Irrintzi dorrea umezurtz gelditu da

Irrintzi dorrea umezurtz gelditu da

Bazen behin, Iruñeko Donibane auzoan, Irrintzi deituriko haurtxo bat. Txikitatik eduki zuen ikasteko grina, eta dorre altu baten barnean jaio izanak zorioneko egin zuen. Lehendabizi, idazten ikasi zuen eraikineko atikoan zegoen ikastolan. Handik urte batzuetara, euskaraz trebatzen jarraitu zuen, etxabeko euskaltegian. Eta, behin hazita, kazetaritza hautatu zuen ogibide gisa, bere gurasoek hasitako bideari jarraikiz: BERRIArekin albisteak idazten ikasi zuen, eta Euskalerria Irratiarekin, berriz, mikrofono aitzinean solastatzen. Hemendik aitzinerako ibilbidea, ordea, bere kabuz egin beharko du, gurasoak dagoeneko ez baititu alboan; BERRIA martxoan joan zen, eta Euskalerria Irratia, irailean. 

Umezurtz geratu da Irrintzi, baina ez bakarrik, eraikineko hormak Iruñeko euskalgintzaren historiaz beteta baitaude. 1960ko hamarkadaren bigarren erdian altxatu zituzten pareta horiek, hain justu, Irrintzi peñaren inguruan sorturiko kooperatiba batek bultzatuta. Orduantxe ari ziren Donibane auzoa eraikitzen. «Irrintzi dorrea egin zutenean galsoroz eta baratzez inguratuta zegoen, ez zegoen inguruan etxerik ere. Orduantxe ari ziren auzoa eraikitzen», gogoan du Enrike Diez de Ulzurrunek (Iruñea, 1962).   

Bertan hezitakoa da Diez de Ulzurrun, teilatupe horretan, denbora batez Iruñeko gerraosteko lehendabiziko ikastola egon baitzen. 1965ean sortu zen Uxue ikastola, Pozo Blanco karrikako etxebizitza batean: «Hasieran hamar bat ikasle ginen, baina bigarren ikasturtean etxebizitza hura txiki geratu zen, eta San Jose plazako beste batera joan ginen». Baina hori ere eskas, eta hurrengo urtean Donibane auzora mugitu ziren: «Irrintzi dorrean bost, sei eta zazpi urteko 41 ikasle geunden». 

Irrintzi dorrea 1970ean. IRUÑEKO UDAL ARTXIBOA

Eskola garaiko oroitzapen onak ditu Diez de Ulzurrunek, baita bertako irakasleenak ere: «Mikaela eta Izaskun Gastesi eta Feli Aleman oso andereño onak eta langileak ziren, eta gu euskalduntzea eta euskaldun hiztun aktibo izatea lortu zuten». Alabaina, Uxue ikastola bi ikastetxetan banatu zen 1970ean; San Fermin ikastola batetik, eta Paz Ziganda ikastola bertzetik. 

«Andereño onak eta langileak ziren, eta gu euskalduntzea eta euskaldun hiztun aktibo izatea lortu zuten»

ENRIKE DIEZ DE ULZURRUN Uxue ikastolako ikasle eta Euskalerria Irratiko esatari ohia

Hemezortzi urte geroago, ordea, berriz itzuli zen Diez de Ulzurrun eraikineko hamahirugarren solairura, Iruñeko euskalgintzaren historian mugarri izan zen gertakizun baten parte izateko: 1988ko azaroaren 7an, Mikel Bujandarekin, Jone Dorronsororekin eta Patxi Huarterekin batera, Euskalerria Irratiaren lehendabiziko irratsaioa emititu zuten. 

Komunikabide horren historia hor hasi zen, baina irratiak «historiaurrea» ere baduela zehaztu du Diez de Ulzurrunek. Izan ere, lehendabiziko urratsa Euskadi Irratiaren seinalea Iruñerriraino eramatea izan zen. Baina helburua Iruñerriak euskarazko irrati propioa edukitzea zen, eta horretarako «jende anitz» ibili zen lanean.

Behin dena prest zeukatela, gauza bakarra falta zitzaien sortzaileei: emititzeko lizentzia. Ez zirudien Nafarroako Gobernuaren baimena luze gabe ailegatuko zenik, hortaz, behin-behinean Euskadi Irratiaren frekuentzia berean emisio lokalak egiten hastea erabaki zuten.  

Lehendabiziko lanetako bat «euskaldunak aurkitzea» izan zela erran du Diez de Ulzurrunek: «Euskaldunen zerrendak egin genituen arloz arlo, eta frogatu genuen Iruñean euskara hutsezko irratia egin zitekeela». Ordutik ehunka kolaboratzaile pasatu dira irrati estudiotik, eta Diez de Ulzurrunek ere tarteka parte hartu izan du, 2001ean irratiko esatari izateari utzi baitzion. 

Herritarren babesaz gain, Euskalerria Irratiak bikotekidea aurkitu zuen emititzen hasi eta bi urtera: 1990ean sortu zen Euskaldunon Egunkaria, eta Iruñeko delegazioa Irrintzi Dorreko atikoan zabaldu zuten. Edurne Elizondo (Bera, Nafarroa, 1972) hiru urte geroago batu zen: «Sartu bezain pronto erakutsi zidaten terrazaren bertze aldean Euskalerria Irratia zegoela. Gerora, tradizio horrekin jarraitu dugu».   

«Sartu bezain pronto erakutsi zidaten terrazaren bertze aldean Euskalerria Irratia zegoela. Gerora, tradizio horrekin jarraitu dugu»

EDURNE ELIZONDO BERRIAko kazetaria

Izan ere, bi hedabideek harreman estua izan dute urtez urte; egunkariko kide anitz irratiko kolaboratzaile izan dira, eta irratiko esatariak, berriz, egunkariko zutabegile. Euskalerria Irratiko gaur egungo zuzendari Juan Kruz Lakasta, erraterako, zortzi urtez ibili zen Egunkaria-n. 1999an jo zuen bizilagunen atea. 

Ordurako hamaika urte zeramatzaten lizentziarik gabe emititzen, eta, Lakastaren aburuz, ez zirudien afera fite konponduko zenik: «UPNren gobernuak ez zuen nahi Nafarroan euskarazko ikus-entzunezkorik egotea. ETB hemen ikusgai izan ez zedin tematu ziren, eta gurekin ere bai». 

Itxia bai, baina ez isildua

Bizilagunekin ere setatu ziren, 2003an Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi baitzuen Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Gau hartan orduko Iruñeko delegazioburu Alberto Barandiaranen etxera ere sartu zen Polizia, eta Irrintzi dorrera eraman zuen, egoitza zigilatzeko.

Horren berri eduki bezain fite aurkeztu zen Elizondo dorrean, eta azaldu du egun hartan Euskalerria Irratia Egunkariko-en «aterpe» izan zela. Lehendabiziko elkarrizketa ere bertan eman zuten: «Mikrofonoen aurrean kontatzen aritu ginen orduan sentitzen genuen beldur, kezka, haserre eta harridura guztia». 

Egunkaria ixtea lortu zuten, baina Irrintzi dorreko terrazako atea ez zuten sobera ongi itxi. Bulegora terrazatik sartzen zirela aitortu du Elizondok: «Lehendabiziko aldiz landareak erreskatatzera sartu ginen. Handik ateratako landare bat oraindik bulego berrian daukagu». 

Ez zuten euskarazko prentsa isilaraztea lortu ere, hurrengo egunean Egunero egunkaria argitaratu baitzuten, BERRIA sortu arte. Tarte horretan, nafarrek Irrintzi dorretik bertatik jarraitu zuten lanean, Eugenio Arraiza bizilagunak eskuzabalki bulegoa utzi baitzien atikoaren bertze aldean.

Irrintzi dorreko azken bulegora, berriz, 2003ko urrian pasatu ziren; hura ere atikoan, behin-behinekoaren parean. Elizondoren arabera, «emozionalki zentzua» zuen dorrean segitzeak: «Egunkaria itxi ziguten, baina ez ziguten gure proiektu guztia suntsitu». 

Dorre euskaltzalea

Bertze hainbat eragile euskaltzale ere izan dira dorreko maizter, hala nola Argia aldizkaria eta AEKko Irrintzi euskaltegia. Horrez gain, bizilagun euskaltzale anitz eduki dituztela azaldu du Elizondok: «Haiei esker etxean sentitu gara». Irratiko lizentziaren aferaren harira ere «izugarrizko babesa» sentitu dutela azaldu du Lakastak. Bultzada horri esker, ez zuten amore eman, eta «Nafarroako Gobernu ahalguztiduna Espainiako Auzitegi Gorenean hiru aldiz garaitzea» lortu zuten. 

Azkenean, UPNko gobernuak baimena eskuratzeko kontratazio mahaia osatu zuen, baina lizentzia Uxue Barkosen legealdian ailegatu zen, 2015ean. «Erabateko aldaketa» ekarri zuela erran du irratiko zuzendariak: «Egonkortasuna ekarri zigun, eta emeki-emeki publizitate instituzionala eta Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren dirulaguntzak eskuratzen joan ginen». Horri esker lantaldea zabaldu eta irratia «digitalizatzeko» aukera eduki zuten: «1988ko tresneria genuen, ia-ia militarra». 

Garaiak aldatu dira, eta BERRIAk «egungo molde berrietara egokitzen» jakin duela uste du Elizondok. Eginahal horren ondorio ere bada 2026ko martxoan Kale Berriko 111. zenbakira mugitu izana. Hala ere, Irrintzi dorrea uzteak «pena handia» eman zion, Lakastarekin batera «beteranoena» baitzen. «Edurnek eta nik BERRIAko erredakzioa hutsik ikusi genuelarik besarkada bat eman genion elkarri, eta bioi gorritu zitzaizkigun begiak», aitortu du Lakastak. 

«Edurne eta nik BERRIAko erredakzioa hutsik ikusi genuelarik besarkada bat eman genion elkarri, eta bioi gorritu zitzaizkigun begiak»

JUAN KRUZ LAKASTA Euskalerria Irratiko zuzendaria

Irratikoek bortz hilabete mantsoago egin zituzten maletak, eta abuztuaren 31n egin zuten azken irratsaioa dorretik. Irratiko sortzaileekin anekdotak biziberritzeko eguna izan zen hura: «Gogoan ditut berandura arte lanean aritutako hauteskunde gauak, eta bi urtean behin Korrikaren harira egindako saio bereziak».  

Elizondok ere baditu nekez ahaztuko dituen pasadizoak: «Bulego berrira ailegatu eta gutxira, erraterako, bat-batean izugarrizko soinua entzun genuen atearen bertzaldean. Egunkaria-ren itxieraren paranoiarekin geundenez, pentsatu genuen zerbait leherrarazi zutela gure artean. Baina, bai zera, Alberto Barandiaranen bizikletaren gurpila izan zen».

Galdetuta Irrintzi dorreko zeren falta sumatuko duten gehien, ez dago zalantzarik: terrazatik ilunabarrak ikustea «luxua» zela azaldu du Elizondok. Iruñerria osoa begi bistan eduki dute urte luzez, eta talaia horretatik hiriburuko euskararen egoerak zer bilakaera izan duen ikusi dute. Lakastaren ustez, azken hamabortz urteetan «arautegiak aurrera egin ez arren», hobekuntzak egon dira: «Laba elkartea sortu dute, euskaltegiak bete dira, eta euskarazko musika eszenan sekulako aberastasuna dugu».

Bat dator Diez de Ulzurrun ere: «Gerra ondoren euskaldungoa ia-ia erroizturik zegoen, baina euskal jendeak jakin izan du aurrera egiten». Elizondok gaineratu du euskaltzaleek lan handia egin dutela «espazioak okupatzen», baita BERRIAk ere, Iruñeko «bihotzera» mugitu baita: «Lehenago, ikusi nahi ez gintuenak ez gintuen ikusten, baina orain bai». Kontrara, bulegora joan nahi duenarentzat, orain «errazagoa» da. 

Euskalerria Irratia ere herritarrengandik hurbilago egoteko joan da Kale Nagusiko 54. zenbakira. Irailaren 7an hasi ziren bertatik emititzen, eta irratia «fase berri batean» sartu dela azpimarratu du zuzendariak, irrati bat izatetik «proiektu komunikatibo multimedia bat izatera» igaro baitira. Xehetasun guztiak, dena den, urriaren 1eko inaugurazio bestan emanen dituzte.

Euskarak eta euskaltzaleek badute, beraz, zer ospatu Kale Nagusian. Are, karrika horretan gertatzen ari denak «Euskal Herrian parekorik ez» duela nabarmendu du Lakastak: «Katakrakekoak izan ziren etortzen lehenenak, gero Txalaparta, alde zaharreko auzo elkartea eta Antartika arte galeria, eta BERRIA gugandik ehun metrora dago». 

Lakastak gogorarazi du «hiriaren bihotza zizelkatzeko» garrantzitsua dela «erreferenteak» edukitzea. Seguruenik, erreferente nagusienetako bat Irrintzi dorrea bera izan da orain arte, kazetarien «harrobi emankorra» izan baita. Horietako batzuek, gainera, bertan egin dute ibilbide profesional guztia.

Halaxe egin zuen Elizondok ere: 33 urte eman ditu Irrintzi dorrean, eta, haren lantokia izateaz gain, «eskola, babeslekua, eta nire lana garatzeko talaia» izan da. Irrintzi haurtxoa ere horma horien artean hazi da, eta han jarraituko du, leihotik Iruñerriari begira, hurrengo umeak noiz etorriko zain.