Juan Carlos I.a Espainiako errege emerituaren izena izan du Pitillasko plaza nagusietako batek. Gaur arte. Gaurtik aurrera Juan Antonio Cabrero 1936an fusilatutako alkatearen izena hartuko du. Pitillasko herritarrek modu horretan omendu dituzte Cabrero eta gerra hasi eta gutxira frankistek fusilatutako beste hamar herritarrak.
Cabrerok oso historia latza du atzean, eta haren istorioa gogora ekarri dute herriko plazan. Memoria argitara ateratzeko borroka handia egin du haren sendiak, batik bat haren biloba Ander Cabrero zenak. Juan Antonio Cabrero Huescatik Nafarroara joan zen, Pitillasen ezkondu, eta herri lurren aldeko borrokan nabarmendu zen. UGT sindikatuko kide izan zen, eta 1936ko apirilean alkate izendatu zuten.
1936ko estatu kolpearen ostean haren bila joan baziren ere, ihes egin eta Fiteroraino heldu zen. Han, bertako maisu Valentin Llorenterekin bat egin eta biak Soriako (Espainia) Alcaramako mendilerroan ezkutatu ziren. Haren bila aritu zen Guardia Zibila eta tokiko falangistak, eta, inguruko herri bateko biztanleek babestu egiten zituztela susmaturik, hainbat gizon fusilatzeko simulakroa egin zuten. «Hurrengoan zuek izango zarete», mehatxu egin zieten. Herritarrek Llorente eta Cabrero euren lurretatik aldentzera beharturik, azkenean atzeman eta hil egin zituzten faxistek.
Sendiak bildutako istorio hori La vara de la libertad —euskaraz, Askatasunaren makila— liburuan bildu zuen Isabel Goigek. «Idatzi ditudan libururik kuttunetakoa da», gogoratu du ekitaldian. Berekin batera izan da Jose Mari Esparza, eta hark gogora ekarri du 1936tik aurrera frankistek jomugan izan zituztela herri lurren aldeko borrokan nabarmendutakoak.
Amaieran, PSNko Joaquin Olloki alkateak ohoretzat jo du plazaren izena aldatzea. Aurreskua dantzatu dute Cabreroren omenez, eta Fermin Balentziak bi abesti kantatu ditu. Iraultza Txikien Akanpadako kideak bertan izan dira.
