Gazteentzako eleberri batean jaso dute Pirinioaurreko emakumeen memoria

Gazteentzako eleberri batean jaso dute Pirinioaurreko emakumeen memoria

Karekin Kultura mikrokooperatibak Ritual izeneko proiektua abiarazi du Pirinioaurrean, landa eremu horretako emakumeen memoria jaso eta zabaltzeko. Elkarteko kide Kati Leatxek eta Estitxu Larreak NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlari Rut Iturbide izan dute bidelagun egitasmo horretan; azken hiru urteotan egindako lan horrek, hain zuzen, bi emaitza eman ditu: gida bat eta eleberri bat.

Batetik, Iturbidek prestatu du gida, memoria eta ondarea biltzeko prozesuetan genero ikuspegia nola txertatu aztertzeko, eta, bertzetik, Leatxek Amatxi maitia izenburuko eleberri motza idatzi du gazteentzat —gaztelaniaz da—. Larreak egin du liburuaren diseinua. Ritual egitasmoaren bidez ezagutu dituzten emakumeen istorioak jaso dituzte idazlan horretan. Iruñeko Emakumeen Etxean aurkeztuko dute dena, urriaren 7an.

Ritual egitasmoa 2023an jarri zuten martxan, Innova programaren laguntzarekin. Ondarearen inguruko kezkak bidea eman zien Leatxeri eta Iturbideri Pirinioaurreko emakumeen memoria jasotzen hasteko. Eskualdeko erakundeen babesa eskertu dute biek; izan ere, udalak, euskara eta berdintasun teknikariak, hedabideak eta bertze hainbat eragile hasieratik inplikatu dira proiektuan. Jasotako memoriaren esparruan dagoen hutsuneari erreparatzea izan da abiapuntua. «Emakumeen ikuspegia ez dago jasota, haiei ez baitie inork galdetu», nabarmendu du Iturbidek.

Hark eta Katxi Leatxek, hain zuzen, horixe egin dute: emakumeei galdetu. Gainera, arlo jakin bati buruz galdetu diete: andreen aurkako indarkeriari buruz. «Botere harremanak, emakumeen gaineko kontrola eta andreek herriko bestetan bete duten rola jorratu ditugu, bertzeak bertze, landa eremu batean», zehaztu du Iturbidek. 

«Botere harremanak eta emakumeen gaineko kontrola jorratu ditugu, bertzeak bertze, landa eremu batean»

RUT ITURBIDE NUPeko ikerlaria

Iturbidek nabarmendu du egindako elkarrizketen bidez emakume batzuek «lehendabiziko aldiz» hitz egin dutela pairatu duten indarkeriari buruz. «Senarrak, irakasleak eta apaizak izan dira indarkeria erabili dutenak, bertzeak bertze». Iturbidek erantsi du, gainera, familiako gizonek emakumeak kontrolatzen zituztela etxean eta etxetik kanpo. «Aitak erabakitzen ez bazuen, nebak edo mutil lagunak zehazten zuen emakume batek noiz itzuli behar zuen etxera, adibidez».

Emakumeen memoria «isilpean» da oraindik, neurri handi batean ondarea biltzeko orain arteko prozesuetan ez delako genero ikuspegia txertatu, oro har. Errealitate hori aldatzen lagundu nahi dute Ritual proiektuko kideek, eta asmo horrekin osatu dute ondarea jasotzen lan egiten dutenentzako gida bat. Bada, Iturbidek azpimarratu du ondarearen esparruan lan egiten duten hainbat eragilerekin landu dutela gida, eta denek inplikatu nahi izan dutela.

Leatxe, «hunkituta»

Emakumeon egunerokoaz, herriko bizitzaz eta bertzez jasotako informazioa erabili du Kati Leatxek bere eleberria osatzeko. Aitortu du, gainera, familiako emakumeen bizipenak ere jaso nahi izan dituela. «Garrantzitsutzat» jo du nork bere inguruko emakumeen genealogia ezagutzea.

«Hunkituta» agertu da Leatxe urriaren 7ko aurkezpenean. Nabarmendu du, batetik, Estitxu Larrea alabarekin ondu duela Amatxi maitia, eta horrek «poz handia» eragin diola. Gaineratu du alaba izan duela «kritikari nagusia», eta hark emandako gomendioei esker azken emaitza «hobetu» duela.

«Gazteak amen, izeben eta amonen historiari begira jarri nahi nituen, andreon egunerokoa ezagutzera deitu»

KATI LEATXE Karekin Kultura kooperatibako kidea

Larreak ama lagundu du eleberria idazteko bidean, baina ez hori bakarrik: diseinua ere egin du. Azaldu du hasierako asmoak bazter utzi zituela eleberria kaleratzeko epea bukatzear zenean, ez baitzegoen kontent egindako lanaren emaitzarekin. «Azkenean, hutsetik hasi eta collagea erabiltzea erabaki nuen», kontatu du. Teknika horrek «freskura» eman dio eleberriari, eta lana irakurle gazteengana hurbildu.

Hori izan da Kati Leatxeren helburua, hain zuzen: «Gazteak amen, izeben eta amonen historiari begira jarri nahi nituen; andreon egunerokoa ezagutzera deitu nahi izan ditut». Iturbidek berretsi du emakumeei ez zaiela galdetu orain arte, baina galdetuz gero «hitz egiteko prest» direla. Gordetako memoria agerian gelditzeko zain da.