Publikoa zer den ulertzeko modu desberdinak

Publikoa zer den ulertzeko modu desberdinak

«Zaindu maite duzun hori», dio lorategia inguratzen duen hesian dagoen idazkunak. Asko maite dute, antza, Zizur Nagusian lorategi txiki hori, loreak koloretsu baitaude. Dena den, ez da onesten duten txoko bakarra, inguruan dagoen zelaia eta eskola zaharra ere asko maite dituzte. Eskola eraikin hutsa baino zerbait gehiago dela azaldu du Julen Langaritak, Herriko Espazioak Defendatu plataformako kideak: «Herriak eta herriarentzat bideratutako leku bakarra da Zizurren». Zizur Nagusiko Udalak, ordea, beste erabilera bat eman nahi dio lursail horri: babes ofizialeko hamabi etxebizitza eraiki nahi ditu. 

Polemika sortu da Zizur Nagusiko hirigintza plan berriaren harira. 2.081 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute, haietako hamabi eskola zaharra dagoen lursailean. Bertan dago polemikaren erroa, etxebizitzak eraikitzeko eskola zaharra eraitsi behar baita. Gainera, etxebizitza horiek babes ofizialekoak dira, eta horrek auzia zailtzen du. Eraistea gelditzeko asmoz, hainbat zizurtarrek Herriko Espazioak Defendatu izeneko plataforma sortu dute.

Iritzi desberdinak

Eskola zaharrak, «aisialdi alternatiboa» eskaintzeaz gain, «herritarren saretzeari» bide ematen dio, Langaritak argudiatu duenez. Izan ere, Rock Etxea izeneko gelak hogeita hamar urte baino gehiago daramatza Euskal Herriko musika taldeen doinuei leku egiten. Sorginkale gelan, berriz, eskola zaharreko eragileak musika alternatiboaren banaketan aritzen dira.

Eraikinaren barrualdeak ez ezik, kanpoko zelaiak ere badu bere garrantzia. Herriko festetan txosnagune izaten da, eta herri inauterietan, besteak beste, Tartalo erretzen da bertan. 

Udaleko ordezkarien iritziz, ordea, eraikina baldintza txarretan dago, eta ez du balio kultural eta historiko handirik; hala dio Herriko Espazioak Defendatu plataformako Julen Langaritak, Zizur Nagusiko Udalak ez baitio erantzun Nafarroako Hitza-ri. Udaleko ordezkariekin harremanetan jarri da, iritzi eske, baina haiek erantzun ez. 

Eraikina baldintza txarretan dagoela gezurtatu du Langaritak: «Kontraesankorra da hori, iaz udalak 20.000 euro inbertitu baitzituen argindar sarea eta eraikinaren aurrealdea berritzeko». Gainera, aipatu du eskola zaharreko kolektiboek ere dirua inbertitu dutela eraikina hobetzeko, hala nola Rock Etxea intsonorizatzen. 

Eraiki nahi diren etxebizitzak babes ofizialekoak izateak auzia zailtzen du. Langaritak azaldu du etxebizitza publikoaren daudela, baina halakoak egiteko eskola erabili nahi izatea dela arazoa. Gehitu du Zizur Nagusian hamabi etxebizitza horiek eraikitzeko «leku nahikoa» dagoela bestela ere, eta hortaz, ez direla zertan «eskola zaharreko lursailean egin». Hori horrela, eraistea «erabaki politikotzat» hartu dute: «Eremu publiko bat pribatizatu nahi du udalak».

Pausoz pauso

Polemika abuztuan hasi zen, udalak hirigintza plana plazaratu zuenean. Hirigintza Batzordea bildu baino bi aste lehenago izan zuten herritarrek planaren berri; Zizur Nagusiko festak hasi baino bi aste lehenago, hain zuzen ere.

Eraisketa gelditzeko lehen saiakera abuztuaren 17an egin zuten Herriko Espazioak Defendatuko kideek. Hirigintza Batzordea bildu zen egun hartan, eta plataformakoek bileran sartzeko baimena eskatu zuten. Langaritak azaldu duenaren arabera, batzordean sartzeko alkatearen baimena beharra zuten, baina ez zuten lortu. Batzordean parte hartu zutenek ontzat jo zuten plana. 

Zizur Nagusiko eskola zaharraren aldeko elkarretaratzea, abuztuaren 25ean. HERRIKO ESPAZIOAK DEFENDATU

Abuztuaren 25eko osoko bilkuran sartzeko baimena lortu zuten, ordea, eta eskola zaharra eraistearen aurkako iritziak plazaratu. Aldi berean, herriko festen hasiera zela probestuz, elkarretaratze zaratatsu batera deitu zuten udaletxe kanpoan. Langarita: «Inoiz ez dut horrenbeste jende ikusi elkarretaratze batean». Egun hartan bozkatu zuten alderdiek hirigintza plana, eta berriro ere onartu. 

Irailaren 17an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egitasmoa. Hura argitaratu eta gero, plataformakoak alegazioak prestatzen aritu ziren hilabete batez. Alegazio orokor baten bidez, eskola zaharrak gazteentzako zer-nolako garrantzia duen azpimarratu zuten, baita zenbateko balio paisajistiko eta kulturala duen ere. 1.278 sinadura bildu zituzten osotara, gehienak zizurtarrenak.  

Beste zortzi alegazio teknikoago ere helarazi zizkioten udalari, besteak beste, eraikinaren historia azpimarratzen zutenak. Izan ere, 1961ean eraiki zen eskola zaharra, eta, Langaritaren aburuz, «Zizur Nagusian historia duen toki bakarrenetakoa da».

Alegazioekin batera, eraisketaren aurkako adierazpen bat ere plazaratu zuten. Idatzian, funtsean, zera adierazten zuten: «Eskola zaharra eraistea eta berezko kultur egitura duen herri eredu parte hartzaile eta antolatu bat izatea bateraezinak dira». Adierazpenak 65 kolektibo eta 200 artistaren babesa lortu zuen.