Bizitu egin da Urzainkiko sutea, kontrolatutzat jo eta astebetera

Bizitu egin da Urzainkiko sutea, kontrolatutzat jo eta astebetera

Iragan asteko asteartean esan zuten Urzainkiko (Nafarroa) sutea kontrolatuta zegoela, baina bizitu egin da gaur arratsaldean, SOS Nafarroak jakinarazi duenez. Gainera, bizitu eta gero, ekialdeko kontrol eremua gainditu du.

Sua itzaltzeko lanean ari dira Cordovillako, Zangozako eta Nabaskozeko lurreko brigadak, Nafarroako Gobernuaren bi helikoptero eta Espainiako Gobernuaren beste bi. SOS Nafarroaren esanetan, airetik ura botata apaldu egin dute suaren indarra, eta horrek gerturatzeko modua eman die brigadei.

Itzaltzen zaila da sute hori, eremu malkartsu eta itxi batean piztu delako eta lurretik hara iristea eta aurre egitea nekeza delako. Sua itzaltzen ari zirela, mendi mazelatik behera irristan eroritako haitzek ere bidea oztopatu zieten suhiltzaileei; hortaz, bi bulldozer erabili behar izan zituzten harriak baztertzeko, langileei bidea irekitzeko eta ur mahukak mendian gora eramateko. 

Tximista batek eragin zuen sutea, abuztuaren 14an, Gazpar haitzaren inguruan, Izaba, Garde eta Urzainkiko lurren artean, ekialdera. Bi aste baino gehiago daramatzate hura itzaltzeko lanetan, beraz. Iragan asteartean kontrolatutzat jo zuten, eta guztiz itzaltzea espero zuten. Egunotan helikopteroen eta kamera termikoz hornitutako droneen bidez kontrolatu dute eremua.