Katakrakek ‘Fraktal’ proiektua aurkeztu du, gizarte larrialdiei aurre egiteko talaia berria

Katakrakek ‘Fraktal’ proiektua aurkeztu du, gizarte larrialdiei aurre egiteko talaia berria

«Sutan» dagoen mundu baten erdian, baikortasunerako eta «aitzinera egiteko» motiboak eskaini nahi ditu Iruñeko Katakrak guneak. Ukaldi bakoitzarekin «berdintasuna infinituraino biderkatu», eskala ezberdinetan, geometria fraktalaren antzera. Hortik hartu dute proiektu berriaren izena ere: Fraktal. Etxebizitzaren krisiari, migratzaile askoren eskubide faltari, pobreziari eta bestelako gizarte larrialdiei aurre egin ahal izateko baliabide berria.

Eta zer izanen da, zehazki, Fraktal? Hamaika ertz eta aurpegiko egitasmoa: etxegabeentzako aterpea izanen da, baita ekintzaile eta eragile sozialentzako bilgunea eta ikasketa zentro bat ere. Kultur areto propioa ere izanen du, bertan liburu aurkezpenak, hitzaldiak eta musika emanaldiak egin ahal izateko. Samira Calvok eta Nerea Fillatek azaldu dituzte egitasmoaren nondik norakoak, euskaraz eta gaztelaniaz, gaur goizean eginiko agerraldian. Katakrak liburu dendaren eraikin berean zabaldu asmo dute: Kale Nagusiaren 54. zenbakiko lehen solairuan eta patioan.

«Negu Gorriak kolektiboak bi negu daramatza kalean dauden langile migratzaileei laguntzen, maiz, kudeaketa errazten ez duten administrazioen parean» 

SAMIRA CALVO Katakrakeko kidea

24 ohe, etxerik ez dutenentzat

Negu Gorriak taldearen eskutik, etxegabeentzako aterpe bat hartuko du Fraktalek, neguko hilabeteetan. «Kolektibo horrek bi negu daramatza kalean dauden langile migratzaileei laguntzen. Guztira, 60 pertsona inguruk egin dute lo hemen, eta ehun bat pertsonari lagundu diegu paperak izapidetzen: errolda agiria, osasun txartela, aurrekari penalen ziurtagiria, gizarteratze errenta, logelen alokairua… Maiz, kudeaketa errazten ez zuten administrazioen parean», azaldu du Calvok.

Lan horri segida eman nahi diote aurrerantzean ere, baina baliabide gehiagorekin: 24 oheko aterpea eraikiko dute Katakrak liburu dendaren gaineko solairuan: «Lau bainugela eta sukalde propioa ere izanen ditu proiektuak». Neguko hilabeteetan jarriko dute martxan, hotzaldiari aurre egiteko xedez.

Mugen kontrako agentzia

Aterpea zabalik ez den hilabeteetan, Fraktal izanen da Mugen Kontrako Europako Agentziaren egoitza. Iragan ekainean aurkeztu zuten erakunde hori: Katakrakekin batera, No Name Kitchen, L’Aurora Suport, Negu Gorriak, Solidarity Wheels, Rescue Life eta Basoa elkarteek osatzen dute agentzia. Helburutzat du desobedientzia ekintzak sustatzea, Europako Batasunaren migrazio eta asilo politikak salatzeko. 

Uneotan, «elkartasun brigada bat» antolatzen ari dira, Marokotik Ceutara (Espainia) iritsitako migratzaileei laguntzeko. «Modu militantean lan egitera joanen gara, eta han gertatzen denaren berri ematera», kontatu du Calvok.

Fraktal espazioaren aurkezpena Katakraken egin dute. IÑIGO URIZ / FOKU

Mintegia, aretoa eta ‘Ziklobulegoa’

Katakrak Ikasketa Zentroa ere zabalik egonen da Kale Nagusiko espazio berrian. Itsasoak ez du hiltzen: errepresioa eta elkartasuna Europa hegoaldeko mugan izeneko mintegiarekin abiatuko dute. Ikastaroa online egiteko aukera ere emanen dute.

Kultur areto propio bat ere atonduko dute Fraktalen, gaur egun Katakraken dagoenaren osagarri: «Katakrakeko areto nagusiaren ahizpa txikia izanen da», esplikatu du Fillatek: «80 lagunentzako tokia du, eta kontrakulturarako, aktibismo sozialerako eta asaldura politikorako lekua izanen da».

Azkenik, Ziklobulegoa izeneko proiektua ere martxan jarriko dute Fraktal espazioan. «Bizikletari lotutako jarduerak sustatuko dira: kulturalak, sozialak eta ekonomikoak».

«Abenduaren 31ra arte abian izanen da ‘crowdfunding’ kanpaina. Proiektuaren autonomiari eutsi nahi diogu, administrazioen, enpresen eta bankuen menpe egon gabe» 

NEREA FILLAT Katakrakeko kidea

Diru bilketa, urtea amaitu arte

Proiektu horiek guztiak hartuko dituen espazioa obretan da uneotan. Proiektuaren sustatzaileek eraikin osoa zaharberritu nahi dute —Fraktal espazioaz gain, ekimen sozialeko beste proiektu batzuek ere egoitza izanen dute bertan; eta Euskalerria irratia, esaterako, irailetik ari da handik emititzen—, eta Katakrak gunearen teilatua konpondu.

Horretarako, baina, finantzaketa behar dute, eta dirua biltzeko kanpaina bat abiatu dute, jendeak ekarpenak egin ditzan: «Abenduaren 31ra arte martxan izanen da elkartasunezko crowdfunding kanpaina. Horren bitartez, proiektu guztiak martxan jartzeko beharrezko dugun azpiegitura finantzatuko dugu», esplikatu du Fillatek. Horrez gain, proiektuaren autonomia ekonomikoa ere bermatu nahi dute, «administrazioen, enpresen eta bankuen menpe egon gabe».

Eta noiz irekiko ditu atea Fraktalek? Sustatzaileek ez dute data zehatzik eman nahi: «Obren, egokitzapenen eta baimenen menpe gaude uneotan», esan du Fillatek: «Hortaz, zaila da esatea. Ikasturte honetan zehar izanen da». Diru ekarpena egin nahi dutenek www.fraktal.net webgunean izanen dute horretarako aukera.

 Â