Larraun: despopulazioaren aurka borrokan garraio publiko duinik gabe

Larraun: despopulazioaren aurka borrokan garraio publiko duinik gabe

Bizikleta hartu eta euripean zortzi kilometro egiten ditu Larraun ibarreko Oderitz herrian (Nafarroa) zaintza arloan lan egiten duen Lekunberriko emakume batek. Ez du garraio publikorik lanera joateko, nahiz eta Lekunberri Larraun erdian egon. Horrelako beste hainbeste kasu aurki daitezke ibarra osatzen duten hamasei herrietan barrena. Eta egoerak ez du hobera egiten.

Nafarroako Gobernuak Iruñearen eta Donostiaren arteko garraio publiko erregularreko zerbitzua emateko kontratua aldatu du 2028rako. Eta Mikel Uharte Larraungo alkateak larritzat jo du moldaketa: uste du ibarra despopulatzeko arriskua handitu egingo duela horrek. Egun, 924 biztanle dira, baina azken urteetan nabaria izan da beheranzko joera. Alkateak, larrituta, adierazi du ibarrean bizitzeko eskubidea bermatu beharra dagoela, eta horretarako «ezinbestekoa» dela garraio publiko duina edukitzea.

Gaur egun sei autobus geltoki daude Larraunen: Gorritin, Mugiron, Arruitzen, Azpirotzen, Uitzin eta Lezaetan. Lizitazio berria indarrean sartzean, Uitzikoa ez beste guztiak desagertuko dira, eta eskariaren araberako zerbitzua ezarri. Nafarroako Gobernuak lizitazio berriari buruzko komunikatuan dioenez, «udalerri txikiagook eskualdeko buruekin konektatuko dira», eta haietatik igarota joaten ahalko dira erabiltzaileak hiri handiagoetara, Iruñera eta Donostiara kasurako. Hau da, adibidez Larraungo Alli herria Lekunberritik igarotzen den linea nagusi batekin konektatuko da. 

Larraungo autobus geltokia. IÑIGO URIZ / FOKU

Errealitatearekin zerikusirik ez

Udalaren irudiko, gobernuak egin duen planteamenduak zenbait arazo ditu, ordea. Uhartek honela azaldu du zer gertatuko den: «Larraun guztirako autobus bakarra ezarriko da, eta hori ez da bateragarria ibarraren ezaugarriekin». Adibide bat ere eman du alkateak, datu eta guzti, egoera hobeki ulertarazteko. Azaldu duenez, Larraun oso zabala da eremu aldetik, 107,09 kilometro koadroko hedadura du, eta hogei kilometro daude Madotz eta Errazkin artean. «Bi herri horietako bakoitzetik pertsona batek autobusa eskatuz gero, ezinezkoa da zerbitzua aurrera eramatea», azpimarratu du, eta Nafarroako Gobernuak zer erantzun dion gaineratu. Esan diote aukera gutxi daudela aipatutako egoeraren gisakoak gertatzeko. Uhartek argi du, baina: «Mila biztanletik bik egun berean autobus baten beharra izatea ez da gertagaitza».

Ildo berean, Larraungo autobusek ez dute ordutegi finkorik izango. Lizitazio berrian, zehaztuta daude Nafarroako herri guztietako autobusen ordutegiak, baina, Larrauni dagokion atalean, zati hori zuriz agertzen da. Horren zergatia ulertu ezinik, Uharte harremanetan jarri zen Nafarroako Gobernuarekin, eta erantzun zioten ordutegiak gidariak antolatuko dituela, eskariaren araberakoak izanen direnez gero.

«Mila biztanletik bi pertsonak egun berean autobus baten beharra izatea ez da gertagaitza»

Mikel Uharte Larraungo alkatea 

Egoerari aurre egiteko, Larraungo hamabost kontzejuetako alkateek gutun bat helarazi zioten Nafarroako Gobernuari. Gobernuak «paternalismoz» erantzun zuela salatu du Uhartek. Otsailean elkartu ziren lehen aldiz gobernukoekin, eta, hainbat ate jo eta gero, apirilean Uharteri esan zioten beste proposamen bat helaraziko ziotela. «Ekainean elkartu ginen, eta ez zuten ezer egin, nahiz eta mahai gainean gure proposamen bat izan», adierazi du Larraungo alkateak, etsipen ahotsez.

Autobusa erabili erabiltzen dela erakusten dute datuek. Ekaineko bileran Nafarroako Gobernuak aurkeztutako datuen arabera, 2025ean 276 geldialdi egin ziren Gorritiko geltokian. Gobernuari gutxi iruditzen zitzaion, eta kontzejuetako alkateei, aldiz, asko. Gorritik 89 biztanle ditu.

Kontzejuetako hamabost alkateak bat datoz Ultzamako garraio publikoko eredua dela irtenbiderik egokiena. Horretan, ordutegi finkoak dituen autobus erregular bat dago. Ibarreko herri guztietatik igarotzen da, bi norabidetan. Hori horrela, eguneko lehen autobusa 06:40an abiatzen da Arraitz-Orkindik (Nafarroa), eta 07:40an Iruñera iritsi.

Legeari bueltaka

1995ean Larraun ibarra zeharkatzen duen A-15 errepidea eraiki zenetik, biztanleria %30 txikitu da. Errepidea eraiki ondoren, nekazaritza eta abeltzaintzarako hainbat lur erabili ezinik geratu ziren, eta ibarreko bizimodua ere aldatu zen. Egun, bertakoen beharrak ez dira garai bateko berak: jendeak garraioa behar du lanera, ikastera edo erosketak egitera joateko.

«Esaten digute hainbat herritako autobus geltokiek ez dutela legea betetzen, baina soluzioa ez da geltokiak kentzea, baizik eta legea aldatzea edo geltokiak konpontzea»

Mikel Mugiro Larraungo zinegotzia 

Uharteren ustez, ordea, lizitazio berriaren bitartez iradokitzen da herritarrei batera eta bestera mugitzeko aukera ematea ez dela «beharrezkoa». Mikel Mugiro Larraungo zinegotzia alkatearen iritzi berekoa da, eta Nafarroako Gobernuaren erantzunak gaitzetsi ditu. «Esaten digute hainbat herritako autobus geltokiek ez dutela legea betetzen, baina soluzioa ez da geltokiak kentzea, baizik eta legea aldatzea edo geltokiak konpontzea», nabarmendu du Mugirok.

Bai Mugirok eta baita Uhartek ere uste dute geltokietara iristeko erraztasuna neurtzeko erabilitako irizpideak ez direla errealistak. «Legea betetzeko, geltokia herrigunetik 900 metrora kokatu behar da gehienez. Gorritin betetzen da, baina, neurketa egiteko, baserrien eta geltokiaren arteko tartea hartzen dute kontuan», jakinarazi du Uhartek. Nafarroako beste herri batzuetako egoera aztertu ondoan, hau ere salatu dute, gainera: legea betetzen ez duten geltoki asko sartu egin direla lizitazio berrian, Larraun ez bezala.