Orbaibarko dozenaka udalek babesa adierazi diote Aupa Garinoain taldeari

2011ko azarotik DNE Derecha Navarra y Española alderdiaren esku dago Garinoaingo alkatetza. Eskuin muturreko alderdi politiko horrek aldeko hemezortzi botoren bitartez erdietsi zuen udal gobernua —305 boto zuriak izan ziren—. Orain, Orbaibarko udal eta hautetsiek Garinoaingo herritarrei babesa adierazteko manifestua sinatu dute.

Iragan igandean kaleratu zuten manifestua, eta dagoeneko 137 hautetsi eta hautetsi ohik sinatu dute; jakinarazi dutenez, Orbaibarko udalerri guztietan aurkezteko asmoa dute. Izan ere, manifestua sinatu dutenen irudiko, “DNE Garinoaingo herritarren borondatearen aurka dago udal gobernuan”. Gainera, esan dute DNEko kideek ez dutela Garinoain gobernatzen, baizik eta euren ideologia partidista inposatu nahi dutela. Horrez gain, jakinarazi dute uko egingo diotela Nieves Cipres buru den alderdiarekin elkarlanean aritzeari.

2011ko azaroaren 20tik giro nahasia izan da Garinoainen. Herritarren gehiengoak Aupa Garinoain plataformaren bitartez jakinarazi du udal gobernuak ez duela herria gobernatzeko “zilegitasunik”. Izan ere, uste dute alderdi horrek ez zuela gobernatzeko nahikoa babes lortu jasotako hemezortzi botoekin.

Zilegitasuna kolokan egoteaz gainera, joan den hilabete amaieran, udalerrian dauden zazpi zinegotzietatik lauk dimisioa eman zuten. Felix Ortegak, Jose Manuel Berruezok, Wifredo Recaldek eta Luis Miguel Beaumontek utzi diote zinegotzi izateari. Beraz, Jose Javier Etxarri alkateaz gain beste bi zinegotzi besterik ez daude herrian. Aupa Garinoain plataformak positibotzat jo du dimisioen albistea, azken urte eta erdian egindako lanaren fruitu delako.