Lur Albizu Etxetxipia
Aspalditik gabiltza hausnartzen, pentsatzen eta konspiratzen. Izan ere, aspaldi konturatu ginen errealitate honetan ez genuela bizi nahi. Ez dugula bizi nahi. Ezin garela horrela bizi. Ez dugula honetan sinisten eta, are gehiago, sistemak miseria besterik ez digula eskaintzen. Gazteok egungo gizartearen sektore zapalduenetako bat gara. Krisi deitu duten iruzur honetan ere, milaka gaztek alde egin behar izan dute Euskal Herritik, nahi izan gabe ere. Guztiok ezagutzen dugu beste erremediorik izan ez, beste aukerarik ikusi ez, eta etxetik joan den norbait.
Ederki saldu digute, eta behin eta berriz sartu digute buruan: ikasi, unibertsitatera joan (eta, Berri Txarrak taldeak esaten duen bezala, eskolatzea garestitu, ideiak merke saltzeko), tituluak lortu, hizkuntzak ikasi (edo gaitasun-maila ‘egiaztatzen’ duten tituluak lortu), gure arteko lehiakortasun basatia elikatu eta ondoren… ondoren, langabeziaren eta prekaritatearen zerrendetara, zuzenean. Ez zaitez kexatu, zuk behintzat lana lortu duzu eta. Besteak aberastu, gu pobretzeko. Gu pobretu, Amancio Ortega (solidarioa) bezalakoek poltsikoak lehertzeko.
Ereduen arteko talka garbia dugu mahai gainean. Eliteena eta herriarena, parez pare. Ez dago besterik. Haiek ala gu. Eta gazteok badugu zer esana eta zer egina. Talka horretan, badakigu zein den gure espaloia. Gure denbora eta bizitza prekarizatzen eta baldintzatzen duen lanaren aurrean, gazteok emantzipazioa dugu helburu, burujabetzara eramanen gaituena. Emakumeon kontrako indarkeria sistematikoki birproduzitzen duen sistemaren kontra, autodefentsa feministaren hautua egina dugu; familia heterosexual nuklearra inposatzen digute, baina guk badakigu harremanak izateko eredu anitz eta aberatsak daudela, eta horien subertsioan sinisten dugu. Kultura elite batzuen gauza dela sinetsarazi nahi izan digute, eta guk badakigu sorkuntza herriarena dela eta ez dela eraikin handi, garesti eta sofistikatuetan ematen. Guk ere badugula zer konta. Jabetza pribatua sakratua den honetan, etxebizitza eskubidea aldarrikatzen dugu. Geure burua eta ingurua autogestionatzea. Bizitza duina. Menpekotasunik gabekoa. Burujabetza. Emantzipazioa. Boterea. Guk definitu, eraiki eta sortuko dugun boterea.
Ereduen arteko talka horrekin aurrera egiteko, beharrezko dugu gure beharrei erantzun eta alternatibak martxan jarriko dituzten proiektuak sortzea. Eta gazteok asko dugu egiteko. Asko dugu esan, egin eta borrokatzeko. Asko erakusteko, irakasteko. Ikasteko. Agenda propioa osatu eta eraman behar dugu aurrera, ezinbesteko ikusten ditugun alorren ingurukoa izanen dena eta geure erritmoen arabera erdigunean jarriko duguna, inoren zain egon gabe, inork baldintzatu gabe zer, noiz eta nola eginen dugun. Horretarako, azken bi aste hauetan egon diren eta bihar Eraikuntxanda!-rekin bukatuko diren Gazte boterea eraiki! jardunaldiak tresna ezin hobea iruditzen zaizkit. Beste pauso bat, gazteok gazte gisa ditugun beharrak identifikatu eta denen artean erantzun kolektiboak emateko. Ez gaitzan sistemak jan.