Nafarroako Gobernuak 2027ko aurrekontuen aurreproiektua onartu du. Legealdiko azken aurrekontuak izango dira, eta Maria Txibiteren gobernuak 7.285 milioi euroko proiektua aurkeztu du, aurtengoarekin alderatuz, %8,1 potoloagoa. Gastuak ere gora egingo du, eta aurreikusi du 6.851 milioi eurokoak izatea datorren urterako, %8,4 gehiago.
Baieztatu dute zifra horrek barnebiltzen dituela EH Bilduk egin dituen hainbat ekarpen, horiek zeintzuk diren zehaztu ez duten arren. Hortaz, oraingoan ere eta itxura guztien arabera EH Bildu izango da PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroak osatzen duen gutxiengo gobernuari bide emango diona aurrekontuak atera ahal izateko.
Gaur goizean onartu du aurreproiektua Nafarroako Gobernuak, eta ondoren eman du prentsaurrekoa Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Zehaztu du urriaren 30ean igorriko zaiola aurrekontuen proiektua izango dena parlamentuari —azaroaren 1a baino lehen behar du izan—, eta orduan ekingo diotela horiek eztabaidatzeari. «Dena ondo badoa eta negoziazioak ondo amaitzen badira, abenduaren 17an egingo da aurrekontuen osoko bilkura».
Aurrekontua xehatzeari ekin dio Arastik, eta gastu sozialarekiko gobernuaren «apustu iraunkorra» azpimarratu du. Diru kopuru osoaren %54 bideratuko lukete horretara; alegia, Osasun eta Hezkuntza Departamentuetara, Etxebizitza Departamentura, eta Gizarte Eskubideen Departamentura. Aurtengo aurrekontuetan ere %54,5 bideratu dute gastu sozialera.
Etxebizitzara hirukoitza
Departamentuak banan-banan aztertuz, osasunera bideratuko lukete diru gehien, 1.677 milioi euro, eta horren atzetik legoke Ekonomia eta Ogasun Departamentua, 1.200 milioi euroko aurrekontuarekin. Ehunekoei erreparatuz, etxebizitza da gehien haziko litzatekeen departamendua; 8,5 milioi euro bideratu dira horretara aurten, eta datorren urterako 22 milioi bideratu nahi dituzte, %158 gehiago. Arlo horretan, Arastik gaineratu du bost milioi euro mugituko dituztela Nafarroako Gobernuaren jabetza duten etxeak alokairu publikora bideratzeko.
Esan du aurreproiektua egitekoan kontuan hartu dituztela Airef ikuskatzaile independenteak onetsi dituen aurreikuspen ekonomikoak. Horien arabera, Nafarroako BPGa %2 haziko da 2027an; inflazioaren batez bestekoa %2,5ekoa izango da, eta langabezia tasak behera egiten jarraituko du, %7,5eraino. Horrez gain, defizita %0,3 izatea du ezarria Nafarroak helburu gisa —Espainiako Gobernuarekin adostu zuen hori—. Eta zorrari dagokionez, gobernuak aurreikusi du zor publikoa BPGaren %8,7aren baliokidea izango dela 2027 urte amaierarako; 2025 urtea %9,4ko balioarekin itxi zuen.
Ekarpena zenbatekoa izango den. Datorren urtean, 996 milioi euro ordainduko dizkio Nafarroak Espainiako Gobernuari, bere gain hartu gabeko eskumenen truke. Aurten egindako ekarpena baino %6,9 gehiago izango da, 932 milioi ordaindu baititu.
Bestalde, Europako Batasunaren suspertze funtsa amaitu egingo da 2027an, eta Nafarroako Gobernuak adierazi du, hori konpentsatze aldera, indar gehiago jarriko duela berrikuntzan, eraldaketa digitalean, kulturan, turismoan, etxebizitzan eta industrian, besteak beste. Horri lotuta, beste inbertsio funts bat ere onartu du, eta datorren asteazkenean onartuko dute gobernuan. «Horrekin, inbertsio plan bakarra eratuko da, 800 milioi eurotik gorako zenbatekora iritsi ahal izango dena», esplikatu du Arastik.
Proiektuei dagokienez, zenbait nabarmendu ditu. Beste askoren artean, txertoen arloan inbertsio handia egingo dutela esan du; digitalizazioko eta efizientzia energetikoko proiektuetan ere aurrera egingo dutela, eta osasun zentroak eraikiko dituztela Tuteran eta Zarrakaztelun. Euskararen inguruan ere adierazi du urratsak egingo dituela helduen alfabetatzean, baita administrazioetan euskara erabiltzea sustatuko dutela ere. Ez dute horretarako planik zehaztu oraingoz.
Errepideetako segurtasuna hobetzean ere jarri du arreta gobernuak, N-121-A errepidean bereziki. Nafarroa eta Madril lotuko dituen A-15 autobideko lanak ere barnebiltzen ditu aurrekontu proiektuak, argudiatuta horrela lehiakortasuna irabaziko duela Nafarroak.
Nafarroako Gobernuaren arabera, industrian eta trantsizio ekologiko eta digitalean ere aurrerapausoak emango lituzkete aurrekontu horiekin: «Bultzada garrantzitsua da Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako sailarentzat, eta %30 haziko litzateke industriara bideratutako aurrekontua. Mugarri bat ezartzen du horrek, are gehiago EBren Next Generation funtsak agortzen ari diren une honetan». Arastik erantsi du %43 haziko liratekeela trantsizio energetikoarekin zerikusia duten jarduerei zuzendutako baliabideak.
Laborarien ur beharrak asetzeko, gogoratu du Nafarroako Kanalaren bigarren fasearekin jarraituko dutela.
