Egiar Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen sareak aurreratu dute albistea: Nafarroako Gobernuak torturaren beste zazpi biktima aitortu ditu. Espainiako segurtasun indarren tortura kasuok 34 urteko epea hartzen dute, frankismo hondarretik 2008raino.
Aitortza eta Erreparazio Batzordeak aztertu ditu zazpi kasuak eta giza eskubideen urraketen biktima aitortu dituzte. Nahiz eta batzordeak biktimen nortasuna gorde egiten duen, haien baimenarekin nortzuk diren ezagutarazi dute Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak.
Lehena, Javier Agirrebengoa da, Guardia Zibilak torturatu zuen 1974ean eta 1978an. Jesusa Lezaun ere, frankismoko Brigada Politiko Sozialak eta Guardia Zibilak torturatu zuten. Agustin Areta, berriz, Espainiako Poliziaren biktima izan zen 1983. Josu Mujika Ezkerra, berriz, Guardia Zibilak torturatu zuen 1982an.
Enrique Garin eta Iker Gomez Valencia Guardia Zibilak torturatu zituen. Bata 1992an eta bestea 1998an. Azkenik, 2008an Iruñerrian izandako sarekaden testuinguruan, Fernando Grande-Marlaska egungo Barne ministroaren aginduz Gorka Sueskun atxilotu zuen Espainiako Poliziak eta inkomunikazio aldian torturatu egin zuela salatu zuen. Hemezortzi urte geroago, biktima gisa aitortu egin du Nafarroako Gobernuak.
Nafarroako Torturatuen Sarea eta Egiari Zor Fundazioa Egiaren garaia da dinamika bultzatzen ari dira, eta ontzat jo dute albistea. «Ebazpen hauek urrats garrantzitsua dira estatu-indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko», azpimarratu dute.
Bide beretik jarraitu eta torturaren errealitatea argitzen segitzeko beharra nabarmendu dute, «memoria osoa oinarri izango duen etorkizuna eraikitzeko». Dena den, gogora ekarri dute baita ere, hori ez dela aski erreparazio osoa lortzeko. «Oso garrantzitsuak bai, baina nahikoa ez».
Izan ere, Sueskun atxilotua izan zeneko garai berean ere, beste hainbat gazte torturatu zuten segurtasun indarrek, horien artean Iker Aristu. Hari ere biktima izaera aitortu egin bazitzaion ere, duela gutxi zendu zen. «Torturak ondorio larriak utzi dizkigu berau sufritu dugun herritar askori. Sendatzen ez diren zauriak, laguntzarik gabe sendatzen oso zailak diren zauriak».
Orain arte aitortutako kasuak
Aitortza eta Erreparazio Batzordeak 151 kasu aitortu ditu gaur gaurkoz. Horietatik 118 pertsona torturatu egin zituzten segurtasun indarrek, 21 lagunek lesio fisikoak izan zituzten eta beste bost lagunek kalte materialengatik aitortu ditu batzordeak.
Batzordeak hurrengo uztailean amaituko du bere jarduna eta ordura arte aitortza eskaerak egitera deitu dituzte pertsona guztiak.
