Elkarri musuka ari zirela bi mutil jipoitu dituzte Iruñeko Ziudadelan

Kattalingorri Nafarroako Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen elkarteak gogor kritikatu du joan den apirilaren 6an bi mutilek, elkarri musuka ari zirela, Iruñeko Ziudadelako Gaztelugibela eremuan jasandako erasoa. Kattalingorrik jakinarazi duenez, erasoa fisikoa eta hitzezkoa izan zen.

Antza denez, 18 urteko bi gazteei, musuka ari zirela, 16 eta 19 urte arteko hiru mutil oldartu zitzaizkien. Erasoaren ostean, bi gazteek osasun zerbitzuetara joan behar izan zuten jasandako zauriak sendatzera. Kattalingorrik bere oharrean jasotzen duenez, bi gazte horiek izango dituzten zauri psikologikoak fisikoak baino are larriagoak izan daitezke. “Ekintza bortitz eta zital horrek segurtasun falta eta ezintasun sentimendua ekarri die, modu horretan adinez nagusi diren bi pertsonaren askatasuna eragotzi eta mugatu delako”.

Horrez gain, Kattalingorri taldeak azaldu du eskubideei dagokienez aurrerapauso handiak eman diren arren gizarteko zati “handi” batek duen jarrerak bestelako errealitatea erakusten duela: “Iruñea lasaia eta segurua da, baina hemen ere eraso homofoboak izaten dira”.

Hala, desiraren, sexu orientazioaren edota genero identitatearen aurrean “tolerantziatik errespetura” igarotzeko eskatu du Kattalingorri taldeak.