Kattalin Barber
Bost urte ditu Sara Zugastik; 68, berriz, Ander Irisarrik. Larraiza dantza taldeko dantzari gazteena da lehendabizikoa, eta dantzari ohi zaharrenetarikoa, berriz, bigarrena. Bihar, elkarrekin aterako dira biak, eguerdian, Lizarrako entzierroaren ibilbidean larrain dantzako jota zaharra dantzatzera. Ez dira bakarrak izanen, halere; beste 320 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute. Larraiza dantza taldearen 50. urteurrena ospatuko dute bihar Lizarran.
Irisarrik azaldu du nola sortu zen dantza taldea: “Udaleko dantza taldean dantzatzen nintzen. Bost bikote bakarrik geunden orduan; ez dakit zergatik, baina jendea ez zen animatzen gurekin dantzatzera”. Orduan, Francisco Beruete Lizarrako idazkari eta dantzaria zenak Lizarra Mendizaleen Elkarteak dantzariak hartzea proposatu zuen. “Baietz esan ziguten, eta horrela sortu genuen Larraiza”, gogora ekarri du Irisarrik. 1966. urtean izan zen, eta berdin jarraitu dute, 2014. urtera arte. Duela bi urte, lege kontuen ondorioz, mendi klubetik bereizi ziren dantzariak. Larraiza Urbasako aterpea da, eta hortik atera zuten dantza taldearen izena.
Ana Arana eta Irati Chasco buru-belarri aritu dira hainbat hilabetetan prestakuntza lanetan. Biharkoa ongi ateratzea nahi dute, eta martxotik aritu dira martxa hartzen. “Larraiza dantza taldean egon izan diren dantzari guztiekin harremanetan jarri nahi izan dugu, urteurrena ospatzeko dantza egitera animatzeko asmoz”, azaldu du Aranak. Zaila izan zen, hala ere, zerrenda egitea. Ahoz aho ibili dira zabaltzen, eta belaunaldiz belaunaldi aritu dira gonbidatzen. “Hasieran, 600 pertsonako zerrenda egin genuen. Seguruenik, bidean utzi dugu norbait, baina ahal izan dugun guztia egin dugu”, jarraitu du Chascok. Tokiko hedabideei esker ere lortu dute zabaltzea, eta zerrendako guztiei gonbidapen gutun bat banatu zieten. “Behin, Baigorrira joan zireneko aduana dokumentua aurkitu genuen. Hor agertzen ziren dantzarien izen-abizenak, eta zerrenda hori baliatu dugu hainbat pertsonarekin harremanetan jartzeko”.
Geroago erabaki zuten Lizarrako beste talde batzuk gonbidatzea, eta, bihar, Francisco Beruete eta San Andres del Puy dantza taldeak ere ariko dira Larraizako dantzariekin batera. Herriko musika bandak eta txistulariek ere parte hartuko dute ospakizunetan.
Egunaz gozatu
Irisarrik ez zuen dudarik izan eskutitza eman ziotenean. 16 urterekin hasi zen dantzan, baina soldadutza egin zuenean utzi behar izan zuen. “Itzuli nintzenean, lana lortu, eta ezin biak aldi berean egin. Noizbehinka dantzatzen nintzen bakarrik”. Penatuta dago, hala ere, bere belaunaldiko asko ezin izanen direlako bihar dantzatu. “Dena den, gaudenen artean ongi pasatuko dugu”. Izan ere, hori da Larraiza dantza taldearen helburua: modu batean edo bestean, Larraiza dantza taldean egondako pertsona guztiek bat egiteko eguna izatea, eta egunaz gozatu ahal izatea.
Iritzi berekoa da Luisa Mari Sukunza. Ideia “ezin hobea” iruditu zitzaion dantza taldearen urteurrena ospatzeko. 15 urte baino gehiago aritu da Larraiza dantza taldean ikasle, bai eta irakasle ere. Oraingoan, berriro aterako da kalera lizarratarrentzat “hain berezia” den larrain dantzaren pausoari jarraituz.
Udaro, Larraiza dantza taldeak larrain dantza irakasteko ikastaroa antolatzen du. “Aurten nabaritu dugu jende gehiagok parte hartu duela; biharko prest egon nahi dute”, esan du Aranak. Horretaz gain, entsegu orokorrak egin dituzte Lizarrako ikastolan, eta dagoeneko dena prest dute egun handirako. “160 bikotek eman dute izena; kontua da seguruenik larunbatean pertsona gehiago azalduko direla dantzatzeko gogoarekin”.
850 metroko ibilbidea eginen dute San Miguel auzotik zezen plazaraino. Bertan, Larraizako banderari agurra eginen diote, eta, ondoren, larrain dantzaren doinuekin jarraituko dute. Bazkaria eginen dute, eta erromeria taldea izanen dute gero, giroa alaitzeko.
Larrain dantza Nafarroako erdialdeko dantza bat da, eta antz handia du sokadantza eta ingurutxoarekin. Gaur egun, aldaerarik ezagunena Lizarrakoa da, baina garai batean oso zabalduta omen zegoen dantza Nafarroa osoan. Lizarrako beste dantza batzuk el desmayo, la balsa, korrontxoa eta las ballestas dira.
Harrobi gaztea dantzan
Egun, 100 lagunek osatzen dute Larraiza dantza taldea. “Harrobia dugu, eta pozik gaude”, esan du Chascok. Azken urteetan, gainera, txikitan dantzari izandakoak berriro dantzatzera animatu direla azaldu du: “Badago momentu bat, 12 edo 13 urterekin, askok uzten dute dantza taldea. Horietako asko orain berriro animatu dira gurera”.
Herriko jaietan eta beste jai egunetan dantzatzen dira, baina kanpora begira ere aritu da dantza taldea. Japonian, Hungarian, Frantzian eta beste hainbat herrialdetan egon dira. “Lizarran askotan jaialdiak egiten ditugu, eta bitxia da, baina larrain dantza dantzatu arte ia ez da jenderik etortzen gu ikustera”, azaldu du Aranak.
Urteko egunik bereziena Lizarrako festetako lehenengoa da dantza taldearentzat: “Suziria bota, eta gaiteroen doinuekin udaletxe plazan dantzatzen gara”. Sukunzak gogora ekarri du bera gaztea zenean txupinazoaren aurreko egunean dantza taldeak afaria antolatzen zuela, eta gauerdian udaletxera joaten zirela azken entsegua egitera. “Oso berezia zen”.