Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok aintzat hartu du Guardia Zibileko UCO unitateak Belateko tuneletako obren esleipenaren harira egindako txostena, eta Koldo auzitik banandutako piezan txertatu du. Nafarroako Gobernuak, 62,8 milioiren truke esleitu zion obra hura Accionak, Osesek eta Servinabarrek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari; azken hura PSOEko Antolakuntza idazkari Santos Cerdanekin lotzen dute.
Bigarren Instrukzio Epaitegi Zentraleko epailea Cerdan eta Jose Luis Abalos Espainiako Azpiegitura ministro ohia ikertzen ari da, obra publikoen esleipenetan iruzurrak egitea egotzita. Orain arte, auzian ez zegoen Hego Euskal Herrian egindako lanik, baina Morenok Belateren inguruko txostena batu du orain arte zuen dokumentaziora, eta jakinarazi du Polizia Judizialak osatuko dituela orain haren ingurukoak.
Ez da Belateko tuneletako obra auziarekin lotuta azaltzen den lehen aldia. Auzitegi Gorenera bidalitako txosten batean ere egin zitzaion aipamena, 2025eko ekainean. Era berean, UPNk obra haien esleipenarekin lotutako salaketa bat jarri zuen, irregulartasunak egon zirela argudiatuta; auzi hori izan da Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeko hizpide nagusietako bat ere.
Orain arte, Nafarroako Gobernuak eta Maria Txibite presidenteak nabarmendu dute auzitegiak ez zirela Nafarroan egindako lanik ikertzen ari. Hain zuzen, hori dela medio, Auzitegi Gorenak galarazi egin zion akusazio gisa aurkezteko aukera. Orain, baina, Nafarroako Foru Ogasunean kalte bat eragin izanaren zantzuak badaude, berriz aztertuko du aukera; oraingoan, Auzitegi Nazionalean.
Gobernuko iturriek Efe albiste agentziari adierazi diotenez, «errespetu osoa» adierazi dute polizien eta epailearen jardunarekiko, eta ikerketan laguntzeko konpromisoa azaldu dute. Gogoratu dute hala egin dutela orain arte ere; besteak beste, Foru Ogasunari eskatu zion informazioa helaraztean. Izan ere, horien arabera, Txibiteren gobernuaren xedea da jazotakoak argitzea. Hala adierazi zuen presidenteak berak ostiralean egindako agerraldian. Orduan, bere eta bere gobernuaren errugabetasuna ere defendatu zuen: «Ez dago ezer nire kontra, eta ez da egongo».
Hain zuzen, gobernutik erreferentzia egin diete orain arte Belateko obren harira egin diren zenbait mugimenduri. Hau da, gogoratu dute Kontuen Ganberak ebatzi zuela ez dela inolako «ardura kontablerik» esleipen hari lotuta, eta parlamentuko batzordeak ez zuela presio politikorik ikusi prozesuan. Hain zuzen, esleipen hura mahai tekniko batek onartu zuen, «modu erabat autonomoan», gobernuko iturrien arabera.
«Inhabilitatuta»
Bestelakoa da UPNk eta PPk egiten duten irakurketa. Biek ere Maria Txibiteren dimisioa eskatu dute. Cristina Ibarrola erregionalisten presidenteak uste du Txibite «inhabilitatuta» dagoela bere karguan jarraitzeko, jada ezin dezakeelako esan bere gobernuak esleitutako lanik ikertzen ez dutela. «Bukatu zaio kontakizuna».
Era berean, paparra ateratzeko baliatu du abagunea. Haren hitzetan, epailearen erabakiak adierazten du UPNk jarritako salaketa ez zela «oinarririk gabea»: «UPNn isekak, manipulazioak eta gezurrak pairatu behar izan ditugu, gu isilarazten saiatzeko, baina ez genuen zalantzan jartzen Justiziak Belate ikertuko zuela».
PPko Javier Garcia ere antzera mintzatu da. Ohar bidez, adierazi du Txibitek «urtebete baino gehiagoan eraiki duen kontakizuna» desegin dela erabakiarekin. Izan ere, azaldu du gobernuak hartutako erabaki garrantzitsuenetako bat dagoela orain ikerketapean. «Presidenteak hilabeteetan saihestutako ardura politikoak hartu behar ditu», gehitu du, eta haren dimisioa eskatu, Txibite bera izan zelakoan Cerdani kargu politiko esanguratsuak eman zizkiona.
