Kattalin Barber
Festa, Rustica, Stratia eta Antonia II. mendeko Pompaelo hiri baskoi eta erromatarraren hasierako une gorenak ezagutu zituzten lau emakume iruindar izan ziren. Izen horiek ez ditu ahanzturak hartu, eta hilarri batean zizelkatuta gelditu dira, betiko. Hilarria aurkitu, eta haren kopia bat jarri du Iruñeko Udalak Andre Maria Erreginaren plazan. Hiriko historiaren barnean ezagutzen diren lehen emakumeak dira, eta historia hori ezagutzera eman nahi du hiriak, orain, berriz ere kalean den hilarriaren bitartez.
Historialaria eta GITE elkarteko kidea da Ana Diez de Ure. Hiriko historian emakumeek izan duten presentzia ikertu du hainbat lanen bidez. Horietako bat da 1998. urtean argitaratutako Ellas, las mujeres en la historia de Pamplona (Haiek, emakumeak Iruñeko historian) liburua, Sonia Pinillos, Silvia Fernandez eta Paco Rodarekin elkarlanean ondua.
Iruñeko historiako emakumeen berri jasotzen du argitalpen horrek, eta bertan agertzen da aipatua II. mendeko hilarria. Nafarroako Monumentuen Batzordeko buletin batean jakin izan zuten hilarriaren berri liburuaren egileek: “Festa, Rustica eta Stratonice izenak agertzen ziren bertan, eta horrela argitaratu genuen liburuan. Datu gutxi zeuden, orduan”.
Buletinean jarraian adierazten zenez, hilarria 1895. urteko urriaren 17an aurkitu zuten Iruñeko Nabarreria kalean, baina baliteke hasiera batean erromatar hiriaren hegoaldeko nekropolian egon izana, Merced, Telleria eta Labrit kaleen artean, hain zuzen ere. “Ibiltaria izan da hilarria. Iruñeko hainbat lekutan egon ostean, hasierako tokira itzuli da, azkenean”, azaldu du Diez de Ure historialariak.
Aurrerago bisitatu zuten Iruñeko Artxiboak Cordovillan duen biltegia, eta han aurkitu zuten Iruñean ezagutu diren lehen emakume izenak jasotzen dituen II. mendeko hilarria, hain justu. “Sorpresa ikaragarria izan zen guretzat, eta pentsatu genuen ideia ezin hobea zela hilarria jendaurrean erakustea, eta zegoen tokira itzultzea”.
Diez de Urerekin batera, Jesus Sesma arkeologoa, Javier Velaza epigrafista, Paco Roda historialaria, Jose Ignacio Alfonso arkitektoa eta Pilar Mayo Iruñeko Udaleko Berdintasunerako teknikaria aritu dira lanean. “Elkarren eskutik aritu gara proiektu hau garatzeko lanean, eta emaitza oso polita izan da”.
Horrez gain, ikerketak beste urrats bat egin zuen: ordura arte pentsatzen zuten hiru emakumeren izenak agertzen zirela harrian, baina Javier Velaza adituak egindako ikerketaren bidez jakin izan zuten lau emakumeren izenak zizelkaturik zeudela: Festa, Rustica, Stratia eta Antonia.
Alde guztietatik begiratuta, historia “bitxia” iruditzen zaio Diez de Ureri: “Bitxia da bigarren mendeko hilarri batean emakumeen izenak agertzea, ez da ohikoena izaten. Gainera, Iruñean bakarrik hiru hilarri agertu dira, eta hau da handiena”. Joan den urteko abenduan, ikerketa taldearen ametsa egia bihurtu zen. Abenduaren 15ean inaugurazio eta gorazarre ekitaldia egin zuten Andre Maria Erreginaren plazan. Biola musika eta bertsoak egon ziren antzinako lau emakumeen omenez. “Ekitaldi polita izan zen, eta emakume gazteek parte hartu zuten. Ekintza hauen bidez, emakumeen genealogia osatzen ari gara: gu gara oraingoak; etorkizunean izanen gara, baina lehen ere izanak gara. Hilarri honekin gure genealogia publiko egin nahi dugu”.
Ia bi mila urte dituzte izen horiek, eta ezer gutxi jakin daiteke haiei buruz. “Argi dago beste emakume batzuk egon zirela aurretik, baina lau hauek beren izenak utzi zituzten harrian zizelkaturik”. Familia dirudun bateko emakumeak zirela uste du historialariak: “Badirudi Festa eta Rustica ahizpak zirela; Stratia ere izan daiteke, eta Antonia neba baten emaztea edo ama izan daiteke”. Zalantza da nagusi, baina Diez de Urek dio horrek ez diola interesik kentzen hilarriari. Izenen jatorriei dagokienez, “erromatarrak baina ez-ortodoxoak” direla jakinarazi du.
Festak eta Rusticak ordaindu zuten hilarria, beste bi emakumeak omendu nahian. “Ez dugu oso garbi zergatik, eta, hilarriak mundu oso bat argitu gabe uzten badu ere, kontu oso polita da”. II. mendeko emakume gutxik zuten dirua hilarri bat ordaintzeko.
Izenak, kalera
“Iruñea Erromatar garaiko hiria da, baina ezer gutxi dakigu haren sorrerari buruz”. Nolako hiria zen irudikatu du Diez de Urek. Azoka txikia zuen Iruñeak, eta Mañuetan eta Gaztelu plazan bainu etxeak zeuden. Giro horretan imajinatu ditu Festa, Rustica, Stratia eta Antonia. Inperioko hiri txiki haren eguneroko bizimoduan egiten ziren ekitaldietan parte hartzen.
Iruñeko Alde Zaharrean jarritako hilarriaren bidez, emakumeon presentzia eta haien ekarpena berreskuratu nahi izan dute. Iruñeko Udalak konpromisoa hartu du hiriaren memoria historikoari eusteko, eta asmo horri erantzuten dio hilarriaren kopia jarri izanak. Historiaren parte diren baina ezkutuan dauden emakumeen izen eta abizenak aurkitzeko lanean ari da udala, gainera. “Emakumeen kale izenak jarri nahi dituzte, emakumeen historia ez baita islatzen kaleetan”.
Diez de Urek uste du garrantzia duela kale izenetan emakumeak agertzeak, horrek eragina duelako hiriko memoria sozialean eta heziketan. II. mendeko garai horietan, emakumeek Iruñean presentzia izanen zutela uste du, oraindik ere horietako askok ezkutuan jarraitu arren. “Hilarria abiapuntu izan da. Izanen dira omenaldi gehiago Iruñeko emakumeentzat”.