Alde edo kontra bozkatuta ere, ez dezatela eztabaida oztopatu. Horra Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformak Nafarroako Gobernuari eta parlamentuko taldeei egin dien eskaera. Iragan maiatzaren 13an, herri ekimen legegile bat erregistratu zuen plataforma horrek —Ratioak Jaitsi 0-18 taldearekin, Nafarroa 0-3 plataformarekin eta Sortzen federazioarekin batera—. Eskaera argia zen: ikasle ratioak legez murriztu ditzatela Nafarroako hezkuntza publikoko etapa guztietan. Ordutik, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak aztertu dute eskaera, eta gobernuari igorri diote, zirt edo zart egin dezan. Aldeko irizpena emanen balu, legea parlamentuan tramitatu, eztabaidatu eta bozkatuko litzateke automatikoki; kontrako irizpen batek, ordea, bide hori trabatuko luke.
«Ratioak jaistea ezinbestekoa da ikasleei arreta egokia bermatzeko, eskola porrota murrizteko eta jazarpenari aurrea hartzeko»
JOXERRA ELGORRIAGA Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformako kidea
Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformak gaur eman ditu ekimen legegileari buruzko azalpenak. Iruñeko Plazara gunean egin dute agerraldia, eta plataformaren izenean hitz egin dute Joxerra Elgorriagak eta Laura Perezek, euskaraz, eta Narila Mondragonek eta Lidia Sanchezek, gaztelaniaz. Esplikatu dute ratioak jaistea ezinbestekoa dela «ikasleei arreta egokia bermatzeko, eskola porrota murrizteko, jazarpenari aurrea hartzeko eta aniztasunari arreta hobea emateko». Are: azken PISA txostenaren emaitzak ikusita, «are premiazkoagotzat» jo dute neurria.
Alta, gobernuak har dezakeen erabakiarekin uzkur azaldu dira denak, uste baitute irizpenaren aurka eginen duela: «Ekimenak izan dezakeen inpaktu ekonomikoa aitzakiatzat hartuta, eta orain arte jasotako txosten juridikoen arabera, hauteman dezakegu, ziurrenik, kontrako irizpena etor daitekeela. Uste dugu saiatuko direla legea atzeko atetik blokeatzen, parlamentuan eztabaidatu ez dadin».
Hori gertatuko balitz, parlamentuko Mahaian eta Bozeramaileen Batzordean ordezkaritza duten alderdiek aukera izanen lukete gobernua nolabait behartzeko, herri ekimen legegilea tramitatzearen alde eginda. Hala egiteko eskatu diete plataformako kideek: «Tramitatu dezatela. Utz diezagutela sinadura bilketa abiatzen, eta, ondoren, bozkatu dezatela alde edo kontra. Hori bai, ez dezatela, inondik inora, eztabaida demokratikoa saihestu».
«Tramitazioa ukatzea, antidemokratikoa izateaz gain, antikonstituzionala ere izan daiteke; auzitara jo genezake»
LAURA PEREZ Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformako kidea
Tramitazioa oztopatuko balute, plataformak ez du baztertu auzitara jotzea edo mobilizazioak antolatzea. Herri ekimen legegile bat «justifikazio sendorik gabe» atzera botatzea «antikonstituzionala» izan daitekeela esan du Perezek: «Kasu horretan, kalera aterako ginateke».
131 milioiko inbertsioa
Hezkuntza publikoko etapa guztietan ratioak txikitzeak izanen lukeen kostua ere aipatu dute plataformako ordezkariek. «Hezkuntza Departamentuaren kalkuluen arabera, 131 milioi euro beharko lirateke. Gure proposamena gauzatzeak, ordea, inbertsio are handiagoa eskatuko luke, Europako Batzordearen Haurren Arretarako Sareak eginiko gomendioetan oinarrituta baitago», azaldu du Perezek. Edonola ere, dirua «ezin da aitzakia izan», plataformaren ustez: «Dirua ez da arazoa, lehentasun eta borondate politiko kontua baita. Esaten dutena esaten dutela, itunpeko eskolentzako diru poltsa urtetik urtera handitu du gobernu honek: 170 milioi euro 2024. urtean, eta 180,5 milioi aurten».
Hezkuntza publikoaren aldeko eragileek desoreka antzeman dute itunpeko sareak eta eskola publikoak jasotzen duten tratuan: «Eskola pribatuari gero eta diru gehiago eman zaio, eta Hezkuntza Departamentuak azken hamar urteetan itxi dituen lerroen %87 sare publikoari dagozkio». Egoera horri buelta emate aldera, sare publikoan ratioak murriztea «lehen urratsa» baino ez dela gogorarazi du Elgorriagak: «Ez dugu egoera hau normalizatu. Jasangaitza da orientzatzaileen lan zama, jantoki publikorik ez egotea, zerbitzuetako langileen eta garbitzaileen egoera prekarioa eta gure seme-alabek, klimatizazio falta dela eta, jasan behar dituzten tenperaturak».
