2021ean, Artzibarko loreen memoria gordetzeko, Kattalin Barber (Lakabe, 1990) lorezaina eta artisaua Artzibarko lore bilduma sortzen hasi zen. Loreak artelan ere bilakatzen zituen. 2025ean, berriz, Barberrek beste pauso bat eman zuen: Herbaria proiektua sortu zuen. Artzibartarrak bertako eta sasoiko loreak modu jasangarrian landatzen ditu, gero lehortu egiten ditu, eta lore horiekin artea egiten du. Besteak beste, lore prentsatuarekin egindako koadro botanikoak, lore koroak, eta lore sorta lehorrak eta freskoak egiten eta saltzen ditu.
Ekainaren amaieran, Barberren proiektuari aitortza egin diote; izan ere, Barberrek lortu du boto gehien Nafarroako Lan Autonomoa Aitortzeko 2026ko Sarietako modalitateetako batean; zehazki, arte, jolas eta entretenimendu jardueretako eta zerbitzu soziokulturaletako profesionalik onenaren modalitatean.
Herbaria proiektuagatik sarituko zaituzte. Espero zenuen?
Egia esan, ezusteko handia izan da, eta pozik nago. Egindako lana aitortzea beti dago ongi. Urrian emango dizkigute sariak.
Zer dela-eta hasi zinen loreekin lanean?
Modu profesionalean iaztik ari naiz, baina urteak daramatzat era batean edo bestean loreekin harremanetan. Artzibarko herbarioa egiten hasi nintzenean, loreek mundu oso bat ireki zidaten. Oraindik ere irekitzen didate.
Konfinamenduan hasi zen dena.
Bai. Garai hartan Iruñean bizi nintzen, eta herrira gehiago joaten hasi nintzen. Ni Lakabekoa naiz betidanik, baina ez nituen ezagutzen Artzibarko loreen izenak, nolakoak ziren, non hazten ziren… Dena den, garai hartan egin nituen ibilaldietan, gauza horietan arreta jartzen hasi nintzen.
Nolatan bururatu zitzaizun loreekin artea egiteko ideia?
Hasiera batean, loreak biltzen eta prentsatzen nituen. Ez nuen pentsatzen gero horiekin artea egingo nuenik; hartu eta gorde egiten nituen, besterik gabe. Geroago, loreei forma ematen hasi nintzen, eta, besteak beste, zenbait irudi egin nituen orrietan. Jendeak hori jakin zuenean, enkarguak eskatu zizkidaten, eta horrelaxe hasi zen. Bat-bateko zerbait izan zen; ez neukan helburu garbi bat. Egia esan, duela bost urte ezin nuen imajinatu honetan lan egingo nuenik.
«Tailerrak egitea gustatzen zait, nire lanaren berri emateko eta proiektu honen balioak ezagutarazteko»
Iaz hasi zinen modu profesionalean lanean. Zer dela-eta eman zenuen pauso hori?
Alde batetik, loreen mundua gero eta gehiago ari nintzen ezagutzen, eta oso gustuko dut. Bestetik, lana aldatu nahi nuen, eta buruan beti nuen herrira itzultzeko gogoa. Hainbat faktore egon ziren, baina ikusi nuen garai ona izan zitekeela honetan aritzen saiatzeko.
Zer aldaketa egin zenituen iaz?
2025era arte, Artzibarko mendietan basaloreak biltzen nituen, gero horiek prentsatu, eta loreekin koadroak, erakusketak edo tailerrak egin. Horrenbestez, iaz eman nuen pausorik handiena izan zen lore propioak landatzea. Horrek aldaketa handia ekarri du; gaur egun lore baratze bat dut, Landarte izenekoa. Lehen loreak prentsatu bakarrik egiten nituen; orain, besteak beste, loreak prentsatzen ditut, eta lore freskoak eta lehorrak saltzen ditut. Lore guztiak nik landatutakoak dira.
Zenbat lore espezie landatzen dituzu?
Uste dut guztira 25-30 barietate ditudala.
Herbaria proiektua balio batzuekin lotuta dago; besteak beste, lorearen laborantza bertakoa eta jasangarria da, eta ez duzu produktu kimikorik erabiltzen loreak kontserbatzeko.
Bai. Duela bost urte, nik ere ez nekien nondik datozen loradendetan saltzen diren eta normalean kontsumitzen ditugun loreak. Modu naturalean hazitakoak direla dirudite, baina lore industria handi bat dago. Gainera, aztarna ekologiko oso handia uzten dute, eta lore horiek kilometro asko egiten dituzte Nafarroara edo Euskal Herrira iritsi arte. Hala ere, nirea bezalako gero eta proiektu gehiago daude Euskal Herrian. Uste dut guztiok balioa ematen ari garela landatzen ditugun loreak bertakoak eta sasoikoak izateari, eta loregintza jasangarriaren alde egiteari. Horren inguruan kontzientzia pizteko lanean ari gara.
Azken bost urteetan hainbat ikastaro egin dituzu, eta jaso duzun ezagutza hori tailerren bitartez zabaltzen duzu.
Hori da. Ni oraindik oso berria naiz sektore honetan, eta asko daukat ikasteko; hala ere, tailerrak egitea gustatzen zait, nire lanaren berri emateko eta proiektu honen balioak ezagutarazteko. Besteak beste, prentsa tailerrak eta koadro botanikoak sortzeko tailerrak egiten ditut.
«Gaur egun proiektua egonkortzen ari naiz, eta oso pozik nago urte eta erdi honetan izan duen harrera ikusita»
Herbaria eredu izan daiteke landa eremuan beste proiektu batzuk lantzeko?
Uste dut baietz. Horrelako proiektu bat martxan jartzeak lan eta energia handia eskatzen du; dena den, gustatzen bazaizu, uste dut oso aukera ona dela. Proiektu propioak martxan jartzen dituen gero eta jende gazte gehiago dago Nafarroako Pirinioan. Gainera, inguruan ikusi dudanez, batez ere emakumeok ari gara sortzen.
Zertan da proiektua gaur egun?
Orain, egia esan, sasoi betean dago Herbaria. Udan gaude, eta, baratzean behintzat, lan gehien dudan urtaroa da. Gaur egun proiektua egonkortzen ari naiz, eta oso pozik nago urte eta erdi honetan izan duen harrera ikusita.
Duela gutxi webgunea sortu duzu proiektua ezagutarazteko, baina beste leku batzuetan ere erakutsi duzu; esaterako, Aribeko garaian egiten duzuen artisau azokan.
Hori da. Azoka horretan eskualdeko zortzi artisau eta artista gaude, eta bakoitzak bere lanak plazaratzen ditu. Udako denboraldian gaude orain. Duela gutxi hasi dugu, eta irekita egongo da urrira edo azarora arte. Azoka hori erakusleiho oso ona da, baita eskualdeko artisauok elkar ezagutzeko topaleku ona ere.
Etorkizunari begira, zein dira proiektuaren erronkak?
Landarte loreen topagune izatea nahiko nuke, bertan egiten dudan lana zabaltzea eta bertan ere tailerrak egitea. Horrez gain, proiektua egonkortu nahi dut.
