Iruñeko Udalak Maria Luisa Elio zinemagile iruindarra omenduko du urrian

Iruñeko Udalak Maria Luisa Elio zinemagile iruindarra omenduko du urrian

Maria Luisa Elio zinemagile, aktore eta idazlea jaio zenetik ehun urte bete diren honetan, haren omenezko ziklo bat antolatu du Iruñeko Udalak urrirako: Maria Luisa Elioren mendeurrenean: ondare bat Iruñerako. Iruñean jaioa zen Elio, eta Barañainen (Nafarroa) errotuak ere bazituen sustraiak. Orain, besteak beste lotura hori helduleku harturik, zenbait ekintza kultural prestatu dituzte hura oroitzeko eta hark egindako lana iruindarrei hurbiltzeko: poesia, antzerkia, zinema eta literatura jorratuko dituzte. Iruñeko Udalaren arabera, prestatutako aktibitateek agerian utziko dute Elioren lanak gaur egungo sortzaileengan duen eragina. Bihar hasiko da zikloa, eta jarduera guztiak Iruñeko Kondestablearen jauregian eta Txantrea auzoko Salestarrak zentro komunitarioan egingo dituzte. Dohainik izango dira, eta 18 urtetik gorakoentzat.

Udalak dioenez, prestatutako egitarauan aztergai izango dituzte, besteak beste, Elioren ibilbidea, haren identitatea, Iruñearekin duen lotura, eta haren obran erbesteak utzitako arrastoa. Lau jarduera prestatu dituzte guztira: mahai inguru bat, bi poesia errezital, bi irakurketa «dramatizatu», eta film baten proiekzioa eta haren inguruko elkarrizketa.

Zikloa bihar hasiko dute, 19:00etan, mahai inguruarekin preseski: Maria Luisa Elío: un legado para Pamplona (Maria Luisa Elio: ondare bat Iruñearentzat). Solasaldi horretan, Elioren lanaren «gaurkotasuna» aztertuko dute; hark gaur egungo adierazpen artistikoetan izan duen eragina. Besteak beste, nostalgia, oroitzapena, itzulera eta denboraren joana landuko dituzte. Fatima Frutos ikertzaileak, Inma Biurrun poetak, Patxi Irurtzun idazleak, eta Jesus Barkos kazetariak hartuko dute parte.

Datozen asteetarako ere jarduera gehiago prestatu dituzte. Maria Luisa en versos (Maria Luisa bertsotan) izeneko errezitala egingo dute urriaren 11n Kondestablearen jauregian, eta urriaren 20an Txantreako Salestarrak zentro komunitarioan. Kondestablearen jauregian beste bi jarduera ere egingo dituzte: urriaren 15ean, Y volver, volver, volver izeneko irakurketa dramatizatua, eta urriaren 18an, Lo que queda fuera del relato: María Luisa Elío y En el balcón vacío jarduera (Kontakizunetik kanpo geratzen dena: Maria Luisa Elio eta En el balcón vacío). Azken horretan, En el balcón vacío filma erakutsiko dute, eta horren inguruko solasaldi bat egin. Urriaren 24an amaituko dute zikloa, Y volver, volver, volver irakurketarekin; Txantreako Salestarrak zentro komunitarioan izango da hori.

Erbestea Mexikon

1926an jaio zen Elio, baina 36ko gerraren ondorioz erbestera joan behar izan zuen. Hasieran Frantzian izan zen, eta, urte gutxi batzuen buruan, Mexikora joan zen. Han zendu zen, 2009an. 

Mexikon garatu zuen bere obra. Idazlea eta aktorea izateaz gain, gidoilaria eta kultur eragilea ere izan zen. Literaturari dagokionez, Tiempo de llorar izeneko liburua idatzi zuen. Liburu horretan kontatzen ditu 30 urte igaro ostean Iruñera itzultzean izandako bizipenak. Zineman, En el balcón vacío izeneko filmean parte hartu zuen. Erbestean zegoela, Gabriel Garcia Marquez idazlearekin harremana ere izan zuen; izan ere, esana da Marquezek Eliori eskaini ziola Cien años de soledad liburua, eta iruindarra izan zela liburu horren lehen irakurlea.