago ukitzen dugu beti.
Itxialditik oholtzan jotzen aritu ez arren, etxean jotzen jarraitu duzu?
Itxialdiaren ostean, pare bat kontzertu egin nituen. Ordutik, buru-belarri ibili naiz beste proiektu pertsonalago batean. Estudioa daukadan lekuan tailer bat sortzea erabaki nuen. Musika aparatuak, anplifikadoreak, teklatuak eta horrelakoak egiten eta konpontzen ditut. Guztiz murgilduta egon naiz horretan, eta nahiz eta musika egiteko gogoa izan, ezinezkoa zitzaidan dena uztartzea.
Berez, ingeniaritza ikasi zenuen, eta horretan aritzen zinen. Bestelako formakuntzarik behar izan duzu proiektuan murgiltzeko?
Nire osabak zurginak ziren, aita elektrikaria, eta beste osaba bat, mekanikaria. Txikitatik traste artean ibili naiz. Ez dut formakuntza berezirik egin, baina txikitatik gustatu zait eskuekin lan egitea. Ingeniaritza ikasi nuenean, alde batera utzi nuen hori, nahiz eta elektronikako gauza txikiak egiten nituen. Ingeniaritzaren munduan hamar urtez lan egin nuen. Bulegoko lana egiten nuen, eta interesgarria eta polita zen. Hala ere, faltan botatzen nuen eskuekin lan egitea. Frantziatik itzuli, lehenengo diskoa atera, eta eszedentzia eskatu nuen. Dena batera etorri zen. Familiaren lokal bat nuen herrian. Etxekoak ez zeuden batere ziur.
«Tristea da, baina nor bere gauzetan dago. Nire betiko lagunek ez dakite zertan ari naizen. Nor bere munduan bizi gara»
Ziurgabetasun handiko bidea zelako?
Bai, guztiz. Gainera, ez nago Iruñean; Larraintzarren nago. Nor etorriko da Larraintzarrera zu bisitatzera? Abentura bat balitz bezala eta inongo ziurtasunik gabe hasi nintzen. Hasieran unibertsitate publikoan ematen nituen eskolekin uztartzen nuen.
Zer-nolako ekarpena egiten dio herriari edo haranari?
Egia esan, ez dut uste inolako ekarpenik egiten dionik. Jendeak ez daki hemen nagoela. Gehiago daki kanpoko jendeak hemengoak baino. Tristea da, baina nor bere gauzetan dago. Nire betiko lagunek ez dakite zertan ari naizen. Saiatzen naiz azaltzen, baina nor bere munduan bizi gara.
Zurarekin ere lan egiten duzu. Diskoak egur usaina hartzen du?
Estudio txikia izan arren, berez tailerrean grabatu genuen diskoa. Egur usaina du, baino grabatzeko moduagatik, batez ere; esango nuke oso artisaua dela. Nahiko erlazionatuta dago egiten dudan lanarekin. Egurra lantzen dut, baina batez ere elektronikako gauzak egiten ditut. Konpontzeko zerbait jasotzen dudanean, lan jakin bat egin behar dut, aurretik egin ez dudan lan bat izaten da, eta bat-batekoari ematen diot bidea. Uste dut diskoa ere horrela egin genuela. Urte batean bost edo sei entsegu egin genituen.
