Hamabigarren aldiz, EH Bilduk bide emango die Nafarroako Gobernuaren aurrekontuei, abstentzioaren bidez. Maria Txibite buru duen koalizio gobernuak —PSN, Geroa Bai eta Zurekin alderdiek osatua— eta koalizio subiranistak akordio bat hitzartu dute 2027ko aurrekontuei begira. Horrez gain, zerga neurri batzuk adostu dituzte. Besteak beste, pentsiodunei kenkari bidez 1.190 euroko pentsioa bermatuko zaie hamalau ordainsaritan.
Gaur egin dute sinadura ekitaldia, 11:00etan, Nafarroako Jauregian. Txibite bera ez da bertan izan —Argentinan da—, baina gobernuko hiru lehendakariordeak bai: Javier Remirez lehen lehendakariordea, Ana Ollo bigarrena, eta Begoña Alfaro hirugarrena. Haiekin batera, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izan da. EH Bilduren izenean, Laura Aznal eta Adolfo Araiz.
«Nafarroako Gobernuak ziurtatu nahi zuen indar aurrerakoiek 2027ko aurrekontuak babestuko zituztela»
JOSE LUIS ARASTINafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria
Arastik nabarmendu du akordioak «egonkortasuna» emango diola Nafarroako Gobernuari legealdiaren azken txanpa honetan. Halakoetan, hauteskundeak gerturatu ahala, ohikoa izaten da bazkideen arteko tentsioa sortzea, eta aurrekontuak izan daitezke horretarako egoki. Baina gobernuko koalizio kideek eta EH Bilduk ez dute nahi izan hori gertatzerik Nafarroan. «Nafarroako Gobernuak ziurtatu nahi zuen indar aurrerakoiek 2027ko aurrekontuak babestuko zituztela».
Behin akordioa sinatuta, EH Bilduko Laura Aznalek itunaren balio politikoa azpimarratu du, koalizio subiranistak bide eman dien hamabigarren aurrekontuak izango baitira. «Aurrean daukagun mehatxuaren larritasunaz guztiz jabetuta gaude. Eskuinak eta ultraeskuinak ez dute beren programa ezkutatzen, eta badakigu zer-nolako atzerakada ekar dezaketen», arrazoitu du. Horregatik, «ardura osoz» jokatu nahi izan dute.
Aznalek uste du duela hiru aste Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurreproiektua «hobetu» dutela. Aurreko aldietan egin bezala, nabarmendu du horiek ez direla EH Bilduk aurrera aterako lituzkeen aurrekontuak. Alabaina, «zerbitzu publikoek nahikoa baliabide izatea eta kontu publikoak jendearen beharrei erantzutea» bilatu dute.
«Aurrean daukagun mehatxuaren larritasunaz guztiz jabetuta gaude. Eskuinak eta ultraeskuinak ez dute beren programa ezkutatzen, eta badakigu zer-nolako atzerakada ekar dezaketen».
LAURA AZNALEH Bilduko eleduna
Agerraldian ez dute zehaztu EH Bilduk proposatutako ekarpenek zenbat diru finantzatuko duten. Aznalen esanetan, «dozenaka milioi» euroren aldaketak proposatu ditu koalizioak. Halaber, 2025eko diru soberakinen zati bat hainbat azpiegituratarako ematea hitzartu dute: esaterako, Berako saihesbidea, Atarrabiako zubia, NA-121 korridoreko hainbat atal… Era berean, aurten egon daitekeen superabita ere izan dute hizpide akordioan.
Geroa Baik ontzat jo du akordioa. «Egonkortasun horri esker, politika publikoak planifikatu daitezke, zerbitzu publikoak sendotu eta Nafarroaren erronkei aurre egin». Koalizioak nabarmendu du negoziazioan euren ekarpenak egin dituztela «osasun, industria, euskara, landa garapen eta lurralde kohesio arloetan».
Gaur bertan aurkeztu du Arastik 2027ko aurrekontuaren lege proiektua parlamentuan, bertan bere bidea egin dezan. Egutegia estu samarra dago, jaiegunen eta Eguberritako oporraldiaren ondorioz. Aurreko urteetan bezala, litekeena da UPNk eta PPk osoko zuzenketak aurkeztea eta horiek azaroaren erdialdera bozkatzea. Ondoren zatikako zuzenketak aztertuko dituzte Ekonomia eta Ogasun batzordean. Azkenik, abenduaren 17ko osoko bilkuran bozkatuko dituzte aurrekontuen legea eta datorren urteko zerga neurriak.
UPN: «Betiko akordioa»
UPNko Javier Esparzaren irudiko, aurrekontu akordioa «betikoa» da. «Maria Txibitek gobernuko lehendakari gisa bere ibilbidea hasi zuen EH Bilduren botoei esker; gero, lehen aurrekontuak atera zituen EH Bilduren botoei esker, eta, zortzi urte geroago, azken aurrekontuak aterako ditu modu berean, EH Bilduri esker». Esparzaren arabera, diferentzia nabarmen bat dago. «Inoiz baino indartsuago dago EH Bildu. Nafarroako bigarren indar politikoa da, eta sozialistek eman diote garrantzi politiko hori. Horrek ondorioak ditu, ez baita gauza bera EH Bildu hirugarren indarra izatea edo bigarrena».
Akordioaren edukiari dagokionez, UPNko eledunak salatu du aurrekoen bide beretik doazela datorren urteko aurrekontuak. «Handitu egiten dira nafarrok zerga gehiago pagatzen ditugulako, baina ez dituzte herritarren arazoak konpontzen».
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, gaur, Nafarroako Parlamentuan. MIGUEL OSES / PARLAMENTUA
Urriaren 9an onartu zuen Nafarroako Gobernuak 2027ko aurrekontu legearen aurreproiektua. Legealdiko azken aurrekontuak izango dira, eta Maria Txibiteren gobernuak 7.285 milioi euroren proposamena aurkeztu zuen, aurtengoa baino %8,1 handiagoa. Finantza kostuak kenduta, gastu mugak ere %8,4 egingo du gora, eta aurreikusi du 6.851 milioi euro erabiliko direla gastu eta inbertsio publikoetarako.
Adostutako neurriak
Fiskalitatea: Errenta zergan, kenkari bidez pentsiodunei bermatuko zaie urtean 16.660 euro gordin jasotzea —1.190 euro hilean, hamalau ordainsaritan. Era berean, parke eolikoei eta fotovoltaikoei zerga bat ezarriko zaie.
Etxebizitza. Jabe handien etxeetan bizi diren familia zaurgarriak etxegabetzeko arriskuan direnean, etxebizitza horiek desjabetzeko aukera aztertuko du gobernuak.
Hezkuntza. D eredua Arroitzen, Mendabian, Obanosen, Urrotzen, Villatuertan eta Dikaztelun ezartzeko eskaerei «behar bezala» erantzungo die gobernuak. 0-3 haur eskolen baliabideak hobetuko dira, eta bermatuko da zentro bakoitzak batez beste 1,5 langile izatea.
Euskara. Helduen alfabetatzea doako izateko bidean, 200.000 euro gehiago eskainiko zaizkie laguntzatan euskara ikasi nahi dutenei, eta 100.000 euro gehiago euskaltegiei. Euskarazko komunikabideentzako laguntza deialdiek 100.000 euro gehiago izango dituzte.
Azpiegiturak. Iruñeko Sanduzelai auzoko proiektuaren mugikortasun azterketa amaituko dute, eta Ainhoa, Senpere eta Urdazubiko Dantxarinea auzoa lotzen dituen errepidea hobetuko da.
Berdintasuna. Udalentzako berdintasun arloko diru sailek 80.000 euro gehiago izango dituzte. Indarkeria matxistaren biktimentzako laguntzak eta baliabideak indartuko dira.
Landa Garapena. Biometanizazio plantei kontrol gehiago ezarriko zaizkie eta Intiaren esperimentazio etxaldeei inbertsioa hobetuko zaie (250.000 euro).
