Kattalin Barber
Hiri eredua aldatzea du xede Alde Zaharra Arian-arian proiektuak. Horretarako, herritarrek 45 proposamen adostu dituzte, besteak beste, auzoa bizileku egokiagoa izateko, ibilgailuen presentzia mugatzeko, zarata bolumena eta kutsadura tasak murrizteko, garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta txirrindulari eta oinezkoen arteko bizikidetza errazteko.
Prozesu parte hartzailea jarri zuen martxan Iruñeko Udalak joan den irailean, eta bertan jasotako 782 proposamenak abiapuntutzat hartuta, eragile inplikatuen eztabaida lanaren ostean, adostutako 45 proposamen dira emaitza. “Hezkuntza Departamentuaren ondoan bizilagunentzat aparkaleku bat egitea, billabesak auzora gerturatzea eta Alde Zaharrerako ibilgailuen sarrera kontrolatzea adostu da, tartean”, adierazi du Ioar Cabodevilla arkitekto eta prozesuko kideak.
Prozesuaren lehenengo hiru faseak amaitu direla azaldu du Cabodevillak, eta, orain, Iruñeko Udalari dagokio Alde Zaharreko mugikortasun plana diseinatzea. Udaleko lantalde teknikoak proposamenak aztertuko ditu, eta kontuan izanen ditu auzoko mugikortasun proiektua diseinatzerakoan. Horren ondotik, proposamen berriak modu esperimental eta itzulgarrian abiaraziko dira. “Egiten duenaren arabera, ikusiko da prozesu parte hartzaileak garrantzia duen ala ez”.
Lau ardatzen inguruan lan egin dute prozesuan: zirkulazioa murriztu eta oinezkoei lehentasuna ematea, oinezkoen eta txirrindularien elkarbizitza, Alde Zaharrerako sarbide eta loturak, eta zamalanak.
Bertan parte hartu dute inplikatutako eragileek, ehun ekonomikoko eta elkarteetako ordezkariek, teknikariek eta herritarrek. Horrez gain, parte-hartze prozesua garatu eta dinamizatu du hirigintza arkitekto, soziologo eta komunikazio talde batek. “Lantaldeetan nahi genukeen baino pertsona gutxiagok parte hartu duten arren, haien inplikazioa eta parte hartzea oso positiboa izan da, elkarrizketak, elkar entzuteak eta kontrako ideiekiko begiruneak bideratu baitzuten lana”, dio Cabodevillak. Xedea izan da adostasunak eta desadostasunak bilatzea mugikortasunaren inguruan.
Irailean, 11.000 triptiko banatu zituzten Alde Zaharrean, eta 42 postontzi paratu zituzten proposamenak jasotzeko. Gainera, webguneko plataforman eta parte hartzeko egon diren lau kale dinamiketan auzoa hobetzeko ideiak jaso dira. Kale dinamiketan, guztira 200 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute; eta 192 proposamen egin dituzte.
“Prozesua guztiz positiboa izan da, eta parte hartu nahi izan duenak aukera izan du horretarako; hala ere, Iruñeko bizilagunok eta erakundeak ez gaude prozesu parte hartzaileetara ohituta, eta bide horretan zaila izan da”, dio Cabodevillak. Gutxika-gutxika herritarrak parte hartzera “ahaldunduko” direla uste du. “Orain, udalari dagokio arduratsu jokatzea. Parte hartu duten guztiek ikusi behar dute bere proposamenak balio izan duela”.
Cabodevillak aipatutako proposamenez gain, beste neurri batzuen artean, herritarrek adostu dute kale estuetan aparkatzea debekatzea, San Frantzisko kaleko espaloiak kentzea eta kalea oinezkoendako bihurtzea, tabernetako barrika eta mahai altuak kentzea, bizikletentzat udal aparkaleku seguruak, estaliak eta merkeak gaitzea eta bizikleten abiadura kontrolatzea, eta bizikleta modu egokian erabiltzeko kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak abian jartzea.
Auzo hobe baten alde
Prozesu parte hartzailea irailean abiatu bazen ere, joan den urteko azaroan du jatorria. Mugikortasunaren gaiak aspalditik kezkatzen ditu auzoko bizilagunak, kolektiboak eta ehun ekonomikoa. Orduan sortu zuten Alde Zaharreko hainbat bizilagunek AZ Ekimena, auzoko mugikortasuna hobetzeko asmoz. “Zer-nolako auzo eredua nahi dugu? galderaren harira hasi ginen antolatzen”, adierazi du Txetxu Alonso taldeko kideak. Eragile guztien interesa pizten duen gaia da, auzoan elkarbizitza hobetzeko gakoa baita. Alde Zaharreko “benetako erradiografia bat” egitea eskatu zioten Iruñeko Udalari, eta Arian-arian prozesu parte hartzailea izan da emaitza.
“Positiboa izan da eragile anitzek parte hartu dugulako bertan: banatzaileen ordezkariek, ostalaritzako ordezkariek eta Alde Zaharreko hainbat elkarte eta bizilagunek”, dio Alonsok. Cabodevillak bezala, udalarengan jarri du erantzukizuna: “Prozesua ez da bete beharrekoa. Beraz, zer eginen dute orain adostutako 45 proposamenekin?”. Ahal bezain pronto udalak 45 proposamenak aztertzea eta zein epetan zer eginen duen adieraztea exijitu du Alonsok. Iruñeko Udalak adierazi du proposamenak abiapuntu izanen direla lanean hasteko, baina horrek ez duela esan nahi nahitaez beteko dituztela.
“Alde Zaharreko trafikoa antolatzea eta murriztea beharrezkoa da”. Alde Zaharreko bizilagunak argi du udalak hartuko dituen erabakiak ez direla inplikatutako eragile guztien gustukoak izanen, baina amore eman beharko dutela. Halaber, udalari eskatu dio, neurriak hartzeko garaian, informazioa zabaltzeko kanpaina egin dezala: “Aldaketak beti dira zailak, kostatzen da joerak aldatzea, eta bizilagunok informazioa behar dugu”. Lehen urratsa egin dute; eta Alde Zaharra norabide berri bati begira dago.