Ane Lindaneren bakarrizketa bat, mihise gaineko dantzak eta ‘Amour’ antzezlana, Iruñaldia festibalean

Ane Lindaneren bakarrizketa bat, mihise gaineko dantzak eta ‘Amour’ antzezlana, Iruñaldia festibalean

Kirmen Uriberen esaldi batek eman zien abiapuntua. «Mundua edertzen du euskarak», idatzi zuen 2024an ondarroarrak, eta hitzok koordenatu geografiko zehatz batzuetara egokituz eman diote lelo bat Iruñeari orain, udazkenerako: Euskarak edertzen du Iruñea. Bilboko Loraldia jaialdiak Iruñaldia kultur zikloa antolatu du hirugarrenez, euskarazko proposamen artistiko garaikideak Nafarroako hiriburura ekartzeko egitaraua, eta euskarak hiriari egiten dion ekarpenaren handia bildu nahi izan dute leloan bertan ere, horregatik. Azaroaren 5etik 14ra bitarte eginen dute festibala aurten, eta, gaur, hilabete ere falta ez den honetan aurkeztu dute antolatzaileek programazioaren mamia. Bederatzi arte diziplinatako 11 ekitaldi jaso dituzte guztira.

Dena dela, kultur eskaintzari buruzko ohartarazpen bat ere egin behar izan dute ziztuan antolatzaileek. Imanol Agirre Loraldiko zuzendari artistikoak jakinarazi duenez, azaroaren 11n egin asmo zuten ekitaldia bertan behera utzi dute, Hegoaldean egun horretarako deitua dagoen greba orokorragatik. Musika Bulegoaren Kanthoria eta Auto-tunea erakusketaren irekiera ekitaldia zegoen programatua ordurako: Xabier Erkizia, Julen Goldarazena, Verde Prato eta Zaldiko Maldikoko kantu tailerreko kideen emanaldi bat, Kondestablearen jauregian, 19:00etan. Ez dute egun horretan eginen, baina, Agirrek zehaztu duenez, beste egun batera mugitzeko aukera aztertzen ari dira une honetan, Iruñeko Udalarekin batera. Nolanahi dela, erakusketa ikusgai izanen da festibalaren hasieratik aitzinera.

[articles:2149856]

Bestela ere, eskaintza zabala ekarriko du Iruñaldiak, eta agerikoa da proposamenok hiriko hainbat espaziotara zabaltzeko apustua ere. Hamar tokitan antolatu dituzte ekitaldiak guztira. 

Olerki, doinu eta dantza

Euskalerria irratiaren estudio berrietan irekiko dute festibala, azaroaren 5ean. 19:00etatik aurrera, DJ festa, musika eta irudia jauzika ekitaldia izanen da hor. DJ jardunari buruzko solasaldi bat izanen da haren muina, baina musika saioak ere tartekatuko dituzte, eta, aldi berean, irudiak proiektatuko dituzte zortzi metroko pantaila erraldoi batean. Honako hauek hartuko dute parte: Iker Oiz, Martxintxo Etxauri Txo, Ana Ventana Arsenyke eta Adriana Urmeneta. Gainera, egun berean baina 20:00etan hasita, Irati Jimenez idazleak hitzaldia emanen du Katakraken, Gaupasa kluba haren literatur lan berritik abiatuta. 

Biharamunean, azaroaren 6an, Geltoki gunera eginen du jauzi Iruñaldiak. Ane Lindane umoregileak bakarrizketa feminista eskainiko du 20:30ean. Gastronomiarekin ere uztartu dute emanaldi hori, gainera; bakarrizketa aditu bitartean, dastaketa bat egiteko aukera ere izanen dute ikusleek. 

Azaroaren 7an eta 8an, asteburuan sarturik dagoeneko, antzokiek hartuko dute lekukoa; teatroak eta poesiak, zehazki. Larunbatean, Marie de Jongh konpainiak Amour obra taularatuko du Civivox Pompelo eraikineko areto nagusian, eta, biharamunean, Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko ikuskizuna ikusi eta aditzeko aukera izanen da Nafarroako Antzerki eskolan —Gotzon Barandiaranen nire Galbahea poesia liburutik tiraka ondutako proposamen musikala da hori—. 

Eta bada gehiago ere. Azaroaren 10ean, Olatz Salvadorrek eta Alaia Martinek elkarrekin ondutako 1:1 eskala ikuskizuna izanen da Laban, 19:30ean. Hilaren 12an, musika eta poesia uztartzen dituen Amaitasunaren lorratzak eskainiko dute Maddi Etxeberriak eta Txomin Hegik, Karrikirin. 13an, Nogen musika taldeak kontzertu berezia emanen du Gaiarren, bandaren hamargarren urteurrenari tiraka.

Ixteko, hilaren 14an, mihise gaineko dantza ikusteko aukera izanen da Udaletxe plazan bertan: Kresala dantza taldeak Aztarnak ikuskizuna eskainiko du eguerdi partean, 12:30ean hasita. Eta, bukatzeko, Civivox Pompelora itzulita emanen dio amaia bere buruari Iruñaldiak: Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberioren Lur emanaldiarekin.