Ez guztien begien bistara, baina, aurten, udaberria ailegatzerako ere batzuk hasiak ziren aurtengo Iruñeko Topaketen fruituak biltzen. Ofizialki, ostiral honetan abiatuko da bi urtean behin 1972ko Arte Topaketak gogoratzeko hirian egiten duten programazioa, eta hilaren 12ra bitarte, dozenaka solasaldi, musika emanaldi eta arte instalazio dituzte antolatuta hirian barna. Ordea, ez da ordura arte itxaron beharrik dardara artistikoa antzemateko, festibalaren irekiera ekitaldirako bi egun falta direnean zabaldu baitute haren babesean ondu duten erakusketetako bat. Topaketen Eskola izeneko programatik tiraka ondutako mostra da, zehazki, Kondestablearen jauregian dago ikusgai, eta iragan martxotik ekainera Nafarroako hamahiru ikastetxetan eginiko arte tailerretan du sorburua. Udaberri betean, alegia.
Topaketen Eskola antolatu duten hirugarren aldia izan da aurtengoa. Erakusketaren komisario Garbiñe Ortegak zehaztu gisara, guztira 403 haur eta gaztek parte hartu dute, eta, hortaz, haien guztien «begiradak» jaso dituzte. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak dira, Nafarroako ikastetxe publikoetakoak guztiak, eta landa eremuko zentroetakoak asko: hala nola Eloko Santa Barbara eskolakoak, Iruritako Herri Eskolakoak, eta Pitillasko, Beireko eta Uxueko eskoletakoak.
Gainera, Zubiriko Gloria Larrainzar ikastetxeak ere parte hartu du aurtengo aldian, eta, hain zuzen, zentro horretako hainbat ikaslek lagunduta egin dute mostraren aurkezpena gaur Iruñean, Ainhoa Artxanko irakaslea ere haiekin zela, besteak beste.
Zubiriko eskolako haurrak, erakusketaren aurkezpenean, Kondestablearen jauregian. J. M. / FOKU
Iruñeko Topaketek landa eremuko ikastetxeei zabaldutako aukera eskertu die Artxankok antolatzaileei, baina, orobat, zentrook kultur programetara eta oro har kultur jardueretara daukaten sarbideari buruzko diagnostiko mikatz bat ere plazaratu du, zorrotz. Kasurako, nabarmendu duenez, «adierazgarria» da haren ikasleetako batzuentzat oraingo hau izatea Kondestablearen jauregia zapaltzen duten lehenbiziko aldia, eta dauzkaten baliabideak ez zaizkiela aski iradoki du, hala.
Ibilbideetan barna eskolara
Nolanahi dela, orain, Topaketen Eskola programaren bitartez ikasleek izandako esperientzia «guztiz aberasgarria» izan dela nabarmendu du Zubiriko irakasleak. «Balio izan digu ikasleei erakusteko artistak bizirik daudela, are hezur haragizkoak direla, ez direla soilik liburuetan dauden horiek», kontatu du. Mirari Etxabarri eta Marina Lameiro artistak aipatu ditu orduan. Haiek gidatu zituzten ikasleentzako tailerrak Zubirin, eta haiekin eginiko lanaren erakusle da erakusketa bera orain, besteak beste.
Indar ikusezinak izeneko tailerra gidatu zuen Etxabarrik. Aprobetxatuta haren taldean aritzekoak ziren ikasleek eguzki sistemari buruzko eskolak hartuak zituztela, unibertsoari erreparatu zion hark ere ikastarorako. Gorputz mugimenduekin, batetik, eta arte plastikoei loturikoak diren beste teknika batzuekin, bestetik, «unibertsoan elkarri loturik» diren elementuei begira jarri zituen haurrak. Gainera, Iruñeko Topaketen egitarau nagusian jorratuko den ibilbideetako bati ere egiten dio keinu tailer horrek: Zergatik eraiki gara horrela?.
Izan ere, hau da eskolekin elkarlanean ondutako proiektuaren beste helburuetako bat: festibalean lantzen diren ardatz batzuk egokiturik eramatea eskoletara. Etxabarrik egin bezala, adibidez, antzera jardun zen Lameiro ere, eta Zinema, amore ematen ez duen irudia ibilbidea eraman zuen gidatutako tailerrera; Maite Arrotajauregi Mursegok Izan ginen ahotsak ibilbidea izan zuen abiapuntu Barañaingo Alaiz institutuan Soinua soinean izeneko ikastaroa diseinatzeko, eta hari berari begiratuta aritu ziren, preseski, Peru Galbete eta Xabier Erkizia ere; Iruritan bata, eta Lizarran bestea.
«Esperimentazioa guztiz erdigunean izan da prozesuan, asmoa ez baitzen artista bat eskolara joatea eta esplikatzea arte garaikideari buruzko zerbait»
GARBIÑE ORTEGAErakusketaren komisarioa
Erakusketa urriaren 18ra arte izanen da zabalik Iruñean, astelehenetik ostiralera, goizez eta arratsaldez. Garbiñe Ortegak, ikasleek sorturiko piezei ez ezik, aretoan barna paratutako argazki bildumari eta ikus-entzunezko laburpenari erreparatzeko gonbita ere egin du, gainera. «Esperimentazioa guztiz erdigunean izan da prozesuan, asmoa ez baitzen artista bat eskolara joatea eta esplikatzea arte garaikideari buruzko zerbait; jolasa, pentsamendua eta esperimentazioa izan dira gure ezinbesteko zutabeak. Orain, bideoak eta argazkiak ikusita ere agerian gelditzen da hala gertatu zela».
