Hil egin da Moreako urtegian erreskatatu zuten emakumea

Hil egin da Moreako urtegian erreskatatu zuten emakumea

Nafarroako Osasun Departamentuak baieztatu du hil egin dela abuztuaren 23an Beriaingo (Nafarroa) Morea urtegian itotzear zela erreskatatu zuten 25 urteko emakumea. Bizirik atera zuten uretatik, eta Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten. Han zegoen ordutik, eta atzo hil zen.

Emakumearekin batera 20 urteko gizon bat ari zen bainua hartzen Moreako urtegian abuztuaren 23an. Biak erreskatatu zituzten, itotzen ari zirelako: urtegian bertan zeudenek atera zuten gizona; larrialdi zerbitzuek emakumea. Konorterik gabe zeuden. Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zituzten, oso larri, eta gizona abuztuaren 24an hil zen.

Ezbeharra gertatu eta gero, Foruzaingoak Moreako urtegiaren arriskuez ohartarazi zituen herritarrak: sei eta zortzi metro arteko sakonera du, eta hondo lohitsua eta aldapa handikoa. Gainera, arriskua dago haizeak edo bainularien mugimenduak eragindako olatuek sedimentua altxatzeko eta, hala, nabarmen zailtzeko ur azpian zer dagoen ikustea.