Lan hitzarmenen negoziazioetan euskarari toki egiteko ELAren proposamenak lortu du Nafarroan ere eztabaida piztea. Gaur goizean, CEN Nafarroako enpresaburuen elkartea, LAB, CCOO, UGT eta ELA bera bildu dira gaiaz eztabaidatzeko. Bilkura amaituta, guztiak ados jarri dira auziari heltzeko eta euskararen aldeko neurriak eztabaidatzeko.
Gaurko lehen bilera eta gero, eragile guztiek adostu dute urriaren 13an berriz elkartuko direla. Bertan proposamen zehatz bat egitea galdegin die ELAk, hori egin ezean «langile euskaldunek jasaten duten hizkuntza eskubideen urraketak jarraituko baitu». Hego Euskal Herrian kanpaina betean da sindikatua, lan hitzarmen sektorialen negoziazioetan euskaraz ere aritzeko eskubidea aldarrikatzen.
ELAren arabera, Nafarroan euskararen presentzia urria da, 376 itunetatik hamahiruk baino ez baitute jasotzen euskararen aldeko neurriren bat. Aurretik iragarri bezala, gaurko bileran proposatu du Nafarroako Gobernuaren itzulpen zerbitzuak eskatzeko, negoziazioak gaztelaniaz zein euskaraz egiten direla bermatzeko. «Nafarroako Gobernuak ez du sindikatuen eta patronalen eskura aldi bereko itzulpen zerbitzurik eskaintzen».
LABen mezua ELAri
LABek azpimarratu du ez litzatekeela soilik lan egin behar euskara negoziazio kolektiboan presente egon dadin, «baizik eta lan mundua euskalduntzeko». Adierazi du euskararen alde «indarrak batu» egin behar direla eta arduraz jokatu. Gogora ekarri du elkarlanerako eskua luzatu diotela ELAri, eta azpimarratu du elkarrekin aritu behar liratekeela «bakoitzak bere protagonismoa bilatu ordez».
ELAri galdegin dio Batuz Aldatu Euskalgintzaren Kontseiluak sustatutako dinamikaren konpromisoei berriz heltzea, eta lan mundua euskalduntzeko proposamen bateratu bat aurkeztea Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide arteko akordioaren negoziazioan Confebaskekin egin zen bezala.
CCOOk, berriz, ontzat jo du gai horri heltzea, eta bileren egutegi bat jartzeko prest dago, «euskararen inguruko adostasunak lortzeko». Besteak beste, proposatu du negoziazio kolektibo bidez langileen artean «inposaketarik gabe eta pizgarrien bidez» euskara ikasteko neurriak ezartzea: ordutegiak erraztu, laguntzak eman eta enpresen jarduera egokituta hizkuntz teknikoa ikasiz. CCOOren ustez, Euskarabidearen laguntza publikoak baliatu daitezke, bai eta enpresetako paisaia linguistikoa aldatu ikurrak eta kartelak elebitan egon daitezen. Halaber, egokitzat jotzen dute enpresa barruko komunikazio eta oharretan apurka euskara ezartzea, eta kanpora begira euskararen erabilera bermatzea, «batik bat eremu euskaldunean».
Sindikatuak, ordea, ez ditu ELAren moduak gustuko, eta eskatu du adostasun giro bat sortzea, «etekin sindikalak eta politikoak lortzea helburu duten aldarrikapenak uzteko». Horren harira, azpimarratu du «CCOOren aurkako jazarpena egin zela iragan udaberrian, Argia-k ateratako ikerketa baten harira, AEK-k Korrikatik kanporatu eta gero.
CEN, hitz egiteko prest
CEN patronalak argitu du ez dagoela lan itunen negoziazioa elebitan egitearen kontra, «beti ere bermatuz gero prozesua normaltasunez eta bizkor egiten dela, eta parte hartzaile guztiek proposamenen edukia erabat ulertzen dutela». Arrazoizkotzat jotzen du bitarteko tekniko eta teknologikoak jartzea, eta hizkuntza ez dadila bihurtu ezein aldek parte hartzeko oztopo. Zehaztu du segurtasun juridikoa ere aintzat hartu behar dela. Bestela, Manuel Piquer CENeko presidenteak egoki ikusten du negoziazio kolektiboa «gazteleraz edo euskaraz egitea».
