Belateko tunelak egiteko falta diren lanak berriro lizitatuko ditu Nafarroako Gobernuak

Belateko tunelak egiteko falta diren lanak berriro lizitatuko ditu Nafarroako Gobernuak

«Belateko herri lanek ezin dute gaurko egoera berean jarraitu». Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak gaur arratsaldean aurreratu du Belateko tunelak egiteko geratzen diren herri lanak berriro lizitatuko dituztela. Maria Torres Herri Lanen zuzendariak laster bertan behera utziko du 8,3 milioi euroren gainkostuen espedientea, eta Acciona eta Oses enpresei jakinaraziko zaie: erabaki hori «aurki» sinatuko du. «Hemendik aurrera, jokalekurik probableena da berriro egitea lizitazioa. Herri lanak egin egingo dira. Hau ez zen hasierako plana, baina aukera bideragarri bakarra da», azpimarratu du Txibitek.

UPNk eskatuta, Foru Araubideko Batzordean agertu da Txibite. Harekin batera agertu dira Javier Remirez presidenteorde lehena, hartutako erabakiaren ondorio juridikoak azaltzeko, eta Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilaria, geratzen diren lanak teknikoki nola amaituko diren adierazteko. 

Lehendakariak azaldu du korapilatutako arazo konplexu bati  «konponbide bat» topatu diotela. «Garai berri bat hasiko da gaur. Belate berme tekniko, juridiko eta ekonomiko guztiekin egingo da. Ez dugu ordainduko justifikatua eta argudiatua ez dagoen euro bakar bat ere», argitu du.

Arrazoitu duenez, Belateko tunelen obren prozedura konplexua izan da, eta, haren barnean, administrazioan irizpide tekniko eta juridiko desberdinak sortu dira. Normaltzat jo du gobernu barruko eztabaida hori, baina ohartarazi du gaur egungo herri lan horiek ezin dutela aurrera jarraitu «administrazioaren prozedurak gaindituz». «Ez dugu inoiz legearen bidea utzi, eta ez diogu aurrera egiteari utzi esan zaigunean ez dugula bide egokia hartu».

«Hemendik aurrera, jokalekurik probableena da berriro egitea lizitazioa. Herri lanak egin egingo dira. Hau ez zen hasierako plana, baina aukera bideragarri bakarra da»

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Herri lanak hasi eta gutxira, Acciona, Oses eta Servinabar enpresen elkarteak 8,3 milioi euroko gainkostua proposatu zuen. Iazko azaroan, gobernuko Kontu Hartzaile Nagusiak espediente hori bertan behera utzi zuen, ondorioztatu baitzuen gainkostuen parte handi bat justifikatu gabe zegoela eta enpresen interesei erantzuten ziela. Remirezek gaur esan du Lurralde Kohesioko Departamentuak men egin zuela eta egoerari aurre egiteko alternatibak aztertu zituela.

Hala, gobernuak aberastasun bidegabe izeneko prozedura planteatu zuen gainkostu horiek pagatzeko, eta, Remirezen arabera, gobernuko zerbitzu juridikoei txosten juridikoa egiteko eskatu zien, «zuhurtziaz eta arduraz». Zerbitzu juridikoek, ordea, iragan astean atzera bota zuten aukera hori, tunelak zulatzeko eta eusteko irizpide aldaketa enpresen erabakia izan zela ohartarazita.

Konponbide bakarra

Gainkostuen espedientearen bidea agortutzat jo du gobernuak, eta konponbide bakar gisa planteatu dute Acciona eta Oses enpresa elkartearekiko kontratua suntsiaraztea aldeek atzera egin dutelako, kontratu publikoen foru legearen 175. artikuluak zehazten dituen baldintzen arabera. «Proposamen tekniko eta juridiko baten emaitza da konponbidea, eta alde politikoari bakarrik dagokio hura babestea», azaldu du Remirezek. Gaineratu du horrek espediente bat irekitzea eskatuko duela, eta ondorioz trantsizio epe bat irekiko dela, berme juridikoekin eten dadin kontratu harreman hori.

Azken bi urteetan, eraikuntza enpresek tunela zulatu dute, eta iragan ekainean bat egin zuten bi aldeek. Oraindik, baina, lan asko geratzen da egiteko: zulatu eta euste hormak sortu ostean, behetik zulatu behar da, asfaltatu, eta tunel barruko zerbitzuak sortu. Remirezen arabera, «gaur egungo kontratua bertan behera uzteak ez du esan nahi Belateri uko egingo zaionik». Argudiatu du oraingo kontratu harremanarekin ezin zela horrela jarraitu. «Ez gara erabakitzen ari Belate egitea edo ez egitea, baizik eta lan hori segurtasun juridikoekin amaitzea».

Trantsizio hori gauzatuta, falta diren lanen lizitazioa egin beharko dute, lehiaketa horren irabazleak amai dezan obra. Oscar Txibite kontseilariak aipatu du «hurrengo hilabeteetan» egingo dela.

%52

 

Zer zati dagoen egina. Oscar Txibitek zehaztu du gaur-gaurkoz Belateko tunelen bikoizketaren %52,16 egin duela Acciona eta Oses enpresen arteko elkarteak, eta gobernuak 38 milioi euro ordaindu dizkiela. Horrek esan nahiko luke tunela amaitzeko %47,84 falta dela, eta hasierako aurrekontuarekin alderatuta, 36,4 milioi euro falta direla pagatzeko. Alta, enpresa elkarteak berriki orotara bederatzi milioi euroren gainkostuak aurkeztu ditu, baina gobernuak ez du ordaindu «aurrekontutik kanpoko» frogagiririk.

UPNko Javier Esparzak galdetu du ea «zenbat diru kostatuko den hau guztia». Bere irudiko, agerian geratu da Txibitek porrot egin duela eta gobernuaren jarduera ez dela garbia izan. «Konbentzituta gaude gobernuak interesa zuela enpresei fabore egiteko».

Oscar Txibitek erantzun dio ezin dela esan zenbat kostatu den. Orain falta den zatiaren datuak eguneratu beharko da, eta espero du azken kostuak ez duela lehen lizitazioa egin zeneko 95 milioi euroko aurrekontua gaindituko —alta, enpresari 76 milioi euroko kontratua esleitu zitzaion—.

EH Bilduko Adolfo Araizek ontzat jo du atal hori ixtea, baina iradoki du Acciona eta Osesek erabaki horren aurka egingo duela. Araizek uste du zerbitzu juridikoen irizipidea aintzat hartuta enpresek ez dutela auzia irabaziko. Remirezek onartu dio aukera handia dagoela enpresek egindako lanen ordainketa guztia erreklamatzeko, baina zerbitzu juridikoek «irmo» jokatuko dutela.

Geroa Baiko Pablo Azkonak berretsi du hasieratik eskatu dutela prozesu guztia berme juridikoekin egiteko. Hala, azken egunetan Geroa Baik azaldutako zalantzen aurrean, kritikatu egin du Txibitek euren jarrera auzitan jartzea. «Espero dut hemendik aurrera orain arteko kudeaketa baino egokiago jokatzea», gaineratu du.

Zurekin Nafarroako Miguel Garridok galdetu du zenbat luzatu daitekeen herri lana. Txibitek espero du 2030erako amaitzea. Kontseilariak espero du egungo inpasse egoera baliatu daitezkeela egungo tunelak berregokitzeko.