UPNk eremu laranja ezarriko du sanferminetan

Lehenengo aldiz, Iruñeko aurtengo sanferminetan ordaindu egin beharko da hirian autoa aparkatzeagatik. Hori adierazi zuen UPNk iragan astelehenean Sanferminetako Mahaian. Maiatzaren 30ean izanen dute hurrengo bilera, eta bertan eztabaidatuko dute gaia. Hala ere, adierazi dutenez, UPNk erabakia hartua du dagoeneko. Ignacio Polo UPNko Herritar Segurtasuneko zinegotziak eman du horren berri, baina ez du zehaztu Iruñeko auzo guztietan edo soilik batzuetan jarriko duten. Polok argi esan du sanferminetan eremu laranja izanen dela, baina, ordaintzeko txartela ez dela bi orduan behin aldatu behar eta egun osoan utz daitezkeela autoak aparkalekuan.

UPNko kideak adierazi duenez, sanferminetan eremu laranjak sortuko dituen arazoei irtenbideak emateko, hiri barneko garraio publikoa sustatuko dute, sanferminetan zerbitzu gehiago emanez. Hiriko sarreretan dauden doako aparkalekuak eta erdigunea lotu nahi dituzte horrela. Gainera, autoa erdibitzaileetan uztea debekatuko dute. Dena den, Polok ez ditu guztiz azaldu eremu laranja ezartzearen nondik norakoak, eta hilaren 30eko Sanferminetako Mahaian zehaztuko du gehiago.

Joan den maiatzaren 1ean ezarri zuen udalak eremu laranja Donibanen, Arrosadian, Azpilagañan, Ermitagañan eta Etxabakoitzen. Hortaz, egun, ia Iruñe osoan dago Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamendua zerbitzua (TAO).

Sanferminetan eremu laranja ezartzeaz gain, UPNk adierazi du altzairuzko zutoin bat jarriko dutela itxituran, entzierroan hildako guztien omenez. Sanferminetako Mahaia 2008. urtean sortu zuten, eta, besteak beste, entzierroaz, kultur programazioaz eta kaleko kontuez arduratzen dira. Udaleko alderdiek eta hainbat elkartek eta entitatek osatzen dute; besteak beste, Gazteriaren Kontseilua, Euskal Dantzarien Biltzarra eta Alde Zaharreko Merkatarien elkartea.

Herri jaiak

Gora Iruñea taldeak ere pauso batzuk eman ditu sanferminetako herri mahaia sortzeko. Iruñerriko herritarrekin eta hainbat talderekin bildu dira, herri jai parte hartzaileen alde. Taldeak “ezinbestekoa” ikusten du Iruñeko sanferminetan “benetako mahaia” osatzea, erakundeek eta herritarrek antolatuko dutena. Hori da, beraz, hurrengo urteetarako egitasmoaren helburuetako bat.

Gainera, UPNk izan ezik, Iruñeko Udaleko alderdi guztiek mozioa aurkeztu dute aurten Gora Iruñea taldeak sanferminetan gune bat izateko, eta UPNri eskatu diote leku bat uzteko. Urtez urte sanferminak ospatzeko Iruñeko Udalak ez dio utzi inolako gunerik Gora Iruñeari, eta horren kexu dira.