Geoalcaliren jabea hartzekodunen konkurtsoan sartu da

Geoalcaliren jabea hartzekodunen konkurtsoan sartu da

Muga meatokiaren proiektuak beste kolpe bat jaso du. Iragan astean, Highfield Resources enpresak. Nafarroako Geoalcali enpresaren jabeak, iragarri zuen bere borondatez hartzekodunen konkurtsoan sartu dela. ASX Australiako merkatuan bere akzioen kotizazioa eten egin zen. 

Oharrak irailaren 8koak dira. Bertan jakinarazten da Jason Tracy eta Daniel Linaker izendatzen direla enpresaren administratzaile. Haiek hartuko dute Highfield Resources enpresaren kontrola eta euren esku egongo da enpresa bideragarri egiteko aukerak aztertzea: enpresa salduz edo birkapitalizazio bidez. Gainera, hartzekodunekin negoziatu beharko dute.

Haiek kudeatzen duten epean, burtsan ez da akziorik salerosiko eta haren jardunaren berri burtsaren plataforma bidez azalduko diete akziodunei.

Gainera, KPMG aholkularitza etxeko bi pertsona, Peter Gothard eta Gayle Dickerson, arduratuko dira enpresaren aktiboez. Tartean dago Geoalcali, Nafarroako enpresa.

Oharrak dioenez, administratzaileen jardunak ez dio eragingo Geoalcaliren operazioei, «ezta Muga meatokiari ere». Gaur egungo zuzendariek karguan jarraituko dute. 

Luzarorako ondorioak

Dena den, enpresa jabearen finantza zailtasunen aurrean, ikusi beharko da luzarora zer eragin den. Bere proiektu nagusia, Muga meatokia, auzitegietan trabatuta dago uneotan. Hiru administrazioen baimena lortu zuen aurrera egiteko —Nafarroako, Espainiako eta Aragoiko gobernuena—, baina Nafarroan haren baimena atzera bota dute auzitegiek. Ekologistek hiru baimenen aurka jarritako salaketak beren bidea egiten ari dira.  

Euskal Herriko mugak gainditzen dituen egitasmo handi bat da. Nafarroako eta Aragoiko lurretan zabaltzea da asmoa, eta, ondorioz, Espainiako Gobernuak, Nafarroako Gobernuak eta Aragoikoak eskumenak dituzte egitasmoan. Lantegia Zangoza ondoan jartzea da asmoa; meatze ahoa, berriz, Aragoiko Undues de Lerga herrian egotea nahi dute. 1.700 hektarea izango ditu meategiak, eta 600 metro sakon diren tunel batzuk zabalduko dituzte lur azpian.

Auzitegiek argi berdea emango balute ere, inbertsio handia eskatuko du egitasmoak. Duela bi urte hiru funts txinatarrek 257 milioi euro finantzatzeko akordioa adostu zuten Geoalcalirekin, baina hilabete batzuk geroago atzera egin zuten, auzitegietako traben aurrean. Iaz, berriz, hiru inbertsio funts 5,6 milioi euro jartzeko prest agertu ziren, baina kopuru hori txikia da baldin eta proiektua aurrera atera nahiko balitz.