Bi pertsona atxilotu dituzte Cascanten, harrera zentro batetik 6 urteko haur bat eramatea egotzita

Bi pertsona atxilotu dituzte Cascanten, harrera zentro batetik 6 urteko haur bat eramatea egotzita

Foruzaingoak gizon bat eta emakume bat atxilotu ditu Cascanten, eta hiru ikertzen ari da, abuztuan Iruñeko harrera zentro batetik 6 urteko haur bat eramateagatik. Foruzaingoaren arabera, mutikoa lapurtutako auto batean sartu zuten eta ihes egin zuten. Zehaztu du atxilotuak eta ikertuak adingabearen senideak direla. Atxilotuetako bat espetxeratu egin dute, hura aurkitzeko eta espetxean sartzeko aginduak baitzuen beste delitu batzuengatik. 

Harrera zentro bateko hezitzaile batek jarri zuen salaketa Iruñeko Udaltzaingoan: 6 urteko mutikoa eraman egin zutela. Salaketan zehaztu egin zuen zer eratako autoan eraman zuten. Hezitzaileak salaketa jarri eta gero, beste herritar batek salatu zuen autoa lapurtu ziotela. Hezitzaileak zehaztutako auto mota zen. Poliziak autoa aurkitzeko antolatu ziren, eta aurkitu zuten. Autoan zihoazenek, Polizia ikusi zutenean, ihes egin zuten, «polizien eta errepideko gainerako erabiltzaileen osotasuna arriskuan jarriz», Foruzaingoaren esanetan.

Cascanteko udaltzaingoak herrian aurkitu zuten autoa. Foruzaingoak umea bertako etxe batean zegoela baieztatu zuen, eta bi pertsona atxilotu zituzen Cascanten, gizon bat eta emakume bat. Foruzaingoak zehaztu du emakumea autoa gidatzen ikusi zutela, baina gidabaimena behin-behinean indargabetuta duela, eta bide segurtasunaren kontrako delitua ere egotzi diote. Bi atxilotuez gain, hiru pertsona ikertzen ari dira, gertakariekin harremana dutelakoan. Hiru pertsona horietako bat adingabea da.