Iktusen %90 prebenitu daitezkeela nabarmendu dute osasun langileek

Iktusen %90 prebenitu daitezkeela nabarmendu dute osasun langileek

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko E pabiloiko bigarren solairuan dago Iktusaren Unitatea, Iruñean. Hango erizain eta erizain laguntzaileen talde bat ospitale bereko C pabiloira mugitu da, hainbat orduz, urriaren 29an, Iktusaren Nazioarteko Egunean. Mahaia eta eskuorriak prestatu, eta herritarren artean informazioa zabaltzeko asmoz aritu dira batzuekin eta bertzeekin hizketan. Maite Valenciak, Iktusaren Unitateko erizain buruak, garbi erran du: «Iktusen %90 prebenitu daitezke; gaixoak ahalik eta azkarren artatzea garrantzitsua da, ondorioak arintzeko».

«Denbora burmuina da». Paula Porron Iktusaren Unitateko erizainak esaldi horren bidez berretsi du gaixoak «lehenbailehen» artatzea «ezinbertzekoa» dela, gaitzak eragin ditzakeen ondorioak hagitz larriak izan ez daitezen. Izan ere, berandu artatuz gero, iktusak desgaitasunen bat eragin dezake. Garaiz erantzun ahal izateko, berriz, gaitzaren lehen «alarma zantzuak» identifikatzen jakitea «inportantea» dela azpimarratu dute ospitaleko erizainek.

Alarma zantzu nagusiak hiru dira: ahoa okertzea, gaizki hitz egitea edo ahoskatzeko zailtasunak izatea, eta indarra galtzea gorputz adar batean. «Gerta daiteke, era berean, bat-batean buruko min handi bat izatea, ikusmena lausotzea edo orekari eusteko zailtasunak izatea», zehaztu du Valenciak. Halako sintomaren bat agertuz gero egin beharreko lehendabiziko gauza 112 zenbakira deitzea dela gaineratu du Porronek.

Iktus motak

Iaz, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko larrialdietan eta neurologiako zerbitzuan 1.192 iktus kasu artatu zituzten. Gaixo guztiak ez zituzten Iktusaren Unitatean ospitaleratu behar izan. Unitate horretan ospitaleratzen dituztenen kasu gehienak, hain zuzen (%80), iktus iskemikoak dira: hau da, odolbildu batek arteria bateko odol zirkulazioa eteten du. Bertze iktus mota bat bada, iktus hemorragikoa: hau da, arteria bat hautsi eta burmuinean odoljarioa eragiten duenekoa.

«Iktusa guztioi eragiten digun eritasun bat da, eta denon ardura da prebenitzea», erran du Valenciak. Porronek gehitu du adin tarte guztietan ager daitekeela, eta, azken urteotan, gazte gehiago ailegatu direla Iktusaren Unitatera: «Egia da gero eta gazte gehiago artatzen ditugula, baina kontua da gero eta gehiago hitz egiten dugula gaitz horri buruz, gero eta informazio gehiago dugula eskura».

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko erizainak eta erizain laguntzaileak, urriaren 29an, iktusari buruzko informazioa zabaltzeko prestatutako mahaian. NAFARROAKO HITZA

Iktusaren Unitateko erizainek garbi erran dute gaitz hori eragin dezaketen «arrisku faktore batzuk» badirela, eta nagusia, haien hitzetan, tentsio arteriala da: «Tentsio arteriala altua izatea arrisku handia da». Estresa eta ariketa fisikorik ez egitea ere iktusa eragin dezaketen faktoreak direla gehitu dute.

Ikertzeko eskatu dute

Iktusaren Unitateko erizainek eta erizain laguntzaileek ospitaleko korridoreetara eraman dute gaitz horri buruzko informazioa, herritarren artean zabaltzeko asmoz. Hori ez da izan, halere, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak Iktusaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekinaldi bakarra: iktusa izan dutenentzat eta haien senideentzat hitzaldi bat ere antolatu dute.

Bertzalde, Nafarroako Adacen elkarteak iktusari buruzko jardunaldi bat prestatu du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Iruñeko campusean. Burmuinean kalte hartutakoak artatzen dituzte elkarte horretan. Iruñean egindako topaketan, iktusaren inguruan ikertzea «ezinbertzekoa» dela nabarmendu dute elkarteko kideek, eta ahalegin hori egin dezatela eskatu diete erakunde publikoei. «Ikerketa da iktusa izan duten herritarren oraina eta etorkizuna hobetzeko tresna nagusia», azpimarratu du Adacen elkarteko kudeatzaile Andres Ilundainek.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko hainbat adituk parte hartu dute Adacenek antolatutako jardunaldian, hain zuzen. Aditu horietako bat da Maite Mendioroz neurologoa, eta hark azaldu du iktus batek zer-nolako narriadura kognitiboa eragin dezakeen aurreikusteko odol biomarkagailuak erabiltzeko aukera ikertzen ari direla, bertzeak bertze.

Datuen arabera, iktusak lehen baino jende gutxiago hiltzen du gaur egun, baina eragin ditzakeen ondorioak askotarikoak izan daitezke. Gaitzak jotako hiru lagunetik bik izanen dute mota bateko edo bertzeko ondoriorik, hain zuzen: iktusak mugitzeko edo hitz egiteko gaitasunari eragiten ahal dio, edo kalte kognitiboak eragin, bertzeak bertze. Iktus baten eraginez hildakoen kopurua, berriz, nabarmen apaldu da 2020tik 2024ra: %14, oro har. 85 urte baino gehiagoko emakumeen artean jaitsiera are nabarmenagoa da: %26. Inportanteena prebentzioa dela berretsi dute adituek.

1.037

 

Zenbat ospitaleratze izan diren. Iaz, 1.037 ospitaleratze izan ziren Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Iktusaren Unitatean, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez.