Urbasako frontoi zaharra, arriskuan

Urbasako frontoi zaharra, arriskuan

Goizeko giro freskoak hartu du. Urbasa zeharkatzen duen errepidea ia hutsik da, eta, ondorioz, basoko txorien kantua erraz gailentzen da Amaia frontoi zaharreko pareten artean. Zaldiak eta behiak inguruan dira, baina jada ezin dira kantxan sartu, Urbasako Frontoi Auzolan Taldeko kideek hesi batekin itxi baitute. 2024. urtean sortu zuten plataforma, Nafarroako Gobernuari pilotalekua konpon dezala eskatzeko. Frontoiak galdua du garai bateko dirdira: paretak pintaketaz beteta daude, eta lurzorua arrakalaz josia. Amaiak, baina, bere xarmari eutsi dio. Frontoi berezia eta bakarra da, mila metrora eraikia, Urbasako basoaren bihotzean.

Bihotzak bultzatu du Roberto Zornotza Urbasako frontoiaren aldeko taldea sortzera, hain zuzen. Haren aita zena pilotalekuaren ondoko jauregiko jatetxean aritu zen lanean urtez luzez, eta, beraz, Zornotzak aita omendu nahi du frontoia atonduz; iragana, neurri batean, orainera ekarri. Izan ere, pilotalekuak, jauregiak eta inguruko baseliza batek Urbasako Benta izeneko multzoa osatzen dute, eta galtzeko arriskuan da dena. Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua da egungo jabea.

Urbasako frontoia; 1925-1930 ingurukoa da. URBASAKO FRONTOI AUZOLAN TALDEA

«Bakedaoko dukeak eraiki zuen jauregia; 1915ean, Olatzagutiko zuraren arloko enpresari handi batek erosi zuen, eta, errepidea eraiki zutenean, hotel bilakatu zuen. Frontoia 1925-1930 ingurukoa da», zehaztu du Zornotzak. Jauregia aspalditik dago hutsik, eta kartelak jarri dituzte paretetan, inor hurbildu ez dadin. Frontoiak ere badu erortzeko arriskua, eta herritarrek nahi dute gobernuak berandu baino lehen esku har dezala, «altxor» hori gal ez dadin.

«Altxor bat»

Urbasako Amaia frontoia «benetako altxor bat» da Maite Ruiz de Larramendi pilotariarentzat. Hura ere, Zornotza bezala, bihotzak bultzatu du Urbasako frontoiaren aldeko mugimenduarekin bat egitera. «Nire sustraiak frontoi horretan daude. Hor dago nire jatorria», erran du, hunkituta. Izan ere, Ruiz de Larramendiren haurtzaroak lotura sakona du Amaia pilotalekuarekin, frontoiko kantxa bilakatu baitzuen jolaserako toki, eta, kasik ohartu gabe, hantxe jarri zuen gerora pilota munduan abiatuko zuen ibilbide arrakastatsuaren hazia.

«Martxotik urrira, Urbasan bizi ginen. Gurasoek ardiak zituzten, eta Urbasara igotzen zituzten. Zudairira joaten ginen eskolara, eta, eskolatik at, frontoian ematen genuen eguna. Bostehun metrora genuen. Eskuz eta palaz aritzen nintzen, berdin zitzaidan; pilotarekin aritzea zen kontua», oroitu du pilotariak.

Maite Ruiz de Larramendi —erdian— ilobekin, Urbasako frontoian, 2004 aldera. URBASAKO FRONTOI AUZOLAN TALDEA

Amaia frontoia «bizirik» ezagutu du Ruiz de Larramendik, kantxan aurkaririk falta ez zuen eta argindarra pilotalekuko aldageletara iristen zen garaian. Izan ere, eraiki zutenetik 1980ko hamarkadara arte, Urbasako frontoiak hamaika partida hartu ditu, eta elkartzeko toki bat izan da, gainera, Sakanako eta Ameskoa ibarretako herritarrentzat. 1980ko urteetan hasi zen gainbehera, eta, azken hogei urteotan, erabat abandonatua egon da Amaia frontoia.

Herritarren konpromisoa

Agerikoa da urteotako utzikeriaren arrastoa; frontoiaren aldeko plataformako kideek hesi batekin itxi arte, Urbasako behiak, ardiak eta zaldiak sartu eta atera ibili dira pilotalekuko kantxan eta inguruan. Harrian agertutako arrakalek larri zauritu dute kirol azpiegitura, baina Urbasa inguruko herritarrek gaixoa suspertzeko konpromisoa hartu dute, eta lanean hasi dira.

Urbasako Frontoi Auzolan Taldeak 2024an hasi zuen bidea; berrehun lagun inguruko Whatsapp taldea osatu, eta, haren bidez, plataforma sortu eta berehala, pilotalekua garbitzeko lehen auzolana antolatu zuten. Iaz ere aritu ziren, eta, azken auzolan saioa, berriz, ekainaren 12an egin zuten. Ekaineko egun hartan, gainera, plataformako kideak hedabideen aurrean agertu ziren, Amaia frontoiaren egoera salatu eta hura konpontzeko proiektuari bultzada bat emateko.

Urbasako Frontoi Auzolan Taldeko kideak, ekaineko agerraldian. URBASAKO FRONTOI AUZOLAN TALDEA

Asteon, uztailaren 20an, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualderekin elkartu dira Urbasako Frontoi Auzolan Taldeko ordezkariak. Iaz, Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo kontseilari Rebeca Esnaolarekin eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Jorge Agirrerekin egin zuten bilera. Elkarrizketa horiek «emaitzaren bat» emateko zain da Zornotza: «Iaz, berandu zen gure proiektua aurtengo aurrekontuetan sartzeko, baina espero dugu datorren urtekoetan Urbasako frontoia moldatzeko diru sail bat jasotzea».

Esperantza hori dute Zornotzak eta Ruiz de Larramendik. Nabarmendu dute, hala ere, Urbasako Frontoi Auzolan Taldeak prestatu behar izan duela pilotalekua moldatzeko proiektua, bere aurrekontuarekin, eta, gainera, frontoia erabiltzeko plan bat aurkeztu. «Berez Nafarroako Gobernuak egin beharko luke lan hori, gure ustez. Eraikina gobernuarena da; jauregia ere bai, eta jada hondatua dago. Guk frontoia salbatu nahi dugu, eta lan egiteko prest gaude», berretsi du Zornotzak. Urbasako frontoi zaharraren aldeko plataformako kideek jada prestatu dute egin beharreko obren inguruko aurrekontua, eta zehaztu dute proiektuak 400.000 euro inguru beharko lituzkeela.

Ez dute zalantzarik frontoiak izanen duela nork erabili. Sakanako eta Ameskoako hainbat pilota talde prest dira, aspaldi bezala, Urbasako Amaia pilotalekuko kantxan aritzeko. Pilotak Urbasan berriz dantzan ikusteko irrikan da Ruiz de Larramendi. Pilotariak Eulatekoa ere badu frontoi kutunen artean, baina zalantzarik gabe erran du Urbasakoa dela «munduko frontoirik onena».