Sanferminetako azken egunean, etxeko txikienek festetako momenturik kuttunena bizi ohi dute, erraldoien agurra. Handitzen ari diren seinale, askok txupetea jartzen diete erraldoiei eskumuturreko moduan. Beste hainbestek, ordea, musuak eta besarkadak emateko aprobetxatzen dute. Unetxo hori ahalik eta hobekien ikusi ahal izateko, haur asko zeuden gaur gurasoen lepo gainean dantzan eta oihuka.
Iruñeko Udaletxe plaza jendez gainezka dago. Gehienek itzalpea bilatzen dute, eta gainerakoak bero itogarriari aurre egiten saiatzen dira abanikoak buru gainean jarrita, nolabaiteko itzala egin nahian. Kilikiak eta zaldikoak plazaren alde batetik bestera dabiltza umeekin jolasean. Ez daude kiliki eta buruhandi guztiak, ordea, eta hizlaria konturatu da. «Non daude?», galdetu die umeei. Haurrak oihuka hasi dira. Halako batean, buruhandietako bat, Alkatea, udaletxeko balkoira atera da.
Ezustekoa ez da bukatu, ordea. Hizlariak Caravinagre ere falta dela adierazi du, eta enparantza guztia kilikiaren izena oihukatzen hasi da. Umeen eskakizunari erantzunez, Amona buruhandiak udaletxeko beste balkoi batera atera du Caravinagre, belarritik tiraka. Umeen poztasun aurpegiak nagusitu dira: sumatzen da askoren gustukoena dela.
Musuak nagusi
Protagonistak falta dira oraindik. «Etor daitezela gure Iruñea maiteko handienak!», oihukatu du hizlariak. Erraldoiak bikoteka sartu dira plazara, bakoitza bere bandarekin. «Baina non dago Braulia?», galdetu die hizlariak ikusleei. Badirudi kilikiak ez direla ganberro bakarrak. Hura aurkitzeko helburuz, Brauliaren bandako bi txistulari igo dira hizlariarengana. Falta den erraldoia aurkitzeko konponbide bat bururatu zaie. Hori horrela, Brauliaren izena ozen oihukatu du plaza guztiak, eta, jarraian, musika jotzen hasi dira. Funtzionatu du formulak. Braulia sartu da dantzatzera.
Haurren ilusioa areagotzeko, goxokiak jaurti dituzte hainbat balkoitatik. Gurasoei besotik tiraka, korrika joan dira ahalik eta goxoki gehien biltzera. Umeen despistea probestuz, erraldoiak mugitu eta ilara luze batean kokatu dira beste dantza bat egiteko. Bira eta bira ibili eta gero, erraldoiak etzan egin dira haurren musuak eta besarkadak jasotzeko. Bakoitza bere erraldoi gustukoenarengana joan da.
Haurrek erraldoiak agurtu dituzte. IÑIGO URIZ / FOKU
Kiliki eta zaldikoak ere batu dira erraldoiek egin dituzten hurrengo dantzetara. Oihuak eta txaloak entzun dira denbora guztian, baita haurren baten negarrak ere erraldoiak udaletxera sartu direnean.
Agurtzeko ordua
Haurrei tristura aurpegia kentze aldera, «dantza gehiago nahi al duzue?» galdetu du hizlariak. «Bai!», entzun da ozen. Zapi gorriak kendu, eta, txupinazoan bezala, «gora San Fermin!» oihukatu dute denek batera. Musikariak jotzen hasi dira, eta erraldoiak, kilikiak eta zaldikoak berriro atera dira giroa alaitzera. Hogei minutu igaro eta gero, iritsi da, orain bai, agurtzeko ordua. Azken musuak eta txupeteak eman, eta konfeti artean sartu dira udaletxean erraldoiak.
