«Euskaltegiko ikasleak dira gure matrikulazio kanpainarik hoberena»

«Euskaltegiko ikasleak dira gure matrikulazio kanpainarik hoberena»

1988tik Tuterako Herrerias kalean sustraitua izan ondoan, beste auzo batean, Alde Zaharretik aparte eginen du aurrerantzean bidea Erriberako AEKk; ez ausaz. Hamar urteotan etengabe hazi da matrikula kopurua euskaltegian, eta, orain arte erabiltzen zuten lokala txiki geldituta, San Martzial kaleko 31. zenbakira mugitu dira, «hazten segitzeko». Eskolak hasi berritan, bizi duten bolada gozoaz aritu da Maru Eriz Zabala irakaslea (Arrasate, Gipuzkoa, 1964).

Ongi joan da mudantza?

Ekainean hasi ginen gauzak biltzen eta antolatzen: gure gauza guztiak kaxetan sartu, bide batez guztia garbitu… Ia 40 urteko bizialdia izan da Herrerias kalean; pentsa zenbat gauza pilatu daitezkeen halako epe batean!

Erlikiarik ere aurkitu izanen duzue tartean, eta, akaso, nostalgia ere azaleratuko zen orduan.

Gauza asko nahasten dira. Aurkitu dugu, adibidez, lokala erosi zeneko dokumentu sorta bat, eta, hor, ezkutuko paperen artean, ikasle ohien zerrenda mordoa ere bai. Polita da horiek guztiak errepasatzea. Izen-abizen batzuk ikusi, eta pentsatzen duzu: «Hara! Hau ere izan zen hemen?». Edo, beste bat ikusi, eta ohartzen zara badagoela jendea duela ez-dakit-zenbat urte izan zena ikasle hemen, eta gero zenbait urtez utzi behar izan ziola ikasteari, baina azkenean berriz dela gurekin.

Eta izanen da bestelako kasurik ere: orain dela hogeitaka urte zuenean euskaldundu eta gaur egun dagoeneko euskaraz trebe eta normal bizi den ikaslerik.

Are gehiago, Arrigarai euskaltegiaren hasierako garaietan oso ohikoa zen jendea hemen euskalduntzea, gero barnetegira joatea, eta azkenean gurekin lan egitea, irakasle. Euskaldundutako jende asko hurbiltzen da gero ere gugana, gauza askotarako; harremanak estuak dira, eta betiko izaten dira. Komunitate bat osatzen dugu, azken finean.

«Euskaldundutako jende asko hurbiltzen da gero ere gugana, gauza askotarako; harremanak estuak dira, eta betiko izaten dira. Komunitate bat osatzen dugu»

Erriberan eta preseski Tuteran euskararen egoerak izan duen eboluzioari behatzeko talaia ere izanen duzue Alde Zaharreko lokala. Zuk zer sumatu duzu?

Ni hona etorri nintzenean bizitzera, zuzenean euskaltegira etorri nintzen lanera. Bueno, hobeki esanda, ni horretarako etorri nintzen hona, 1992an. Gogoan dut orduan ere matrikula kopuruak handiak zirela, eta asko ari zirela euskalduntzen; kalean ere sekulako giroa zegoen, euskarazkoa. Gero beherakada izan zen aldi batez. Kaleko giroa ere ez zen erraza, ezta egoera politikoa ere…

Giroa gaiztotua zegoen?

Bai, eta horrek kalte egin zigun. Zorionez, gure lankide batzuei esker, lortu zen euskaltegiari eustea, ahal bezala, eta ematen ziren eskolak. Oso larri egon ginen. Gero, pixkanaka-pixkanaka, goranzko joera hartu genuen berriz, eta, ordutik hona, gelditu gabe.

Eta balantzea ez da nolanahikoa: matrikulazioa %200 handitu da hamar urteotan. Bereziki zerk ekarri du gorakada?

Hainbat motibo daudela iruditzen zait. Batetik, gu burugogorrak gara; beti gabiltza lan eta lan, eta une oro saiatzen gara eskaerari erantzuten, egoerak ere ongi aztertzen… tinko. Nolanahi dela, gure ikasleak dira gure matrikulazio kanpainarik hoberena: haiek gustura daude, hori transmititzen diote inguruari, eta lagunak ere animatu egiten dira azkenerako.

Nafarroako Gobernuak helduen euskalduntzerako diru laguntzak handitze aldera egin dituen urratsek ere izan dute eraginik?

Bai. Lehendik ere sumatu genuen bultzada, matrikularen kostuaren portzentaje bat ordainduz laguntzen zutenean; eta, orain, are gehiago. Euskara ikasi nahi duen ororentzat laguntza izugarria da Euskarabidearena. Eta, gero, Errigora eta Agerraldia ere derrigor aipatu behar dira. Errigorak hasiera-hasieratik izan du helburu Erriberako euskalgintzan ari garenok diruz laguntzea, eta hori ere ezinbestekoa izan da, eta bada. Oso eskertuta gaude.

AEKk zenbat ikasle ditu Erriberan gaur egun?

160 ikasle izatera helduko gara ikasturte honetan. 16-18 talde ditugu osotara —baten bat ixteko dago oraindik—; haien erdiei Tuterako euskaltegian bertan emango dizkiegu eskolak; beste erdiei, «gela desplazatu» delakoetan.

Zer dira gela desplazatuak?

Autoa hartu, eta beste herri batzuetara joaten gara eskolak ematera. Horrela ari gara Cabanillasen, Arguedasen, Valtierran eta Milagron, besteak beste. Gainera, badirudi aurten Murchanten ere izango dugula taldea; urte askoz saiatu ondoren, lortzear gaude.

Zer harreman duzue Euskarabidea ez beste erakundeekin?

Zaila da. Tuterako Udalarekiko harremana ez da erraza. Zerbait antolatzen dugunean, beti jotzen dugu haiengana, baimenak eskatzeko-eta, eta, askotan, erantzunak ez dira gure gustukoak izaten. Udalekin, askotan luze egoten gara erantzun zain, edo ezezkoak jasotzen ditugu. Halere, guk argi dugu gure lana zein den.

«Etsipena sentitzen dugu batzuetan, baina, bestalde, jende askoren partetik jasotzen dugun babesa hain denez handia, aise indarberritzen gara»

Ez duzue izaten haize kontra ari zaretelako sentipena?

Bai, eta frustraziorik ere izaten da halakoetan. Kontrako jarrerak jaso izan ditugu sareetan, edo, adibidez, zerbait antolatu dugunean, behin baino gehiagotan apurtu dizkigute hura iragartzeko kartelak. Etsipena sentitzen dugu batzuetan, baina, bestalde, jende askoren partetik jasotzen dugun babesa hain denez handia, aise indarberritzen gara.

Euskaltegi berriaren inaugurazioan, anbizioz beteriko aitorpena egin zuen Erriberako AEKko arduradun Maite Arenalek: «Helburua da egoitza berri hau ere txiki gelditzea inoiz».

Beti gaude gora egiteko prest. Begira: euskaltegi zaharrean gela gutxi genituen, eta batzuetan gelak erreserbatu behar izaten genituen gizarte guneetan. Etorkizunean hori egin behar badugu, egingo dugu, pozik gainera, seinale ona izango baita.