Edurne Elizondo
Elizak memoria ezabatu nahi izan du; historia itxuraldatu; Kordobako meskita katedral huts bilakatu du; izaera katolikoa nabarmendu du, meskita badela ere ukatzeraino”. Miguel Santiago haserre da. Kordobakoa da (Andaluzia, Espainia), eta argi du hiriko meskita-katedrala hiritar guztiena dela. “Inorena ez eta denona”. 2006. urtetik, baina, Elizaren esku dago. 30 euroren truke, eraikin hori Elizaren izenean jarri zuen orduko apezpiku Juan Jose Asenjok. 2010ean, Sevillako apezpiku izendatu zuten Asenjo, eta, urte berean, Giralda eta hiriko katedrala ere Elizaren ondare bilakatu zituen.
Azken urteotan, Kordobako meskita-katedrala herritarrei itzultzeko plataforman aritu da Santiago lanean. Ez da bakarra. Nafarroan, eta hemendik at, hamaika talde badira, Elizak bereganatutako ondarea berreskuratzeko lan horretan murgilduta. Topaketa eginen dute asteburuan, Iruñean; esperientziak trukatzea, elkarri laguntzea eta batzea da jardunaldien asmoa, eta Nafarroako plataformako kideek antolatu dute.
“Funtsezkoa da indarrak batzea eta elkarrekin aritzea; denok egin behar dugu bat Elizak berea ez dena itzul dezan”. Kordobako meskita-katedralaren aldeko plataformako bozeramailea da Santiago, eta aitortu du ez dela hagitz baikorra meskitaren etorkizunari buruz. Azken egunotako berri batek “kolpea” eman diola azaldu du, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak baimendu baitu eraikin horretako Laranjondoen patioan bigarren ate bat zabaltzea, Aste Santuko prozesioak barrura sartu ahal izateko. “Unescok berak hori baimentzea hagitz gogorra da; jota nago”.
Santiagoren sentimendu bera dute Kordobako eta Andaluziako herritar anitzek. Meskita beren ondarearen zatitzat dute, eta ezin dute onartu Elizak bereganatu izana. 2006. urtean gertatu zen immatrikulazioa, baina 2009. urtera arte ez zen horren berri zabaldu hirian. Jakin bezain pronto, protestak hasi zituzten unibertsitatearen eta kazetaritzaren inguruko hamaika pertsonak, bai eta herritar soil anitzek ere. “Manifestua plazaratu genuen, hiru punturekin: meskitari izena aldatzea eskatu genuen, batetik; bigarrenik, jabetzak publikoa izan behar zuela nabarmendu genuen; eta hirugarrenik, kudeaketa partekatzea galdegin genuen. 400.000 sinadura jaso genituen hiru puntu horien alde”, erran du plataformako kideak.
Meskita-katedrala bere egin bezain pronto, izena aldatu zion Elizak eraikinari. Katedral huts bilakatu zuen. “Turistei banatzen dieten informazioan ere eraikinaren izaera katolikoa nabarmentzen dute. Historia bera itxuraldatu nahi dute”, berretsi du. Horretan atzera egin behar izan du Elizak, plataformak egindako presioaren ondorioz. Orain, berriz ere, meskita-katedrala da Kordobakoa. “Meskita izaera ukatuz, gure iragan arabiar-andaluziarra ezabatu nahi izan dute denon memoriatik”.
Ontzat jo du Santiagok Kordobakoa meskita-katedral gisa izendatu izana, berriz ere; beldur da, hala ere, aldaketa horrek bertzelako urratsik ez egitea justifikatzeko balioko ote duen. “Hasierako izendapena berreskuratu izana ongi dago, baina ez da nahikoa. Eraikin publikoa dela onartu behar du Elizak, eta kudeaketa partekatu”.
Elizaren jarrera gogor salatu du Santiagok, baina administrazioak ere meskita-katedralaren egungo egoeran ardura baduela nabarmendu du. “Erakunde publikoek ez dute deus egin eraikina herritarrei itzultzeko”. Ate guztiak jo dituzte plataformako kideek: arartekoarena, Andaluziako eta Espainiako parlamentuetakoak, bai eta Europakoarena ere. Baina ez dute, oraingoz, deus lortu.
Kudeaketaren esparruan administrazioak esku hartzeko aukera izan duela eta baduela erantsi du Santiagok, legeak halaxe jasotzen duelako: “Eskumen hori bazter utzi dute beti erakunde publikoek, ordea, Elizaren alde”. Bozeramaileak gaineratu du meskita-katedrala liturgiarako ere erabiltzen duela Elizak. “Ez dugu erran nahi erabilera hori bertan behera utzi behar denik, baina argi dugu Elizak ezin duela hori baliatu kudeaketa osoa bere esku hartzeko”.
Izan ere, meskita-katedralarekin lotutako jardueren %90 baino gehiago turismoaren ingurukoak dira, plataformako bozeramaileak nabarmendu duenez. Eta jarduera horren atzean, gainera, dirutza mugitzen da. “Elizak kudeatzen du jarduera hori; Elizak saltzen ditu eraikina bisitatzeko txartelak. Urtean 12-13 milioi euro jasotzen ditu, eta ez du inolako zergarik ordaintzen. Kordobako apezpikutzarentzat meskita da diru iturri nagusietako bat”. Eraikinean obrak egin behar izan direnean, berriz, administrazioak jarri du dirua.
Udalaren txostena
Elizaren aurkako borroka ez dela erraza argi du Miguel Santiagok. Onartu du baikor izateko arrazoi anitz ez duela. Aurrera jarraitzeko heldulekuak baditu, hala ere, nabarmendu duenez. Horietako bat da Kordobako Udalak berak joan den martxoan egindako txostena: “Idazkariak egin zuen, eta agerian utzi zuen Elizak ezin zuela eraikina bereganatu, meskita-katedralaren dimentsioak momentu jakin baten testuinguru historikoa gainditzen duelako”.
Udalak bertzelako urratsak eginen dituela espero du orain Santiagok. Izan ere, alkateak zerbitzu juridikoari eskatu dio txostena egin dezala. Noiz aurkeztuko duten zain dira plataformako kideak, baina laster izanen dela uste dute. “Gure eskaerak ontzat jotzen baditu, udalak batzorde tekniko-juridikoa osa dezala eskatuko dugu, epaitegian salaketa aurkeztu ahal izateko”. Aurrera egin nahi dute, “meskita itzuli arte”.
Argazkia: Y. Ballester