Landa eremua babesteko, zoruen banku publiko bat proposatu du Fronte Zabalak

Maiz hitz egiten da lehen sektorearen errelebo faltaz, baina oztopoetako bat da laborari gazteek zail dutela zorua eskuratzea. Horregatik, Fronte Zabala koalizioak proposatu du zoruaren banku publiko bat sortu beharko litzatekeela laborari izan nahi duen gazte orok aukera izan dezan lehen sektorean jarduteko.

Laborantza babesteko agerraldia egin dute Iruñean Javier Ibañez Kongresuko hautagaiak, Ane Sanchez Senatuko hautagaiak, eta Toni Valero Andaluziako IUren koordinatzaile eta Madrilgo Kongresurako zerrendan aurkeztu den hautagaiak.

Valerok azpimarratu du elikagaien gain presio bikoitza dagoela. Alde batetik, elikagaiak ekoizteko kostuak nabarmen igo zaizkie laborariei zein abeltzainei —erregaiak, ongarriak, fitosanitarioak eta pentsuak—, baina kasu askotan kostuen azpitik saltzen dute. Bestetik, herritarrei oinarrizko elikagaiak nabarmen garestitu zaizkie. Valeroren ustez, elikagai kateko hornitzaile handiek profitatu dute egoera: «Bidezko prezioak bermatzea da lehen sektoreari errentagarritasuna ziurtatzeko modua». 

Uraren kudeaketa

Horren aurrean, koalizioak proposatu du ikuskaritzak indartzea Elikagai Katearen Legea betearazteko. Legea bera hobetu behar dela deritzote, eta, aldi berean, uste dute ezohiko marjin irabaziei zerga ezarri behar zaiela. Gaineratu dute uraren kudeaketa «eraginkorra, publikoa eta soziala» egin behar dela, eta ureztatze sistema berritu. 

Javier Ibañezen ustez, lehen sektorea «estrategikoa» da Nafarroan. «Sendietan oinarritutako eredu bat dugu eta hori babestu behar da, gure lurraldeko sektorea irentsi nahi dutenen aurrean».