Nafarroako Ingurumen Departamentuak bertan behera utzi du Sarbilgo makroproiektu fotovoltaikoa

Nafarroako Ingurumen Departamentuak bertan behera utzi du Sarbilgo makroproiektu fotovoltaikoa

Ez du aurrera egingo. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak bertan behera utzi du Sarbilgo makroproiektu fotovoltaikoa, iritzita ez dela bateragarria eremu horretako «ingurumen balioekin», ezta bertako «biodibertsitatearekin» ere. Hala ondorioztatu du proiektuari buruzko txosten batean; hortaz, behin-behinean, behintzat, proiektua eten egin beharko dute.

Makroproiektu horrek Etxauri, Oltza Zendea eta Orkoien herrietako hainbat lursaili eragingo lieke, eta, horren berri eman zutenetik, horren aurka agertu izan dira eremu horretako zenbait biztanle eta talde ekologista. Hain justu, Cabezon de Etxauri Bizirik herri mugimenduak 260 orriko dokumentu bat aurkeztu zion Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari joan den apirilean, zeinak 23 helegite jasotzen zituen. Dokumentu hori, gainera, sinadura bilketa batekin babestu zuten: denera, 2.500 sinadura baino gehiago bildu zituzten. 

Talde horien arabera, makroproiektuak «eraldaketa industrial handi bat» eragingo luke «biodibertsitate handiko» espazio batean, eta auzitan jarri izan dute makroproiektuaren bidez bultzatu asmo duten ekoizpen energetikoaren eredua. Hain justu, kezka horiek babestu ditu Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko txostenak.