Txori baten itzalak mendi osoa alderik alde zeharkatzen duen arintasun berarekin zeharkatzen du azken bost hamarkadetako euskal musikaren historia Marino Goñiren izenak (Burlata, Nafarroa, 1951). Irratian egin zituen lehen urratsak, baina diskoetxeen mundura sartu zen bete-betean gero —Soñuan lehenik, Oihukan ondoren, eta Gor-en azkenik—, eta luzea, esanguratsua eta askotarikoa da haren bultzadaz edo laguntzaz diskoren bat kaleratu duten taldeen zerrenda: Hertzainak, La Polla Records, Kortatu, Barricada, Berri Txarrak, Marea, Tahures Zurdos, Hemendik At, Leihotikan, Bizardunak, Jotakie, Flitter, Lendakaris muertos, Skalariak, Urtz, Potato, Tijuana in Blue, Delirium Tremens, Kojon Prieto y los Huajalotes, Negu Gorriak, MCD, Exkixu, Cicatriz, Baldin bada, 7 Eskale, Manolo Kabezabolo, Koma, Doctor Deseo, Ken Zazpi, Kerobia eta Su ta gar.
Baina ez da sortutako musika soilik. Euskal Rock Erradikala etiketaren sustatzaileetako bat ere izan da, bai eta Motos, Balerdi Balerdi, Fiebre eta Peiremans+ taldeetako musikaria ere. Rockers, radicales y vascos liburuan bildu du orain bere biografia —diskografia?— (Katakrak), eta, halere —pentsatuz gero, bitxia da—, oharkabean, baina hondo-musikarik apenas duen kafetegi batean egin du elkarrizketarako hitzordua.
Isil antzean hartu zenuen erretiroa 2011n, elkarrizketarik eman gabe eta ia adierazpen bakar bat ere egin gabe. Amaiera hura zuretzat porrot bat izan zela diozu orain liburuan, eta haren ondoren depresio aldi bat pasatu zenuela ere kontatzen duzu. Mundu osoko diskogintzaren industria osoak egin zuen gain behera, ordea. Zergatik izan zenuen porrot sentsazio hori?
Futbolean zabiltzanean bezala da: 8-0 galtzen zoaz, baina korrika jarraitzen duzu, ea, gutxienez, 8-1 geratzerik duzun. Fisikoki txikituta bukatu nuen ordurako. Bizardunak taldea fitxatu genuela gogoratzen dut, adibidez, eta haiekin ez nuela gainerako taldeekin egin nuen ezer ere egin. Herrira joan nintzen [Erason bizi izan da hainbat urtez, Imotzen], eta han joan nintzen pixkanaka osatuz. Pentsa ze akituta nengoen, ez nuen agurrik ere antolatu. Tipikoa izaten da halakoetan, baina ez nintzen ohartu ere egin, harik eta handik sei hilabete ingurura norbaitek gogorarazi zidan arte despedidarik ere ez nuela egin. Azkenean, Akelarre tabernan egin genuen [Iruñeko Txantrea auzoan], The Sparteens taldekoak deituta. Joan egin nintzen, besterik gabe, atea itxi, eta akabo. Oso-oso gaizki egon nintzen, eta idazteak lagundu dit terapia egiten. Asko lagundu dit horrek.
Eta orain, liburua amaitu duzula, Gor diskoetxearen amaiera porrot bat izan zela pentsatzen duzu oraindik ere?
Orain gutxiago, eta agian, egunen batean, kontrakoa ere pentsatuko dut.
Mundu oso bat ikusi zenuen desagertzen. Ideal bat ere bai, agian?
Batere kobratu gabe lanean aritzea latza da. Horrek jan egiten zaitu. Eta ez nintzen ni bakarrik: nirekin lanean ari zirenak ere nire ardurapean zeuden. Hainbeste denboraren ostean, eta hainbeste diru mugitu izan eta gero, biziraun ahal izateko dirua eskatzen ibili beharra… gogorra egin zitzaidan hori.
«Madrilen beldurra, errespetua eta gorrotoa izan digute, dena nahastuta»
Liburuan asko hitz egiten duzu diruaz. Garai ekonomiko onak izan zenituztela kontatzen duzu, arrakasta zuten talde askorekin aritzen zinetela lanean, eta izan zenituztela diru sarrerak ere, baina, hala eta guztiz ere, behin baino gehiagotan deskribatzen duzu zeure burua etxea galtzeko zorian.
Hala da, eta kasik esango nuke Adolfo Suarez zinemagilearen elkarrizketa bat irakurri ondoren erosi nuela etxea ere. Arrakasta zuen, eta jendeak irabazten zuen dirutzaz galdetzen zion, eta herrian erosi zuen jauregiaz, eta berak baietz erantzuten zien; «etxe horrek eutsi die nire pelikuletarako kreditu guztiei». Bizitza osoa pasatu dut etxea jokoan jartzen. Erretiroa hartu nuenean ere bete beharreko kreditu bat genuen, eta etxeak egin zituen berme lanak, nik ez dudalako hori besterik. Horri buruz ez dut inongo damurik.
Eta porrot egin duzula sentitzen duzu halere.
Ez genuelako jakin buelta ematen.
Eta benetan ba al zegoen horretarako modurik?
Seguruenik ez. Atzera begira egon naiz azkenaldi luzean, eta azken hamabost urteetan Kaliforniako diskoetxeei zer gertatu zaien begiratu dut, adibidez, eta han ere mundu guztia joan zen pikutara; grabazio estudio mitikoak, esaterako, denak itxita daude. Madrilgo teknikari famatu batek ere, dena itxi, dena saldu, eta Mantxan bukatu zuen erlezain. Baina ni oso gaizki gelditu nintzen.
2010 inguruan Bartzelonan egin ziren lehen mailako jardunaldi profesional batzuk gogoratzen ditut. Primavera Sound jaialdiaren barruan zen. Hitzaldi haietako baten galderen txandan nik gauza batzuk esan nituen, ez dut gogoan zehazki zer, baina gero, atsedenaldian, Lluis Llach, Joan Manuel Serrat, La Orquestra Plateria eta beste talde inportante batzuen ekoizle izandako gizon bat etorri zitzaidan, tipo historiko bat. Harekin egon nintzen hizketan, eta esan zidan bera ere ni bezala zegoela eta desesperatuta zegoela. Ni baino nagusiagoa zen, eta maila super altuko bizitza izan zuen, baina ezer gabe geratu zela esaten zidan. Asko inpresionatu ninduen horrek. Tipo horrek ezin bazion bueltarik eman, zer egingo nuen nik, ba!
Estualdiak, tentsioak, ego ikaragarriak, zorrak, drogak, traizioak, jendearen mesfidantza… Lanbidearen hamaika alde ilun kontatzen dituzu liburuan, baina, hala eta guztiz ere, musikagintzari eutsi diozu amaierara arte. Pasio hutsagatik izan da?
Pasio hutsez izan da, bai. Inolako segurtasunik eskaintzen ez duen pasio bat. Oposizioren bat prestatzen hastea izango zen logikoena, zabor biltzaile edo beste edozer izateko. Baina orain bakarrik ohartu naiz pasioarenaz. Ez nintzen kontziente. Bueno, ez horretaz, ez eta nire hiperaktibitateaz ere. Nik ez bainuen uste hiperaktiboa nintzenik, baina duela pare bat urte edo jakin dut hori ere.
«Nik zera baino ez nuen argi ikusten, banuela artistak deskubritzeko halako intuizio moduko bat: artistak ezagutu eta munduratzen laguntzea, hori, batez ere hori egitea gustatu zait beti»
Liburuan badaude horren arrasto batzuk, ba.
Bai, seguruenik bai, baina nik ez nekien. Nik zera baino ez nuen argi ikusten, banuela artistak deskubritzeko halako intuizio moduko bat. Badago jendea parapentean ibiltzea gustuko duena, edo kriptodiruarekin ibiltzen dena. Baina zer egin behar nuen nik musikaz gain? Nik hau izan dut. Eta, niretzat, diruarena beti izan da erreminta moduko bat, nire pasioa landu ahal izateko erreminta bat, eta niri artistak ezagutu eta munduratzen laguntzea, hori, batez ere hori egitea gustatu zait beti.
Hori izan da zure lanaren parte handienetako bat.
Bai. Beti izan dut argi hori gustatzen zitzaidala gehien. Lehen diskoa atera, bigarrena, are baita hirugarrena ere, nahiz eta beti ikusi dudan argi hirugarren diskoek apurtzen dituztela taldeak. Orduan hasten dira egoak neurriz kanpo hazten. Drogak. Eta gero egon dira batzuk laugarrena, bosgarrena eta seigarrena ere atera dituztenak. Urtzekin, adibidez, lau egin nituen, eta Hertzainak-ekin ere lau.
Bitxia da, baina bizitza osoan lagun izan ditudan batzuek ez dute sekula oso ongi jakin zein zen nire lana. Baina Almeriara joan haietakoren bat, adibidez, eta hango jendeak ezagutzen ninduela, eta seko harrituta itzuli zen, ezin sinetsita nik egindakoa benetan hainbesterako ote zen. Eta bai, noski, bazen hainbesterako, eta gehiagorako ere bai! Orain arte ez dut askorik aipatu halakorik, baina orain aipa dezaket. Orain ausartzen naiz hori esatera. Txilerekin ere sekulako harremana dut, adibidez. Duela gutxi atera zuten munduko ehun diskoetxerik onenen zerrenda, eta hortxe dago Gor, Two Tones eta Fat Bird Recordsen artean.
Porrot bat izateko ez dago gaizki.
Eta Madrilen eta Bartzelonan ere orain estimu handian naukate. Sekulako meritua izan dugula aitortzen didate.
Baina liburuan argi uzten duzunez, Espainiak sekula ez du izan inolako interesik ez zuengan, ez eta Euskal Herriko eszenan ere, orokorrean.
Haientzako, Madrilgo hirigunetik ateratzen zenak ez zuelako inolako baliorik. Baina ez, okerragoa da, ze Goya kaletik eta Kale Nagusitik harago zegoen ezer ez baitzaie interesatu.
Min egin dizu bazterketa horrek.
Bai, noski. Min handia egin du.
Eta zuri?
Bai, noski. Liburuan azaltzen dut, nik uste. Ukazio politiko bat dago bazterketa horren atzean, noski, baina horrez gainera, ukazio profesional bat ere badago. Madrilen beldurra, errespetua eta gorrotoa izan digute, dena nahastuta. La Polla Records taldearen izena ikaragarria irudituko zitzaielako, agian, baina ez zegoelako halako kantak egiten zituen inor Madrilen. Ez zegoen. Kito. Eta ez zen egon, eta ez da egongo, ez delako horretarako hazitegirik egon. Nik beti sinetsi dut asko hazitegietan.
Hedabideek ere egin dute gutxiespen lan hori?
Radio 3, El País, El Mundo… Hedabideek ere ez dute kasurik egin. El Mundo-n bagenuen lagun bat, eta bi erreportaje posible onartu zizkioten euskal musikari buruz. Lehena zen drogak euskal taldeetan izan duen eraginari buruzkoa, eta bestea zen ea zenbat musikari atxilotu zituzten terrorismoagatik. Lagun horrek argi esaten zigun hori baino ez zutela nahi han. Baina horrekin batera, gero, sekulako errespetua zizun mundu independenteko jendea ere topatzen zenuen. Ez dut izenik emango, baina Madrilgo Movidak aita bat eta ama bat izan bazituen, mugimendu haren guztiaren ama izan zen zigiluko arduradunak beti miretsi izan ninduela esan zidan behin, baina, jakina, hori ezkutuan baino ezin zuen esan, publikoki ezin zutelako onartu gauzak ongi egiten genituenik.
Eta gero bazegoen musika kazetaritzan joera bat euskal taldeak babestekoa, betiere erradikalak ez baziren, eta neurri handi batean talde erradikalak gutxiesteko egiten zuten hori. Bere garaian min ikaragarria egin arren, orain sekulako barregura ematen didate. Puztu egiten zuten babes hori. Eta Radio 3 katean, adibidez, zentsura egon da. Argi. La Pollak egin baitzuen zuzeneko bat, adibidez, eta Barricadak ere normaltasunez jo baitzuen 1984 inguruan. Baina horren ondoren moztu egin zen dena, eta agindua heldu zitzaien goitik halako disko gehiagorik ez jartzeko, ez zedin normalizatu.
Talde erradikalak aipatu dituzu, eta, hain zuzen ere, Jose Mari Blascorekin batera sortu zenuten Euskal Rock Erradikala etiketari egiten dio erreferentzia liburuaren tituluak ere. Hamaika aldiz egin dizkizute horri buruzko galderak, eta orriak eta orriak idatzi dira gaiaz. Zure memoria liburuan, berriz, gaiari ez diozu paragrafo bat baino askoz gehiago eskaini. Asperduragatik da?
Noski! Titulurako banituen beste ideia batzuk ere, baina ez ziren hain onak. Eta, gainera, Galiziako A Nosa Terra aldizkariak 1985ean zenbaki berezia eskaini zion hemengo rock erradikalari, eta titulu hori jarri zion: «Rockers radicais e bascos». Horrek argi erakusten du etiketa hori ez zela inondik inora ere izan arratsalde bateko burutazio hutsa. Ez zen okurrentzia hutsa izan. Eta, horrez gainera, seguruenik zaila izango da rockero, erradikal eta euskaldun etiketekin bat egingo duen inor topatzea. Baina egongo dira batzuk hiru horietako batekin edo birekin identifikatzen direnak. Beraz, batuketa modura ere funtzionatzen du.
Zuk zeuk sortzen lagundu zenuen Euskal Rock Erradikal hori. Baina, liburuan aitortu duzunez, urteak igarota ere, sasoi hartan sortutako taldeen musikak luze jarraitu zuen herriko festetako txosnetako bozgorailuetan nagusitzen. Kontserbadorea bilakatu zen eskaintza. Zergatik?
Hertzainak entzuten zen oraindik ere 30 urteko kargarekin. Ez dut azalpen argirik. Izan daiteke, alde batetik, garai bat markatu zuten kantak izan zirelako, eta, beraz, jende guztiak dakizkielako letrak, baita dakizkienik jakin gabe ere. 20 urte ingururekin entzun zituen jendeak kanta horiek, eta geratu egin zaizkio.
«Ezin dut esan ez ginenik ohartzen emakumeek bizi zituztenez; baginen kontziente, baina intelektualki baino ez»
Baina zuk kontra egin diozu beti konformismo musikal moduko horri. Eta, hain zuzen ere, liburuaren amaiera aldera aipatzen duzu hau, Hemendik At euskarazko dance taldearen alde egin zenuen apustua da horren frogarik argiena. Disko piloa saldu zuten, baina kontzertuetan iraindu egiten zituztela ere kontatzen duzu, burla egiten zietela, eta orain, aldiz, haien kanta baten bertsioa egin du Merina Gris taldeak, esaterako, eta baita Peru Galbetek ere.
Bai. Eta hor dago Kerobiaren kasua ere. Hasieran erresistentzia moduko bat izan zen taldearen aurka, musikalki rocka egiten zuten arren jende bati Xabiren jokaera maritxu samarra iruditzen zitzaiolako. Eta Mick Jaggerrek ere ez al du bada beti hala jokatu? Gay ikono bat izan da-eta! Eta, aldiz, atera zen Kerobia, eta jendea urduri jarri zen. Mesedez.
Gizonezkoz beteta dago zure liburua. Ez duzu esplizituki aipatzen, baina argi geratzen da 1980ko hamarkadaren bueltako musika eszena erabat maskulinoa zela, emakumez osatutako Belladona taldearen salbuespen bakarrarekin.
Ez zegoen besterik, orduan, kasik-kasik Hemendik At azaldu zen arte. Ia-ia 2000ko hamarkadara arte ia ez zen egon emakumezkorik rockaren munduan, orokorrean, eta orain badago gehiago.
Belladonakoei kritika mordoa egin zietela kontatzen duzu. Emakume izate hutsagatik.
Bai. Aurora Beltrani horixe pasatu zitzaion, eta, gerora, Hemendik At taldekoei ere bai. Jendeak ezin du eraman bi neska dantzan eta gainera gustura ikustea. Ezin dut esan horretaz kontziente ez ginenik. Baginen kontziente, baina intelektualki baino ez.
Erretiroa hartua izango duzu, baina intuizioak ez du erretirorik hartzen. Zer entzuten duzu orain? Zerk piztu dizu arreta?
Jo, oraindik ere deskubritzen ditut taldeak, eta pentsatzen dut, ongi legoke ba… Ezezez taldearekin gertatu zati hori, adibidez. Oso onak dira. Ikusi nituen zuzenean ere, eta argi ikusten da horiek libre dabiltzala. Eta Xak ere ikaragarria iruditu zait. Bi horiek izan dira aurtengo aurkikuntzak, nik uste. Baina horretaz aparte musika lasai asko entzuten dut. Musika klasiko asko. Eta berriz ere hasi zait gogoa musika elektronikoa pintxatzen hasteko.
Kontrataziorako deialdia zabaltzerik nahi?
Ez, ez, ez. Ez halakorik egin, arazoak sortuko dizkidazu-eta etxean!
Marino Goñi musika ekoizle eta musikaria. ARITZ LOIOLA / FOKU
«Praktikaren bidez ere erakusten dut nire anarkismoa»
Ezinbestean, musika da nagusi Goñiren memoria liburuan, baina bizitzaren alor guztietara zabaltzen da musika hori, ezinbestean. Tartean, baita politika alorrera ere.
Poliziak torturatu egin zintuela ere kontatzen duzu liburuan, eta horrek arrasto luzea utzi zizula. Baina aitortu duzu asko kostatu zaizula hori kontatzea.
Bai, torturatu egin ninduten, baina orain arte ez dut jendaurrean kontatu; hasteko, ez zelako kontu politiko bategatik izan. Delitu arrunt bat egin zuen ezagun batek, eta horren harira atxilotu ninduten, nahiz eta, tira… ni COPELaren garaikoa naiz [1976an Madrilgo kartzeletatik abiatuta sortutako mugimendua, amnistia preso sozialei ere zabaldu zekiela eskatzen zuena], eta nik uste dut preso politikoen eta preso sozialen arteko muga hori ez dela batere argia, eta kartzelan egon den jende askok ere esaten du hori. Etsaia berbera da. Ni jo nindutenek, ziur naiz, hurrengo egunean besteak joko zituzten. Sistema bera zen. Baina delitu arrunt baten harira torturatu nindutenez, orain arte ez dut nire kasua aipatu egin dituzten torturatuen zerrendetan.
Jende gutxi bati bai, kontatu diot, halere, tartean baita PSOE alderdiaren jarraitzaileren bati ere, eta hori ezinezkoa zela esaten zidaten. Zuk esaten duzu 1982an oraindik ere Poliziak torturatu egiten zuela, eta jende horrek ezetz, ezinezkoa dela. Baina bai. Haienak ere torturatu eta torturatu aritu dira. Eta gertatzen bazaizu, betiko gertatzen zaizu, eta asko kostatzen zaizu hori gainditzea. Eta beste batzuei egin dizkietenekin alderatuta, nirea txorakeria bat izan zen.
Kontatzera ausartu izanak, edonola ere, erakusten du gaur egun halako aitortzek bestelako harrera bat izaten dutela.
Bai. Eta, irakurriko zenuenez, Aralar alderdian sartu nintzela ere kontatzen dut liburuan.
Hori zen hurrengo galdera, bai. Anarkistatzat aurkezten duzu zeure burua liburuan, baina 1970eko hamarkadan, Franco oraindik bizirik zela, irratian lanean ari zinenean, CCOO sindikatuan aritu zinela kontatzen duzu, adibidez, eta, gerora, 2000ko hamarkadan Aralar alderdia sortu zenean ere pare bat urte eman zenituela afiliatuta.
Bai [irribarrez]. Eklektikotasuna ezinbestekoa da niretzat, baita ekintzailetza politikoan ere. Nik anarkistatzat aurkezten dut neure burua hasieran, erdian eta amaieran, eta ez da izendapen soil bat, praktikaren bidez ere erakusten dudalako nire anarkismoa.
«Potroetaraino nengoen ‘mili’-en hilketez. Armada sekula ez badugu onartu, zergatik onartu behar genuen jende horren agintea? Armak haiek zeuzkatelako?»
Eta, halere, CCOOn afiliatu zinen.
Bai, CNT oraindik ez zelako existitzen. Guk sindikatuan ardurak hartu genituenean, erakundea oraindik ere legeztatua izateko bidean zegoen, zorigaiztokoa hil berria zelako, baina orduan ez zegoen ezta UGT ere. CCOO baino ez zegoen. Denetatik zegoen han, hain justu ere horregatik, eta horregatik bota gintuzten berehala, noski. Ordenarako deia egin zuten, eta noski, gu ez geunden horretarako. Eta, beraz, bai, CCOOkoa izan nintzen, harik eta egiturari aurre egin nion arte, eta Aralarrekoa ere izan nintzen, berriz ere, egiturari aurre egin nion arte.
Oso gaizki daramat inork zer egin behar dudan agintzea, eta hori gertatu zen ordukoan ere. Hautagaitza bateratua egitea erabaki genuen gure ibarrean [Imotz, Nafarroa], baina ezetz esan ziguten, eta, beraz, nik hautagaitza bateratu hori babestu nuen, eta Aralarretik atera nintzen.
Baina Aralarrekoa egiteko sasoi zaila zenean egin zinen Aralarrekoa. Zergatik?
Potroetaraino nengoen mili-en hilketez. Armada sekula ez badugu onartu, zergatik onartu behar genuen jende horren agintea? Armak haiek zeuzkatelako? Baina adi, herriaren aginduz hartu zituzten-eta arma horiek, eta herriak jada ez zuen haien agintepean egon nahi. Eta, une hartan, Aralarrena oso keinu ausarta iruditu zitzaidan. Inportantea izan zen. Ilusio handia piztu zuen, baina, jakina, gero praktikan alderdi politiko baten funtzionamendua hartu zuen, eta nik horrekin ezin izan nuen bat egin.
Hipercor-eko atentatuak eta Yoyesen hilketak eragin handia izan zuten. Anarkista izanik ere, ni prest nengoen HBren alde bozkatzen jarraitzeko, sentitzen banuen errespetatzen zituztela haiek bezala pentsatzen ez zutenak. Anarkista askok egiten zidaten errieta horregatik, baina hura zen aukera zeukan eta haustura defendatzen zuen fronte bateratu bakarra, eta ni beti egon naiz hausturaren alde. Kritikoki, baina babesa emateko prest nengoen ni. Eta musikariekin ere asko eztabaidatzen genuen honetaz. Bai Aralarkoa 2000ko hamarkadan, bai eta bestea ere 1980ko hamarkadan.
«Mundu guztiak zekien ‘Martxa eta borroka’ kanpainan zer gertatzen zen, eta kontrakoa esaten duenak gezurra esaten du»
Liburuan badago ezker abertzaleak sustatutako Martxa eta borroka kanpainari buruzko pasarte bat ere, eta zuk zalantzan jartzen duzu orduan gertatukoei buruz nagusitzen ari den kontakizuna. Zure ustez ezin baita esan ezker abertzaleak musikariak bere mesedetan erabili zituenik, edo ez behintzat haiek gertatzen ari zenaz ezer ez zekitenik.
Mundu guztiak zekien han zer gertatzen zen, eta kontrakoa esaten duenak gezurra esaten du. Orduan, Herri Batasuna zen kontzertu gehien antolatzen zituena. Azpiegitura zuten horretarako. Ez dut izenik emango, baina taldeek hori oso argi ikusi zuten, eta batzuk oso alde jarri ziren, eta beste batzuk oso kontra. Euskal Rock Erradikaleko taldeen artean %5 edo %7 izango ziren gehienez ere Herri Batasuneko militanteak. Denok genekien han zer zegoen. Baina jotzen zen intsumisoen alde, eta autobiaren aurka, eta ekologistentzat, eta… eta dena zen olatu beraren parte, eta guk musika jartzen genion olatu horri. Barrutik ikusi genuen hori dena, eta gertatu zenari kanporagotik begiratu ziotenek esandakoekin osatutako kontakizun bat ari da zabaltzen.
