Sabaietatik zintzilik, hormetan bermatuta eta are zolan utziak diren artelanei bakarrik ez, ikusgai ez den horren arrastoari ere begiratzeko gonbita da Iruñeko Ziudadelako Arma aretoko erakusketa berria. Ez da kasualitatea izenburuan bertan ere absentziaren ideiarekin jostatu izana: Hemen ez den nonbait. Jone Rubiok eta Elena Olabek komisariatu dute, Iruñeko Topaketen programazioaren parte da, eta hamabost artistaren piezak jasota daude guztira. Iruñeko Udalaren Arte Garaikideko Bildumatik hautatutako lanak dira, batetik; eta, bestetik, gorabidean diren hiru euskal artistarenak: Leire Lakuntza, Ainhoa Apeztegia eta Nagore Txibite. Batik bat, haien guztien arteko «elkarrizketa» bisitariei helarazteko bokazioa du proposamenak, eta, orobat, pieza horiek guztiak non diren, jendeak horri erreparatzea ere nahi lukete komisarioek. Isilka izanik ere inguruko arkitektura osatzen duten harriek kontatzen duten horri guztiari. Zehatzago esanda: biolentziaz kargaturiko memoriari.
Izan ere, Ziudadelako murruek antzina zeukaten funtzio militarrari «ez ikusiarena» egitea ezinezkoa izan zitzaiela nabarmendu dute orain Rubiok eta Olabek. Erakusketaren aurkezpenean, gogora ekarri dute Espainiako Felipe II.a erregearen aginduz eraiki zela Ziudadela, XVI. mendean, erasoetatik babesteko, eta, are, 1936ko gerran frankismoaren kontra jarduten ziren ehunka herritar fusilatu zituztela bertantxe. «Frankismoaren azken urteetan, une batetik bestera, indarkeriaz kargatutako toki hau gozamenerako, hausnarketarako eta esperimentaziorako leku bihurtu zen», azaldu du Rubiok. Eta zera aitortu dute mostrari buruzko liburukian: «Kontraesan horretaz kontziente izanda komisariatu dugu erakusketa hau».
Historiaren karga politikoa eta memoria dira, hain justu, erakusketa alderik alde josten duten harietako bi. Izatez, Georges Didi-Huberman pentsalari eta arte historialariaren esaldi bat ere ekarri dute gogora hori nabarmentzeko: «Toujours, devant l’image, nous sommes devant du temps (Irudi baten aurrean gaudenean, denboraren aurrean gaude beti)».
Baina hori guztia nola gelditzen da bistara artelanetan? Komisarioen iritziz, bada mostrako artelan guztiek daukaten eta memoriaren pisuarekin estuki lotua den abiapuntu bat. Diotenez, «errealitatearen gaineko muntaketa edo fikzioa ariketak» dira guztiak, «fikzioa memoria ariketen ondorioz gertatzen den heinean, eta alderantziz».
Intimitate batzuk besteekin
Aretoan ez dago lan bakoitzaren izenburua eta egilearen izen-abizenak adierazteko inolako markarik, eta, era berean, piezak aurrez ezagutu ezean, bisitariak ezin du bestela bezala jakin zein diren Iruñeko Udalaren bildumatik atereak eta zein Lakuntzarenak, Apeztegiarenak edo Txibiterenak. Eta horrek are eta libreagoa egiten du behaketa, iradoki dutenez.
Elba Martinezen No un sitio sino el sitio (2003) eta Mariana Vassilevaren Journal (2005) ikus-entzunezko lanek zabaltzen eta ixten dute mostra, aretoaren ertz banatan, eta «intimitateetan» —ez bakarrean, baizik hainbatetan— barneratzeko leiho gisara ere funtzionatzen dute, orobat. Izan ere, besteak beste, Txibitek bere lagunei ateratako argazkiak dira bistara ondotik, eta antzera, adiskideen kariñoa helarazten du, hurbil kokatuta, Iranzu Antona artistaren Amigas instalazioak. Azken hori zurezko bi mahai txikik osatzen dute nagusiki, eta argazkitarako marko huts bat ere bada tartean.
Olaberen esanetan, Antonaren eta Txibiteren artelanek ez ezik, erakusketan jasotako beste askok ere —esaterako, Pilar Soberonenak, Elena Urdazirenak eta Mireya Masorenak; udalaren bildumakoak dira hirurok— garbi iradokitzen dituzte «bizitakoarekin bestela erlazionatzeko espazio intimoak». «Denbora makinak balira bezala, beste dimentsio sentikor batera mugiarazten gaituzte», azaldu du, zehazki, eta adibide gehiago ere eman du argudio hori indartzearren: Txaro Fontalbaren Carta de amor (2007) eta Carmen Marcosen Arqueología de una tristeza (1995) eskulturak, besteak beste.
Arma aretoan, bi-biok ematen dute atentzioa, irudikatzen dituzten formengatik batik bat. Fontalbaren pieza somier gorri bat da, baina koltxoiari eusteko malgukiak kizkurtuta daude, hitzak eta, haiekin, bata bestearen segidan, «gutun» bat osa dezaten; Marcosena, aldiz, brontzezko kulero bat da. Olabe: «Lanotan, helarazten zaiguna da objektuak eta afektuak harremanean existitzen direla, eta elkar modulatzen dutela, eta zentzua ematen diotela batak besteari».
Eulalia Valldoseraren ‘La espera’ argazkia, Arma aretoko horma batean zintzilik. I. URIZ / FOKU
Bestalde, Eulalia Valldoseraren La espera (Still Life series #8) argazkiak hartzen du salaren hormetako baten erdia. 1999an atera zuen artistak; logela bat da, eta maindire zimurrez estalitako ohe batek du protagonismo handiena hartan; horrek eta gainean soilik eguzkiaren argiak argitzen duen ohearen ertz batean antzeman daitekeen sabelalde batek. Kurioski, Valldoseraren obra hau bigarrenez heldu da Arma aretora urtebeteko epean; iaz, Juan Zapater arte kritikariak komisariatutako Etorkizun ezeztatua erakusketaren parte izan baitzen han bertan.
Eta halere, ezin uka Iruñeko Udaleko bildumako obrek baino are eta atentzio handiagoa ematen dutela Apeztegiaren, Lakuntzaren eta Txibiteren lanek. Ez alferrik. «Gaur egun Euskal Herriko artearen esparruan egiten ari diren hautuen eta jarduteko modu baten eredu dira hirurak», nabarmendu du Olabek aurkezpenean. Salaren alde batean Lakuntzak eta Apeztegiak konpartitu duten gunea da horren adibide; Apeztegiaren kolore biziko argazki eta laminek, batetik, eta Lakuntzaren ispilu itxurako pieza zapal distiratsuek, bestetik. Batzuk zein besteak zolan jarrita daude, baina, hain dira deigarriak, ezen nabarmen betetzen dute espazio osoa hala eta guztiz.
Ainhoa Apeztegiaren lanetako batzuk, Arma aretoko zolan. I. URIZ / FOKU
Gainera, Lakuntzaren piezetan indarrez egiten du dirdira argiak, paretetan ere islatzen da dirdaia, eta agerikoa da ur putzuekin daukaten antza. Kasik ematen du sabaian itaxurak daudelako heldu direla hara.
Idatzi eta dantza
Erakusketa urtarrilaren 31ra bitarte izanen da ikusgai Ziudadelan, eta, gainera, beste jarduera batzuk ere antolatu dituzte mostraren osagarri gisa, Iruñeko Udalaren babesarekin: bi idazketa eskola eta kontzertu bat.
Azaroaren 7an, Iñigo Satrustegik Oroimena orri zuri bat da izeneko idazketa lantegia gidatuko du. 11:00etan eginen dute, eta kontakizunaren eta oroimenaren arteko loturan arakatzea izanen da xedea. Arma aretoan bertan eginen dute, eta ezinbestekoa da aurrez izen ematea; cultura@pamplona.es helbidera idatzi behar da horretarako.
Abenduaren 12an, Carmen Rodriguez Conesak Carmasutra izeneko kontzertua eskainiko du, 18:00etan hasita.
Eta 2027an sarturik dagoeneko, urtarrilaren 16an zehazki, eta 11:00etan hori ere, preseski Ainhoa Apeztegiak eta Nagore Txibitek gidatutako tailerra izanen da areto berean: Ingurua izendatuz gerorako lur bat malgutuz du izena. Ane Zubeldia Magriña idazleak Kontra poema bilduman jasotako aipu bati tiraka eman diote izenburua lantegiari, eta, hain zuzen, beste autore batzuen lanei begira eginen dute tailerra bera ere. Nabarmendu dutenez, mostrako irudiak beren testuekin eta beste idazle batzuenekin hartu-emanean jarriko dituzte Apeztegiak eta Txibitek, eta, hala, asmoa da «kolektibotik eta taldeka» lantzea narratiba propioak.
