Herria “utzita” dagoela salatu du Aupa Garinoainek

2011n DNE Derecha Navarra y Española Garinoaingo udal gobernura iritsi zenetik herria “utzita” dagoela salatu zuen Aupa Garinoain plataformak, Nafarroako Parlamentuan asteartean egindako agerraldian. Alde horretatik, guztien artean egoerari irtenbidea aurkitzen laguntzeko eskatu dute Aupa Garinoain plataformako ordezkariek.

Carlos Sola Aupa Garinoain plataformako kideak gogorarazi duenez, Derecha Navarra y Española alderdiak aldeko hemezortzi boto lortuta erdietsi zuen udal gobernua. Argi utzi du alderdi politiko horrek ez duela ordezkatzen Garinoaingo herritarren gehiengoa — 305 lagunek zuri bozkatu zuten—. “Guztion artean irtenbidea aurkitu behar diogu honi, Garionainek herritar guztiak ordezkatzen dituen udal gobernua izan dezan”, azaldu du Solak.

Duela zenbait hilabete, Derecha Navarra y Españolako zazpi zinegotzietatik lauk dimisioa eman zuten. “Ordutik, udala garun-heriotza egoeran dago”, dio Solak. Martxotik, udal gobernua hiru lagunek soilik osatu dute: Javier Etxarri alkateak eta Jaime Fernandez eta Alfonso Gil zinegotziek. Azken biak Alternativa Española alderdiko kideak dira, eta Madrilen bizi dira.

Hala ere, asteartean jakin zenez, datozen egunetan bi zinegotzi berrik osatuko dute Garinoaingo udal gobernua. Bi hautetsi berriak Jose Andres Valencia eta Miguel Laspalas dira. Valencia pasa den udal hauteskundeetan Derecha Navarra y Españolako zerrendaburu izan zen Lizarrako udal bozetan, eta hirugarren Lukingoetan. Laspalas, berriz, hirugarren postuan aurkeztu zen DNEko Lizarrarako alkatetzarako zerrendan, eta bigarren Lukingoetan.

Irtenbiderik, apenas

Dozenaka ekinaldi egin ditu Aupa Garinoain plataformak jakinarazteko DNE alderdi politikoak ez dituela ordezkatzen Garinoaingo herritarrak: elkarretaratzeak, manifestazioak… Hala ere, Nieves Cipres buru den alderdiak behin eta berriz nabarmendu du udal gobernua beren esku izateko “zilegitasun osoa” dutela.

Parlamentuan egoerari aterabide errazik ezin zaiola aurkitu jakinarazi zuten hainbat alderdi politikotako ordezkariek. Maria del Carmen Otxoa PSNko parlamentariak, esaterako, jakinarazi zien plataformako kideei parlamentuak ez duela inolako arma politikorik Garinoaingo egoera indargabetzeko. Hala, heldu den udal hauteskundeetan hautagaitza aurkeztera gonbidatu zituen Aupa Garinoaingo kideak. Bestalde, Victor Rubio Bilduko parlamentaria DNEren aurkako mozioak aurkezteko eta presioa egiteko prest agertu zen. Alde horretatik, Xabi Lasa Aralarreko parlamentariak udalak egiten duena gertutik zaintzea proposatu zuen.