«Su etenaren diskurtsoa ez da izan Palestinaren alde jaiki zen mugimenduari indarra kentzeko saiakera bat besterik»

«Su etenaren diskurtsoa ez da izan Palestinaren alde jaiki zen mugimenduari indarra kentzeko saiakera bat besterik»

«Gogorrena da pentsatzea ni elkarrizketa ematen ari naizen bitartean Zisjordania okupatzen ari direla», adierazi du Karim Daud Anayak (Qalqilya, Palestina, 1996) grabagailua itzali eta gero. Jarraian, bideodei bat hartu du. Daud Anaya palestinarra da, baina gaur egun Alemanian bizi da. Palestine 36 filmaren harira, palestinar erresistentziari buruz mintzatu da: «Herriarena dena kentzen hasten direnean, herria bera babestu egiten da, bai gaur egun, baita duela ehun urte ere». 

Zeri buruzkoa da filma?

Filmak 1936ko Palestinako egoeraz hitz egiten du. Garai hartan, Palestina Britainiaren agindupean zegoen, eta juduen kokaleku ilegalak areagotzen hasi ziren. Egoera hartan, filmak palestinar erresistentzia irudikatzen du jatorri eta klase sozial desberdinetako pertsonaien bitartez. Esan daiteke gaur egungo egoera islatzen dela, palestinar lurrak okupatzeko estrategia berberak ikusten ari baikara. 

Nola bizi da zure pertsonaia testuinguru horretan?

Nire pertsonaia Asuf da, eta, Palestinako landa eremuan bizi den arren, hirira joan nahi du bere bizi baldintzak hobetzera. Prozesu horretan, ordea, gobernu britainiarrak baimentzen dituen juduen kokaleku ilegalek behin eta berriz eragiten diote. Horraino kontatuko dut, ez dut-eta spoilerrik egin nahi. 

Nola islatzen da palestinar erresistentzia pelikulan?  

Hasieran, palestinarren harridura antzematen da, beren lurrak okupatzen ari ziren atzerritar horiek nor ziren galdezka. Garai hartako gobernu britainiarrari okupazioa gelditzeko eskatzen zieten, baina gobernuek eta armadek juduen kokalekuak babesten zituzten. Egoera horren aurrean, palestinarrak ez ziren isilik geratu, eta beren lurrak berreskuratzeko antolatzen hasi ziren. Herriarena dena kentzen hasten direnean, herria bera babestu egiten da, bai gaur egun, baita duela ehun urte ere. Hala ere, filmak erresistentziaren parte izateak dakartzan kontraesanak ere erakusten ditu.

Zisjordanian bizi zinenean, nola bizi zenuen zuk okupazioa?

Parkour egiteari esker izan nintzen kontziente inguratzen ninduen egoeraz. Askotan, Zisjordaniako hesiaren ondoan ibiltzen nintzen, baina gehienetan israeldar armadak botatzen ninduen handik. Horrela, nire gorputzaren mugak ezagutu nituen, hiriak berak zituen mugak ezagutzen nituen bitartean.

«Nire gorputzaren mugak ezagutu nituen, hiriak berak zituen mugak ezagutzen nituen bitartean»

Palestinarra zaren heinean, gogorra izan al zen zuretzat filma grabatzea?

Gustatu zait grabatzea. Dena den, emozionalki gogorra izan da; bereziki, grabatzen aritu ginenean Palestinako egoera okertu besterik ez zelako egin.

Nola izan zen filmatzeko lanak Palestinan egitea?

Helburua pelikula osoa Palestinan filmatzea zen arren, urriaren 7ko atentatuek dena aldatu zuten. Grabaketa gelditu behar izan genuen. Azkenean, Israelen erasoak apaltzen ez zirela ikusita, grabaketa Jordanian amaitu genuen. Horiek horrela, bi hilabete eskas iraun behar zuen grabaketa sei hilabeteraino luzatu zen.

Urriak 7ko atentatuetatik hiru urte bete dira. Nola sentiarazten zaitu urteurrenak?

Gogorra da ikustea hilketak eta suntsipenak aurrera jarraitzen duela. Hala ere, ikusi dut azken hiru urteetan Palestinaren okupazioaren inguruko kontzientziazioa asko zabaldu dela eta mundua, nola edo hala, esnatu egin dela. Gizartea jaiki egin da, eta genozidioa geratzeko eskatu du; horrek gizartea bera aldatu duela uste dut.

Zergatik da garrantzitsua Palestinari buruzko filmak egitea?

Zinema nork bere burua aztertzeko eta aldatzeko tresna bat da. Ikuslearengan sentimendu jakin batzuk sortzen ditu, eta ikusleak horietaz hausnartu behar du. Gainera, elkarrekin konektatzen gaitu. Film bat egitea bera ere zerbait artistikoa iruditzen zait, gizarteari zerbait erakutsi behar diola uste dut, eta hori egiten du Palestine 36-k. 

«Gizartea jaiki egin da, eta genozidioa geratzeko eskatu du; horrek gizartea bera aldatu duela uste dut»

Palestinaren aldeko jarrera hartzen duten filmak, askotan, deuseztatuak izan dira. Jasan duzue halakorik?

Bai, ezeztapen saiakera asko izan ditugu, bereziki sionisten aldetik. Israelen eta Israelek okupatutako lurraldeetan, filma debekatuta dago; Indian ere denbora batean debekatu zuten. Nire ustez, artea isilarazi nahiak asko esaten du tokian tokiko gobernuaz.

Zer esango zenioke genozidioa ukatu eta Palestina eta Israelen artekoari gerra deitzen diotenei? 

Oso argi ikusten da genozidio bat dela. Gerra, nola edo hala, bidezkoagoa da, bi berdinen arteko borroka bat baita. Genozidio batean, aldeetako batek ezin du ezer egin gertatzen ari denari aurre egiteko. Ezin da herrialde baten botere osoa erabili babestu ezin den herrialde baten aurka. Palestinarrek genozidio baten barruan egiten dute beren egunerokoa. Israelek Palestina ezabatu nahi du, ez bakarrik bertan bizi den jendea, baizik eta bertako kultura eta memoria ere bai. Horregatik esan behar dugu hau genozidio bat dela.

Nola ikusten duzu su etena?

Ez dago su etenik; su etenaz hitz egiten dute, baina genozidio baten testigu gara oraindik ere. Palestina okupatzen, suntsitzen, bertako memoria ezabatzen eta jendea hiltzen jarraitzen dute egunero. Su etenaren diskurtsoa ez da izan Palestinaren alde jaiki den mugimenduari indarra kentzeko saiakera bat besterik.

Noizbait izango da aske Palestina?

Ez bakarrik Palestina: gainerako herrialde guztiak ere bai.