Ehunka lagun elkartu dira Iruñean etxebizitza eskubidearen alde

Ehunka lagun elkartu dira Iruñean etxebizitza eskubidearen alde

Makina bat giltza astintzean entzuten den hotsarekin batera, oihu bat entzun da Iruñean gaur arratsaldean. «Giltzak gora, hau lapurreta bat da!». LABek deituta, ehunka lagun elkartu dira gaur Nafarroako hiriburuan, etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioan. Sindikatuak adierazi du etxebizitza ez dela negozioa eta putre funtsak Euskal Herritik kanporatu behar direla. Horren harira mezu zuzena helarazi dio Nafarroako Gobernuari: aurtengo aurrekontuetan Testa Residencial funtsaren etxebizitzak desjabetu ditzala eta hark kalte egindako 500 maizter ingururi konponbidea eman diezaiela.

Baluarte jauregiaren kanpoaldean bildu dira manifestariak, 17:30ean. Aurretik, bi helmuga. Lehena geografikoa, Gazteluko plazarainoko ibilbidea; bigarrena, berriz, azaroaren 11ko greba orokorra. Egun erabakigarri horri begira prestatzen hasi dira manifestariak. «Greba oso arrakastatsua izango da. Fabrikak geldituko ditugu, eta kaleak bete, etxebizitza benetan eskubide bat izan dadila aldarrikatzeko», azpimarratu du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak.

«Greba oso arrakastatsua izango da. Fabrikak geldituko ditugu, eta kaleak bete, etxebizitza benetan eskubide bat izan dadila aldarrikatzeko»

IGOR ARROYOLABeko koordinatzaile orokorra

Hodei grisak goian eta batukada baten burrunba aurrean, mila lagun inguruk ekin diote manifestazioari. Aldarri asko entzun eta irakurri ahal izan dira manifestazioaren aurrealdean, hala nola Denetarik kendu diguzue, baita beldurra ere leitu zitekeen karteletako batean, eta Zure bizi proiektua salgai. Kartelen artean, sai erraldoi bat nabarmendu da, alboan zituenei mokoka, etxebizitza espekulaziorako negozio gisa ikusten dutenen irudikapen gisa.

Nafarroa Behereko etorbidean eta batik bat Karlos III.aren etorbidean hainbat herritarrek interesez erreparatu diete manifestazioari eta manifestarien oihuei. Inkestek adierazten dute etxebizitza dela herritarren kezka nagusia gaur egun. Nafarroako Gobernuak 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatu zituen iaz, eta, neurri horren eraginez bigarren hiruhilekoan alokairu errentak %5,3 merkatu badira ere, batez beste 796 euro ordaintzen dira hilean. Salmenta prezioei dagokienez, metro koadroko 1.932 euro ordaintzen dira gaur egun. 

Ordubete geroago heldu da manifestazioa Gazteluko plazara. Kioskoan, kartel handi bat paratu dute: Testa Residencial eta haren jabea, Blackstone nazioarteko funtsa. Kartel horren atzean jarri da putre erraldoi baten mozorroa zeraman manifestaria, eta behean zirenek tenis pilotak jaurti dituzte, kartela hautsi eta saia erori den arte. 

«Ez gaituzte mugituko etxetik. Kontratua bukatzean bertan bizitzen jarraituko dugu. Ez gaituzte botako»

HARITZ ESCUDEROTestaren maizterra

Bere garaian Nafarroako Gobernuak bultzatutako babes ofizialeko 507 etxebizitza Testaren eskuetan daude orain. Guztiak ere Iruñean: Etxabakoitz, Buztintxuri, Artika, Sanduzelai eta Arrotxapea auzoetan. Etxe horietako maizterrek 25 urte baino gehiago egin dituzte bertan bizitzen, eta orotara 150.000 euro ordaindu. Testak asmoa azaldu du alokairu kontratuak amaitzean maizterrak kanporatzeko, etxeak saltzeko eta negozioa egiteko. 

Horren harira, Haritz Eskuderok maizter horien izenean iragarri du ez dutela etxea uzteko asmorik. «Ez gaituzte mugituko etxetik. Kontratua bukatzean bertan bizitzen jarraituko dugu. Ez gaituzte botako». Nafarroako Gobernuari eskatu dio «desjabetze mehatxuak amaitzeko», Testari etxebizitza horiek desjabetzeko eta zergadunen diruarekin eraikitako etxe horiek alokairuko parke publikoan sartzeko. Maizterren ustez, etxe horiek jabego publikora itzuliz gero neurriak ezar daitezke alokairuaren prezioa kontrolatzeko.

PPren helegitea

Halaber, Marta Varela Ezkabako bizilagunak txartzat jo du PPk Espainiako Auzitegi Konstituzionalean etxebizitzari buruzko foru legearen aurka jarritako helegitea. Lege horrek eragotzi egiten du babes ofizialeko etxebizitzak merkatu librera pasatzea. Halere, PPren errekurtsoaren ondorioz, baliteke alokairu parkeko 2.248 etxebizitzak babes kalifikazioa galtzea. «Beste behin ere, eskuina boteretsuen alde jarri da. Ez dugu halakorik onartuko», gaitzetsi du Varelak. 

Amaia Tollar LABeko kidearen ustez, azken hamarkadetako politiken ondorio da gaur egungo egoera «onartezina». «Etxebizitza langileriaren pobretze faktore nagusietako bat bilakatu da. Gero eta gehiago gara enplegua izan arren alokairua edo hipoteka ordaintzeko soldataren zati handiegi bat jartzen dugunak». Etxebizitzaren egoera eta lan mundua elkarri loturik direla azpimarratuta, greba orokorrarekin bat egiteko deia egin du. 

Manifestari bat, giltza batzuk astintzen. IDOIA ZABALETA / FOKU